Oihane Irazu
ZORNOTZA
Elkarrizketa
Maialen Arteaga
Zornotzako Suhaziak feminista gazteen taldea

«Normaltasuna lehengoa bada, ez dugu normaltasunera itzuli nahi»

Maialen Arteagak, 22 urteko gazteak, uste du hezkuntza feministak lagundu dezakeela emakumeek egunero jasaten dituzten indarkeria keinu asko saihesten, beldurragatik, desinformazioagatik edo pasibotasunagatik argitara ateratzen ez direnak.

Maialen Arteaga.
Maialen Arteaga.

Suhaziak, Zornotzako feminista gazteen taldea, zergatik sortu zen?
Hain urte kaotikoa izan den 2020ko martxoaren 8an sortu zen. Egia da herrian talde feminista bat badagoela, baina sarritan joaten ginen batzuk konturatu ginen neska gazteek beste espazio bat behar zutela, ez zirela kokatuta sentitzen; hau da, ez zituela haien beharrak betetzen (sexu-abusuak tabernetan, sare sozialen bidez, mikromatxismoak bikote gazteetan). Beste mota bateko indarkeriaz hitz egiten zuten; jakina, indarkeria-mota horren aurka borrokatu behar da, baina uste dugu talde gazte bat behar genuela emakumeek 13 eta 30 urte bitartean jasaten duten indarkeriaz eztabaidatzeko.

Horregatik, talde hau sortu genuen elkar laguntzeko asmoz, eta konturatu ginen uste baino gehiago lagundu genuela, baina, batez ere, konturatu ginen uste baino indarkeria gehiago dagoela. Deseskalatzea hasi zenean, eta tabernek ordu jakin batera arte irekitzen zutenean, festa, alkohola eta batzuek barruan zuten matxismoaren eraginez, asteburuero, igandeetan batez ere, gazte askok gure taldera jo zuten, gazte horien sexu-abusuak salatzeko.

Hainbat gairi buruz hausnartzen hasi ginen. Eta, egia esan, oso gustura. Etorriko zirenik uste ez genuen herriko neskak etortzen hasi dira.

Diozunez, konfinamenduaren ondoren, eta tabernak irekitzearekin batera, indarkeria hainbeste larriagotu zen Zornotzan, ezen astero neskaren batek laguntza eskatzen zizuen.
Ba bai. Hain herri txikian izandako eraso horien ondoren, guk hausnarketa asko egin ditugu, eta ondorioztatu dugu asko kostatzen zaigula zerbait egitea erasotzailea laguna denean. Guretzat ere oso garrantzitsua da mutilek posizionatzeko duten papera. Hau da, zure lagunak taberna batean neska bati erasotzen badio, zuk neskaren alde jarri behar duzu, eta hori ez da gertatu gehienetan udako gauetan Zornotzako kaleetan.

Zer transmititzen dizue genero indarkeriaren izozmendiaren irudiak?
Izozmendiaren teoria bisualki oso ona da, gaur egungo gizartea islatzen duelako. Egia esan, gaur egun inor ez zaizu gauza batzuen aurka jarriko; esaterako, soldata-arrakalaren edo indarkeria fisikoaren aurka, eta ez dizute jada ukatzen. Baina oraindik lan handia dago egiteko. Mikromatxismo terminoak asko moskeatzen nau, mikro hauek sistema sostengatzen baitute. Zergatik dira mikroak? Aurpegian markarik ez dutelako? Bada, ez, mikromatxismo horiek ere indarkeria dira. Eskotea eramateagatik epaitzen naute, gauza askorengatik epaitzen naute, eta indarkeria horiek dira sistema eusten dutenak. Gure ustez, sistema heteropatriarkala da arazoa. Gakoa sistema goitik behera aldatzea da, eta horretarako emakumeok lehen planoan jarri behar dugu. Indarkeria zer den definitzea... indarkeria ez da jipoia bakarrik, emakumeok jaiotzen garenetik daramagun zama da; konstituzioa zure alde ez egotea, zure bortxatzailea libre ateratzea, sortzaile maskulinoak ikastea, zure amak ontziak garbitzea eta zure aitak ez... Indarkeria hor hasten da, eta ez gara konturatzen. Maila pertsonalean, erasotzaileek zigorgabetasun izugarria dute. Eta herri txikietan ez dizut kontatu ere egin nahi.

Zein da izozmendiaren behealdean hasten den matxismoari aurre egiteko gakoa?
Argi dago lehenik kontzientziazioa dela, guztiok, egia esan, askotan jarrera matxistak izaten ditugulako. Orduan ez dago feminista puritanorik, denok matxismoan hezi baikara, baina gakoa kontzientzia irabaztea da, eta konturatzea dauzkagun jarrera eta pentsamendu asko hezi garen sistemagatik direla. Baina gakoa modu autodidakta batean ikastea dela uste dugu, militantzia feminista beharrezkoa dela uste dugu horri aurre egiteko. Mugimendu feministak bere inguru osoa feminista bihurtzea du helburu.

Bestalde, uste dugu erasotzailea lagun bat izan daitekeela ere jakin behar dugula, hortik ere hasten baita. Normaltasunaz asko hitz egiten digute, baina normaltasuna lehengoa bada ez dugu normaltasunera itzuli nahi. Normaltasun hori hautsi nahi dugu. Normaltasuna desnormalizatu nahi dugu.

Feminismoari buruz desinformazio handia dago. Gu elkartzen hasi garenetik, mutil asko iraintzen hasi zaizkigu. Neska batzuk elkartzen direla ikusten dutenean, eta erasotzaileez hitz egiten hasten direnean, pribilegioak dituztenak haserre sentitzen dira. Denetarik deitu digute, askoz gehiago eraso digute, baina elkar babesten dugu eta ez gaituzte kikilduko. Horregatik esaten dizut desinformazio handia dagoela, eta gure betebeharra da emakume guztiak informatzera eta gurekin bat egitera animatzea.