NAIZ

Ibon Aranberriren ‘Zulo beltzen geometria’ eskuratu du Arte Ederren Museoak

‘Zulo beltzen geometria (Geometry of the black holes)’ 2019an sortu zen, Ibon Aranberrik 2003an egindako ekintza baten ondorioz. Bilboko Arte Ederren museoak eskuratu du obra eta hall-ean jarri du ikusgai.

Ibon Aranberriren ‘Zulo beltzen geometria’ Arte Ederren museoan dago ikusgai. (NAIZ)
Ibon Aranberriren ‘Zulo beltzen geometria’ Arte Ederren museoan dago ikusgai. (NAIZ)

Bilboko Arte Ederren museoak Ibon Aranberriren (Itziar, 1969) ‘Zulo beltzen geometria (Geometry of the black holes)’ obra eskuratu berri du. Nazioarte mailan entzute handienetakoa duen euskal artista da Aranberri eta, museotik azaldu dutenez, obra lehen aldiz dago jendaurrean ikusgai, museoko hall-ean.

Altzairuzko moduluek osatzen duten pieza honek Historiaurreko leize-zulo batean artistak egindako esku-hartzea du abiaburu. Proiektuak ‘zuloa’ izena hartu zuen, hain zuzen, leize-zulo horri karta arkeologikoetan esleitutako kode zientifikoari dagokion izena. Land art mugimendutik hurbil dagoen lana izan zen: leize-lorako sarbidea egitura modular lau eta opaku batekin itxi zuen —6 metroko diametro osoa zuena—, prozesu luze baten ondorioz, zeinean, aldi baterako hirigunetik urrunduz, Aranberrik hurbileko geografiako Historiaurreko leize-zuloak aztertu zituen.

Itxitura horren siluetak haitzuloaren ahoaren morfologia zehatza erreproduzitzen zuen, eta haren azalean zuloak eta hutsuneak irekitzen ziren, bertan bizi ziren edo babeslekua zuten espezieek sartu-irtenak egiteko. Itxitura horren ondorioz, pertsonek ez zuten leize-zuloaren espaziora sartzerik izan —ezta, beraz, haren esanahi sinbolikora ere—, beheko aldeko sistema baten bidez izan ezik, sistema hori ex profeso artikulatu baitzen, behar zenerako. Osagai metaliko guztiek gainazaleko tratamendua jaso zuten orduan, korrosioa saihesteko eta bisualki mimetizatzen zuen islen kontrako efektu opakoa sortzeko.

«Horrenbestez, Aranberriren lanak espero zitekeenaren kontrakoa egin zuen, konnotazio handiko leku bat monumentalizatzea baitzen espero zitekeena, eta, horren ordez, leizea espazio itxi, irisgaitz eta ezkutu bilakatu zuen», nabarmendu dute museotik.

Esanahiz betetako leku horretan esku hartzean, ez zuen paisaia zaindu nahi; aitzitik, «birkodetu» egin nahi zuen. Artistak berak orduan azaltzen zuenez, ekintza artistiko hori «tokiko kulturaren irudimenezko arketipoekin lotzen da, non tradizio erromantikoak jarraitzen baitu Historiaurrea jatorrizko mito handi gisa irudikatzen. Identitate kolektiboaren definizioak oinarri sendoa hartu du lurraldearen ideian, zeinean paisaiak agertoki sinbolikoa eratzen duen».

Ia bi hamarkada geroago, Aranberrik proposatu zuen eraikina desmuntatzea eta leize-zuloaren sarrera bere egoera naturalera lehengoratzea, «askapen» moduko baten gisa. Orain, Arte Ederren museoan dago ikusgai.