XVI. Fotoarte argazki lehiaketa: dantza ardatz
2020/02/24 - 2020/03/27
Gasteiz
Araba
Foto_arte
AIPAMENAK

Gasteizko Udalak Fotoarte lehiaketaren 16. edizioa antolatu du, eta aurten dantza izango da gai nagusia. Otsailaren 24tik martxoaren 27ra bitarte aurkez daitezke lanak.

«Fotoarteren helburua da herritarrak argazkilaritzara hurbilaraztea, alor horretan sorkuntza sustatzea eta, irudi iradokitzaileen bidez, jarduera artistikoa modu erakargarrian ikusten laguntzea», adierazi dute.

Lehiaketak duen harrera ona azpimarratu du: «Aurreko edizioan, 474 artistak 844 lan aurkeztu zituzten, eta horrek erakusten du lehiaketa hitzordu sendotua dela argazkigintzaren zaleen agendan».

Lanak bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, otsailaren 24tik martxoaren 27ra, Gasteizko Udalaren web orrian ageri den formularioa baliatuz. Epaimahaiak 32 argazki aukeratuko ditu, eta horiekin erakusketa ibiltaria egingo da hiriko gizarte etxeetan; udalaren webguneko espazio birtual batean ere erakutsiko dira.

Lehenengo saria 1.000 eurokoa izango da, eta bigarrena 400 eurokoa. Gainera, Kultura zinegotziak azaldu duenez, «aurten, hirugarren sariaren ordez, tokiko artistarentzako saria sortu dugu, 400 euroko zuzkiduraz, Gasteizen bizi diren edo bertan ikasi edo lan egiten duten pertsonek aurkeztutako argazkirik onenarentzat». Orobat, bi accesit emango dira, bakoitza 150 eurokoa. Sariak maiatzaren 27an banatuko dira, Ibaiondoko gizarte etxean.

Lehiaketarekin batera, argazkigintzarekin lotutako zenbait jarduera antolatu dira, besteak beste, hitzaldiak, lantegiak edota mahai inguruak.   

KOKAPENA
Gasteiz
Araba
LOTURAK