‘33 paraleloa’, munduko gatazkak Andoni Lubaki eta Karlos Zurutuzaren begietatik

Data

21.09.09 - 21.10.31

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Erakusketaren irudia. (NAIZ)

«33 paraleloa misterioarekin lotu ohi da, baina gerrarekin topo egitea dugu errazena». Hala diote Andoni Lubakik eta Karlos Zurutuzak Donostiako Aiete Kultur Etxean ikusgai jarri duten erakusketaren aurkezpenean.

Mendebaldeko Saharan hasi eta Ekialdeko Balutxistan arteko txangoa da oraingoan bi argazkilariek proposatu dutena. Bidean, Siria, Libia, Palestina, Irak, Kurdistan, Afganistan...

«Ertafrikar Errepublika ere sartu dugu, ezin genuen Afrika Sub-Sahariarra erakusketatik kanpo utzi, konfliktoz josia dago-eta aipamenik ez egitea ez genuen bidezkoa ikusten», azaldu du.

‘33 paraleloa, bidaia gatazkan zehar’ izenburupean NAIZeko bi kolaboratzaileen irudiak aurkituko ditu bisitariak. Gerra bere gordinean. Frontetik aldenduda herritarrek egunerokoan pairatu behar duten errealitatea gailentzen da. «Gatazka ikusten da suntsitutako eskola batean edo erretako tenplu batean edo jendez lepo dagoen ospitale batean –esan du Zurutuzak–. Gerra bat noiz hasten den zehazten oso zaila da. Fronteko argazkiren bat badago baina informazio gehiena atze-guardia horretan dago, alegia, nola bizi den gatazka hiri batean ala baserri batean».

Herrialdez herrialde sailkatuta eskegi dituzte 30 argazkiak Aieteko ormetan. Koloretan ateratakoak dira denak, aurkeztuko bilduma bikoitzari nolabaiteko koerentzia emanez.

Azken hamarkada honetan bi argazkilariek egindako lanaren adibidea aurkituko du ikusleak. «Azken urteotan aldaketa asko eman dira, ‘Arabiar Udaberria’ deiturikoak, Islamiar Estatuaren agerpena eta sasi-desagerpena –berez hor daude–, eta Afganistanek ere badu bere presentzia».

Erakusketa osatzerakoan egin duten hausnarketaz galdetuta, honakoa dio: «Herrialde guztiek Historia oparoa dute, baliabide natural ugari eta gerrak zigortuta daude. Aldez alde lurrez zeharkatu daitezke herrialde denak baina hortik ihes egiteko bide bakarra itsasoa da. Horregatik daude erakusketaren bukaeran hiru argazki errefuxiatuen bidaia irudikatzen dutenak. Batetik, lurretik zeharkatu daitekeen eskualde gatazkatsu erraldoia da eta bestetik, itsasora irteera bakarra duena», argitu du.

Irudiekin batera beste 30 objektu daude. «Burkari buruz askotan hitz egin dugu baina ez dugu inoiz ikusi, esaterako; edo yihadista baten uniformea, Islamiar Estatuko diru txanponak, edo Gadafiren garaiko oroigarriak», kontatu dio NAIZi.

Multimedia batek osatzen du Ronak elkarteak sustatutako erakusketa. Euskal Herrian 2016ean sortutako elkartea da eta bost kazetarik osatzen dute, Lubaki eta Zurutuzarekin batera Errumaniako, Siriako eta Israelgo beste hiru kazetarik, hain zuzen ere.

Bi lan ardatz ditu Ronak elkarteak: gatazka sentsibilizazioa eta formakuntza. «Batetik, gatazka bizi duten kazetariei formakuntza eskaintzen diegu. Aurten Iraken eta Nagorno Karabaj-en egin dugu eta aurretik Aljerian eta Libian. Eta bestetik, sentsibilizazio kanpainen alorrean sartzen da erakusketa hau».

Elkarteko kide denak dira erakusketan ikus daitezkeen gatazka guneetan lana egindakoak.

Erakusketa osatuz, bisita gidatuak egingo dituzte Lubakik eta Zurutuzak. Irailaren 18an 10.30etik 11.45etara euskaraz eta 12.00etatik 13.15era gaztelaniaz. 17.00etatik 18.15era euskaraz eta 18.30etik 19.45era gaztelaniaz.

Irailaren 19an, berriz, 10.30etik 11.45era euskaraz eta 12.00etatik 13.15era gaztelaniaz.

Izen ematea 943-481471 telefonoan edo lankidetza@donostia.eus helbidera idatziz egin dezakete interesatuek. Izena emateko hurrenkeraren arabera erreserbatuko da plaza.

Kokapena

Aieteko Kultur Etxea
Aiete Pasealekua, 63
Donostia. Gipuzkoa