«3x4=orain» erakusketa San Telmo Museoan, argazki-liburuei begirada musika, zinema eta literaturatik

Data

22.07.15 - 22.10.30

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Soto, Cazenave, Celaya eta Insausti, erakusketaren aurkezpenean.
Soto, Cazenave, Celaya eta Insausti, erakusketaren aurkezpenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Uztailaren 15etik urriaren 30era bitarte ‘3x4=orain’ erakusketa ikusgai egongo da Donostiako San Telmo Museoan. Gabriela Cendoyak urte luzez ondutako bilduma oinarri hartuta, musikaren, zinemaren eta literaturaren munduko hamabi artistek bestelako begirada bat eskaini argazki-liburuei. Asteartetik igandera bisitatu daiteke erakusketa, 10.00etatik 20.00etara, 6 eurotan publiko orokorrarentzat.

Erakusketak Gabriela Cendoya donostiarraren pasioa eta lana du oinarri. 1990eko hamarkadan piztu zitzaion argazki-liburuekiko interesa Bordeleko Mollat liburu-dendan, eta hazi hartatik, gaurko uzta: 30 urte beranduago, San Telmo Museoko Liburutegian gordetzen du 3.000 ale baino gehiagoko bilduma 2017az geroztik, genero honetako nazioarteko bilduma garrantzitsuenetako bat bilakatuz.

Cendoya omentzeko erakusketa ere bada, beraz, Donostiako museoan dagoena, Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariak espazio berriaren aurkezpenean nabarmendu zuenez.

Bildumagile donostiarra omentzeko erakusketa ere bada, beraz, Donostiako museoan jada ikusgai dagoena, Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariak espazio berriaren aurkezpenean nabarmendu zuenez. Eta bada, baita, museoaren liburutegian gordetzen den «altxorra» zein argazki-liburuen generoa herritarrei erakusteko ekimena.

Jon Insausti Donostiako Udaleko Kultura eta Euskarako zinegotziaren ustez, ‘3x4=ORAIN. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan’ espazioa irekitzeak bi asmo berresten ditu: «Lehenengoa, San Telmo museoaren posizionamendua, museoaren egitekoa badelako begirada berrietan sakontzea. Eta gure lana bada, baita ere, gure ondarea eta altxorrak zaindu eta zabaltzea».

«Argazkiez harago» doazen begiradak.

Erakusteko modua, baina, berezi egin dute. Ez da soilik liburuak hartu eta orriak banan banan pasatzen argazkiak behatzea –hori egin daiteke, museoaren liburutegian–, baizik «argazkiez harago» doan esperientzia eragitea, Jon Cazenave komisarioak argitu bezala. Berari egokitu zaio Gabriela Celayaren bilduma mardula arte-erakusketa bilakatzea.

Argazki-liburua, berez, «argazkiz osatutako liburu bat baino gehiago» baita, komisarioaren esanetan. Are, «objektu artistiko» bat da, bere horretan. «Irudiek izaera autonomoa galtzen dute, eta edukien sekuentzia batean egituratzen dira, asmo narratibo eta erritmo bisual bakarrarekin, beste formatu batean errepikatu ezin den sormenezko diskurtso bat eraikitzen duena», nabarmendu zuen.

San Telmo Museoko erakusketan ikusgai dagoen pieza. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gainera, genero honek gero eta interes handiagoa sortzen du nazioartean, Cendoya bilduma egiten hasi zenean ez bezala. Horrela, erakusketaren arduradunek azaldu zuten digitalizazioak eta ekoizpen-bitartekoak eskainitak oaukerei esker titulu berri gehiago argitaratu direla eta, modu horretara, «argazki-liburua genero artistiko berezi, garaikide eta berehalakoa» bilakatu dela.

Jon Cazenavek, baina, hamabi lagun izan ditu eskaini nahi zuen begirada desberdin hori lortzeko. Zehazki, musikaren, zinearen eta literaturaren inguruko hamabi artista. Hiru diziplina, bakoitzeko lau artista: hortik erakusketaren izenburua. Liburu bana jaso du bakoitzak eta testu bidez interpretazio propio eman.

Ondoko artistek hartu dute parte erakusketan: Judith Jauregui, Ramon Lazkano, Anari Alberdi, Pello Ramirez, Arantza Santesteban, Maddi Barber, Oskar Alegria, Koldo Almandoz, Miren Agur Meabe, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano eta Karmele Jaio.

Artista hauez gainera, nazioarteko artisten 18 lanek osatzen dute erakusketa, tartean dira Eloi Gimeno ‘Hellsinki’ lanarekin, Miho Kajioka ‘So it goes’ lanarekin edo Elisabeth Tonarrd-en ‘In this dark Wood’.

Komisarioaren iritziz, argazki-liburuak aipatu begirada hirukoitzarekin irakurtzean, behatzean, lortzen da «argazkitik ateratzea ulertzeko edo ez ulertzeko, liburuak ohituago gauden munduen bitartez senti ditzagun».

Musika, zinea eta literatura.

Hiru diziplina hauen hautaketa ez da ausazkoa; denek gordetzen dute nolabaiteko lotura argazki-liburuekin. «Argazki-liburu bat ulertzeko eta interpretatzeko moduan eragin garrantzitsua du zinemak», agertu zuten antolatzaileek. Izan ere, «zinema denboraren fluxuan txertatutako gertaera baten behaketa» gisa uler daiteke, argazki-liburu bat nola: «Logika horri jarraituz, argazkiak plano zinematografiko bihurtzen dira, eta horiek sekuentziatu egiten dira denboran eta espazioan ikusi ahal izateko».

Bestalde, liburu hauen egiturek arreta berezia eskaintzen diote erritmoari, orrien txandakatzea «musika-egituretara» hurbiltzeraino. Modu horretan, «interpretazio logikoa ez da transmititutako emozioen jolasa bezain garrantzitsua», zehaztu zuten. «Argazki-liburuan, irudiak kolorearen, tonuaren, formaren eta beste alderdi batzuen arabera editatzen dira, obra bateratu bat eraikitzeko, eta, musikarekin gertatzen den bezala, interpretatu egin behar da. Orriak pasatzeak berak obra bakoitzaren erritmoa eraikitzen du behatua izango den unean bertan. Argazki-liburu bakoitzak iraupen bat hartzen du, esanahi berezi bat irakurle bakoitzaren eskuetan, eta irakurraldi bakoitza ibibide pertsonal eta bakarra da», esplikatu zuten.

Azkenik, literatura, San Telmo Museoan aurkezten diren liburuekin filosofian lotua. Zeren, argazki-liburuetan, irudiak kontakizun bat eraikitzeko asmoarekin daude ordenatuta, interpretatuak izateko ituarekin. Honela azalzu zuten arduradunek: «Irudien segida hau, askotan, irudi literarioez baliatzen da, hala nola elipsiez edo metaforez, gertakari konplexuak irakurketa anitzeko erretorika bisual ireki baten bidez kontatzeko».

Horrela, San Telmo Museoko “3x4=ORAIN. Zinema, musika eta literatura argazki-liburuan” erakusketak proposatzen dituen bideak hiru dira, lagunduko duten gidak hamabi, baina interpretazio-helmugak bisitariak adina.

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa