2136ko Donostia irudikatzen du ‘Morirse en la Concha’ erakusketak

Data

23.06.01 - 23.06.16

Lekua

- Donostia

‘Morirse en la Concha’ erakusketaren kartela.
‘Morirse en la Concha’ erakusketaren kartela. (NAIZ)

FANT Bilboko Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema jaialdiak ‘Morirse en Bilbao’ erakusketarekin irekitako bidetik dator ‘Morirse en la Concha’ erakusketa, etorkizun distopiko bat irudikatu eta 2136ko Donostia nolakoa izango den hausnartzen duen erakusketa.

Donostia Kulturatik azaldu dutenez, Intxaurrondo kultur etxeak ekainaren 1etik 16ra bitartean hartuko duen erakusketa honen protagonista Sr. Verde eta Kike Infameren ‘Morirse en Bilbao’ komikia da. Bertan, Donostia eta Bilbo «kristalezko kupula ultra erresistente eta iragazkaitz» baten barruan daudela irudikatzen dute, horrek lur azalean gertatzen ari diren leherketa nuklearretatik salbu mantentzen baititu.

Arazoa kupula barrutik etor daitekeela argi geratuko da ordea, txoko eta elkarte gastronomikoen bidez hedatzen ari den «birus arriskutsu» batek kolokan jarriko baitu bertan bizi diren gizakien biziraupena.

Erakusketan, binetaz bineta, autoreek irudikatu duten hiri horietako bizimoduaren berri izango du bisitariak.

‘Morirse en Bilbao’ komikia 2016an argitaratu zuten Sr. Verde eta Kike Infamek, eta lortutako arrakastaren ondotik Leire Riscal protagonistaren abenturek jarraipena izango zutela ebatzi zuten. Horrela sortu zen ‘Morirse otra vez’ komiki sorta: ale bakoitzean, protagonista Euskal Herriko jai adierazgarrienetan ikusiko dugu, tartean San Ferminak edo Andramari Zuriaren jaiak.

Erakusketarekin batera, Kike Infame eta Sr. Verde autoreek solasaldi bat ere eskainiko dute, ekainaren 1ean, 19.00etan. Aurretik, 18.30ean, erakusketaren irekiera ekitaldia izango da, Tony Montana & Paviyuchenko musika taldeak girotuta.

Kokapena

Intxaurrondo kultur etxea
Plaza de Félix Gabilondo, 1
Donostia.