2020 eta 2021eko egonaldi artistikoetako lanak bildu ditu Irudikak

Data

21.04.09 - 21.05.02

Lekua

Araba - Gasteiz

Erakusketaren irudia. (NAIZ)

Irudika ilustrazioaren nazioarteko topaketa profesionalak 2020 eta 2021 urteetako egonaldi artistikoetan egindako lana biltzen duen erakusketa ireki du gaur Vital Fundazioa erakusketa zentroan. Lehen aldiz, pandemia dela eta, artistek distantzian egin dute lan, Irudika 2021 irudia sortu duen prozesu partekatu baten bitartez. Erakusketak 2020ko egonaldien lana berreskuratu du, iaz ezin izan baitzen erakutsi pandemiaren ondorioz.

Ostiral honetako aurkezpenean, Miguel Ramal eta Raquel Meyers izan dira, hurrenez hurren, 2021ean eta 2020an hautatutako artistak; Elisabeth Perez, Irudikaren zuzendaria; Arantxa Ibañez de Opacua, Vital Fundazioaren zuzendaria eta Andoni Iturbe, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordea.

2021ean, eta ezarritako mugikortasun mugen aurrean, ilustrazio topaketak Irudika Murgilketak izeneko programa diseinatu zuen, Uruguaiko Kultura Ministerioarekin elkarlanean. Elkarlan horren ondorioz, Miguel Ramal artista alacantarra eta Sabrina Perez ilustratzaile uruguaitarra hautatu ziren, Irudikaren 2021eko irudia elkarrekin sortzeko.

Miguelek eta Sabrinak telematikoki egin dute lan elkarrekin, eta esperientzia hori ere jasotzen da erakusketan. Artisten hitzetan: «ezin genion aurre egin Murgilketen esperientziari enkargu independenteei aurre egiteko dugun moduan. Prozesuaren alde egin genuen, alde bien arteko bitartekari gisa, bai tresna metodologiko gisa, bai elkarrizketarako tresna gisa. Horrela, gure hitzaldiek bi norabide hartu zituzten, non hitza erabiltzen den eta marrazkia elkarrizketarako bide bihurtzen den».

2020ko martxoaren 14an alarma-egoera ezarri zen eta mugak itxi ziren. Garai hartan, Araiz Mesanza, ilustrazioaren atalean, eta Raquel Meyers, animazioaren atalean, Angoulêmen bizi ziren haien egotaldi artistikoak egiten. Eten behar izan zuten epealdi hartan artista biek egindako lana ere jaso du erakusketak.

Araiz Mesanza (Gasteiz, 1983) Oslon bizi da. Norvegiako bere etxera itzuli zen, eta ezin izan zuen bere proiektu pertsonala amaitu. Berak laburbildu duenez «duela urtebete pasatxo, Raquel eta biok Angoulêmen geunden oraindik. Croissantekin eta aste horietan Maisson des Auteurs-en ekoitziko genuen guztiarekin amets egiten. Nire kasuan, nire lehenengo eleberri grafikoko baso ilun eta urdurien orriak eta orriak». Araizek egonaldiaren hasieran egindako lana izan zen Irudikaren 2020ko irudia.

Modu honetan arrazoitu zuen epaimahaiak bere aukeraketa: «Bere proiektuak erakusten duen potentzial handiagatik eta bere lanera dakarren nazioarteko giroan moldatzeko duen gaitasunagatik. Moldakortasun teknikoa eta autoedizioetan aldez aurretik izandako esperientzia bere proposamenean islatzen dira».

Bere aldetik, Raquel Meyersek (Cartagena, 1977) Frantziako egonaldiarekin aurrera egitea erabaki zuen, Innattention bere animazio-proiektua garatzen. Egoerak 2020ko maiatzaren 29ra arte iraun zuen, eta, une horretan, Raquel Bilboko ohiko etxebizitzara itzuli ahal izan zen. «Bere proposamen erradikal eta berritzaileagatik, etorkizunaren irudi bat transmititzeko teknika zaharkituak erabiliz, etorkizunarekiko nostalgia sortuz», esan zuen epaimahaiak.

Irudikaren webguneak bi artisten elkarlanean emandako bost asteen egunerokoa du jasoa.

Erakusketa maiatzaren 2ra arte egongo da ikusgai, eta sarrera doakoa da. Ordutegia asteartetik larunbatera 18.00etatik 20.30era da. Eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era da.

Kokapena

Vital Fundazioa Erakusketa Zentroa
Postas, 13-15
Gasteiz. Araba