NAIZ
BILBO

Kai Nakai-k bere lehen diskoa aurkeztu du, ‘Baimenik gabe’

Iratxe Aguilerak Durangoko Azokan II. Sormen beka irabazi zuen iaz eta grabaketa lanak amaituta bere lehen diskoa aurkeztu du, ‘Baimenik gabe’. Apurtzailea da: euskaraz egiten du reaggetona eta bere letrek genero rolak haustea dute xede. Ahalduntzea bilatzen du.

Iratxe Aguilera musikariak bere lehen diskoa aurkeztu du, ‘Baimenik gabe’. (Endika PORTILLO I FOKU)
Iratxe Aguilera musikariak bere lehen diskoa aurkeztu du, ‘Baimenik gabe’. (Endika PORTILLO I FOKU)

Iratxe Aguilerak bere proiektua Durangoko II. Sormen Bekara aurkeztu zuen iaz eta irabazi egin zuen. Reaggeton-a egiten du, euskaraz. Emakumea da, gaztea, tradizioz gizonezkoena den musika generoan. Letren bidez genero rolen apurketa bilatzen du, ahalduntzea bilatzen du, askatasuna aldarrikatzen du, mota guztietako harremanak bizitzeko eskubidea.

Itxialdiaren lehen egun haietan aurkeztu zuen gasteiztarrak argitaratu zuen lehen singlea, ‘Kolpe’; orain, grabaketa eta ekoizpen lanak amaituta, astelehen honetan Bilbon aurkeztu du diskoa: ‘Baimenik gabe’. Izenburuak dituen asmoak iradokitzen ditu. Euskaraz reggaetoia bezalako erritmo «berritzaileak» proposatzen ditu eta bertan «Kai Nakai ezagutzera ematen da bat baino gehiago identifikatuta sentituko den esperientzia bat eskainiz: genero-rolei aurre egitea, ahalduntzea, mota guztietako harremanak bizitzea, baita handinahia izatea eta arrakasta lortzea ere», adierazi dute aurkezpen ekitaldian.

Disko honen bidez, gasteiztarrak genero musikal hau euskaraz egitea defendatzen du, «gazteei gustatzen zaiela eta Euskal Herrian hutsune bat» dagoela erakutsi nahi du. «Bestalde, genero honek berarekin dakartzan estereotipo guztiei aurre egin nahi die, kolektibo bakar bat ere baztertzen ez duten letrak eginez eta matxista ez den reggaetoia egin daitekeela erakutsiz». Bilbon musikariak berak aldarrikatu duenez, emakumeek ere reggaeton-a egin dezakete betidanik gizonek osatutako generoa izan baita. Aguilerak «askatasunez eta taburik gabe» adierazten du.

‘Baimenik Gabe’ bederatzi abestik osatzen dute eta  dantzarako zein aldarrikapenerako letrak ditu, baita ukitu intimoagoa dutenak ere, aurreratu dutenez. Kantu hauen artean Dupla, Xsakara, STR eta Mikel Urdangarin bezalako musikariekin egindako elkarlanak topa daitezke. Gasteizko gazteak genero hau «mugitzen» ari dela eta gero eta talde gehiago daudela ikusarazi nahi izan du, baina bere musika belaunaldi guztien gozamenerako dela ere ikustaraztea nahi du.

Adibide gisa jarri dute diskoari sarrera ematen dion abestia, ‘Denboraren Atea’. Gaur egun desagertuta dagoen Arabako euskalki batean abestutako abesti honek XVIII. mendeko Juan Bautista Gamizen koplak biltzen ditu, non garai hartako mutil gazte batek Kai Nakai gorteiatu nahi duen, 2020ko egungo emakumea, eta hizkuntza bera hitz egiten duten arren, ez dute elkar ulertzen. «Mutilaren buru klasikoaren eta Kai Nakai-ren pentsamolde propio eta ahaldunduaren arteko kontrasteak denboran zehar bidaiatzeko aukera ematen digu, gure lurretan lehen hitz egiten zen euskara estimatzeko eta emakumeok lortu dugun boterea eta lortzeko dagoena ikusteko».

Abenduaren 4an, diskoa aurkezteaz gain, Kai Nakaik bere aurkezpen kontzertua emango du, eta bertan Maria Roca eta Ane Perez dantzariek eta Anbrok DJak osatutako talde berria ezagutzera emango du.

Iratxe Aguilerak Tamara Moreno (Aravecia) diseinatzailearekin lan egin du eta Julen de la Serna zuzendari eta errealizadorearekin aritu da ‘Kolpe’, ‘Emoiztazu bihotz’ eta ‘Ez dakit’ abestietako bideoklipak egiteko. Letretan Jon Maia izan du bidelagun. Musikaren arloan Koldo Uriarte, David Juarez eta Antton Aranburu batu dira proiektura.