155 lan aurkeztuko dira Biarritzeko Fipadoc dokumentalen jaialdian

Data

21.06.12 - 21.06.17

Lekua

Lapurdi - Biarritz

Cartel del certamen. (NAIZ)

Biarritzeko Fipadoc dokumentalen jaialdia larunbat honetan hasi eta hilaren 17a bitartean egingo da. Joan den urtarrilaren 18 eta 24a arterako aurreikusita zegoen, baina osasun neurriak direla eta gibelatu egin behar izan da. 35 herrialdetako 155 lan aurkeztuko dira.

Urtarrilean antolatzaileek jaialdiaren aurkezpena egin zutelarik, aurreikusitako datetan ezin izanen zela egin jakinaraztearekin batera, martxoan egin ahal izanen zutela baieztatu zuten. Baina osasun neurriak direla eta maiatzaren 19ra arte ezin izanen dira zinema aretoak, antzokiak eta museoak ireki, hori dela eta festibala ekainean ospatzea deliberatu dute.

«Fipadoceko taldeak 2021eko edizioa aretoetan, eta udaberria bukatu aitzin eginen zela hitzeman» zuela oroitarazi dute antolatzaileek, eta horrela izanen da. Lehen mementutik ekitaldia online egitea baztertu zutela adierazi zuen Anne Georget presidenteak: «Oximoron bat izanen litzateke, eta garrantzitsuena obrak aretoetan aurkeztea da».

Estilo, luzera eta jatorri ezberdinetako 155 dokumental aurkeztuko dira. Euskal Herriko eta euskaraz egindako bat ere izanen da: Josu Martinez eta Txaber Larreategiren ‘Caminho longe’.

Zinemaldiko Zinemira atalean hautatu dokumentala urtarrilean estreinatu zen Hego Euskal Herriko aretoetan, eta Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak eta bere bikotekidea den Kristiane Etxaluzek Sao Tomen 33 urteko deportazioa ezagutu eta gero, Euskal Herrira itzultzeko egiten duten bidaia kontatzen du.

Sari banaketa ekainaren 16an eginen da, eta saridunak jada hautatuak izan dira, nahiz eta zeintzuk diren ez den ezagutzera eman. Izan ere, jaialdia bera online egitea baztertua izan bazen ere, epaimahaietako kideei hautatutako obrak internet bitartez ikusteko bidali zitzaizkien.

Kokapena

Bellevue
5 Avenue Edouard VII
Biarritz. Lapurdi