Ia 260 kultur jarduera Gipuzkoan eta Bizkaian Ondarearen Europako Jardunaldietan

Data

23.09.30 - 23.10.31

Lekua

Bizkaia - Artzentales

Egitaraua astelehen honetan jakinarazi da.
Gipuzkoako egitaraua astelehen honetan jakinarazi da. (GIPUZKOAKO FORU DIPUTAZIOA)

Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. edizioan 107 egitasmo prestatu dira Gipuzkoan eta beste 150 kultura jarduera baino gehiago eskainiko dira Bizkaian. Gipuzkoan 33 udalerritara iritsiko dira eta Bizkaiaren kasuan 70 udalerritara.

Astelehen honetan Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura diputatuak aurkeztu du ‘Ondarea bizirik! Patrimonio vivo’ Ondarearen Europako Jardunaldien VIII. edizioa, aurtengo jardunaldien zenbait antolatzailerekin batera: Sara Azurza Eskisabel, Euskal Itsas Museoko komunikazio arduraduna eta abeslaria, Agurtzane Elustondo Lenbur Fundazioko zuzendaria eta Ramon Garcia, Jantziaren Zentroko zuzendaria.

Astearte honetan abiatuko da egitaraua. Eskainiko diren jarduerek gure ondarea bizirik mantentzeko askotariko moduak aztertuko dituzte: artisau lanbideak, kontserbazio eta babes teknikak, ondarea zaintzen duten komunitateak eta, batez ere, transmisioa, eragiten duena gure hizkuntza, tradizio, jai, kirol eta ospakizunek oraindik ere espazio nabarmena izatea gure herri eta hirien egunerokotasunean.

Jarduera programa hau 50 eragile baino gehiagoren lanaren emaitza da, bat egin baitute Gipuzkoako Foru Aldundiak ekitaldi bana antolatzeko luzatutako deiarekin. Ekitaldien xede nagusia izango da herrialdeko ondare garrantzitsua ezagutaraztea, transmisioan jarrita arreta. Hainbat gai jorratuko dira: desagertzear dauden lanbideak; joko, ohitura edo dantzak berreskuratzea; artisautza; dokumentuak eta artelanak kontserbatzea…

Ekitaldien artean izango dira kontzertuak, erakusketak, bisita komentatuak, tailerrak, hitzaldiak edo scape roomak.Parte hartzaileek aukera izango dute gure lurraldeko ondare bizia ezagutzeko bisita komentatu dinamikoen bidez, gure iraganean desagertutako praktiken berri izateko eta Ondarearen Europako Jardunaldien harira ateak zabaltzen dituzten zenbait leku ezagutzeko.

«Aurtengo Jardunaldien helburua da gure ondarea bizirik mantentzeko moduak aztertzea, dela artisau-lanbideen bidez, dela kontserbazio- eta zaintza-tekniken bidez, dela hura zaintzen duten komunitateei esker, eta, batez ere, gure hizkuntzak, tradizioek, festek, kirolek eta ospakizunek leku nagusi izaten jarraitzen duten transmisioari esker», adierazi du Alvarezek.

Ekitaldi sorta webgunean aurki daiteke.

Bizkaian, martxan

Bizkaian joan den asteburuan hasi ziren ekitaldiak. Edizio honen helburu nagusia da ohiturei, ahozko adierazpenei, usteei, jaiei, sukaldaritza arteei, errituei, ogibideei, artisautza teknikei, dantzei, musikari eta jolasei lotutako kultura ondarearen balioa azpimarratzea, lurraldearen nortasunaren parte baitira, eta bizirik iraun dezaten, zaindu eta babestu egin behar baitira.

Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak aurkezpenean nabarmendu zuenez, jardunaldi hauek aukera paregabea eskainiko dute Bizkaiak duen ondare kulturalaren parte diren adierazpen kultural ugari eta baliotsuez gozatzeko, zabaltzeko eta birsortzeko. «Ospakizuna aukera bikaina da Bizkaiko kultur ondare ez-material aberatsa nabarmentzeko eta zaintzeko», adierazi zuen.

Diputatuak antolatzaileen lana goraipatu zuen. «Jardunaldiak Bizkaian, Europa mailan erreferente dira eta hori antolatzaileen aniztasuna, ugaritasuna eta inplikazioa programaren ezaugarrietariko bat dalako da. Antolatzaileak programaren oinarria direla esan beharra dago, eurek asmatu eta antolatzen dute programa Aldundiren gidaritzapean», esan zuen.

Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agenda kontsultatu eta erreserbak egin daitezke online webgunean.

Bizkaian egingo diren Ondarearen Europako Jardunaldietan, ondare inmateriala osatzen duten bost eremuetako hainbat ekitaldi eskainiko dira: Ahozko Tradizioak eta Adierazpenak, Ikuskizunen Arteak, Gizarte Erabilerak, Erritualak eta Jaiak, Naturarekin eta Unibertsoarekin lotutako Ezagutzak eta Erabilerak, eta Artisautza Teknika Tradizionalak.

 

Kokapena

San Migel Plaza
San Migel Plaza
Artzentales. Bizkaia