57 film eskainiko ditu BBK Mendi Film jaialdiak abenduaren 8tik 17ra
Data
23.12.08 - 23.12.17
Lekua
Bizkaia - Bilbo
Europa, Ipar Amerika, Asia eta Ozeaniako 15 herrialdetako 57 film proiektatuko dira abenduaren 8tik 17ra bitarte BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinema jaialdiaren 16. edizioan, horietatik 50 Sail Ofizialaren baitan, sarietarako hautagai izanik. Saioak Euskalduna Jauregiam, Alondegian (Golem zinemak) eta Sala BBK aretoan egingo dira.
Antolatzaileek ostiral honetan jakinarazi dutenez, beste bost film lehiaz kanpoko Zabalandi sailean aurkeztuko dira, ‘Corpórea’, ‘El fin de la eterna primavera’, ‘Konfiantza itsua’, ‘Leizeta’ eta ‘Udalatx, ura eta atxa’ izenburukoak, hain zuzen ere.
Gainera, Eliza Kubarskaren 2015eko ‘K2 touching the sky’ filma ere programatu da, aurten IAMF Sari Nagusia jaso izanaren aitortzan, eta 'Oinez' estreinatuko da, iaz Mendi Film Bizkaia Ternua beka jaso zuen proiektuaren filma. Egunez eguneko egitaraua jakinarazpena eta sarrera salmentaren aktibazioa azaro erdialdera egingo ditu antolakuntzak.
Bost kidek osatutako nazioarteko epaimahaiak baloratuko ditu Sail Ofizialeko lanak; Eliza Kubarska zinemagile eta alpinista poloniarra; Michael Pause kazetari, produktore eta idazle alemana; Patricia Ayala zinemagile, ekoizle eta gidoilari kolonbiarra; Nerea Alberdi konpositore, orkestratzaile eta arreglista bilbotarra eta Juantxo Zeberio konpositore, konposatzaile eta arreglista tolosarra izango dira epaimahaikideak.
Denera 24.800 euro banatuko dira 12 saritan: Sari Nagusia (6.000 euro), Zuzendari Onena (3.000 euro), Gidoi Onena (2.000 euro), Argazkilaritza Onena (2.000 euro), Epaimahaiaren Saria (2.000 euro), Soinu Banda Onenaren Saria (2.000 euro), Euskarazko Film Onenaren EITB Saria (2.000 euro), Mendiko Film Onena (1.200 euro), Eskaladako Film Onena (1.200 euro), Kultura eta Natura Film Onena (1.200 euro), Kirol eta Abentura Film Onena (1.200 euro) eta Film Labur Onena (1.000 euro). Irabazle guztiek 'Eguzkilore' garaikurra ere jasoko dute, Soinu Banda Onenarenak izan ezik, 'Txalaparta' garaikurra eskuratuko baitu.
Erakusketak eta hitzaldiak
Horrez gain, argazki eta artelanekin osatutako hiru erakusketa nagusik jantziko dute Bilbo azaroan hasi eta urtarrilera bitarte. Alde batetik, ‘HARRI, ORRI, ARkatz’ eskalada krokisen erakusketa Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian izango da ikusgai azaroak 24tik urtarrilaren 7ra.
Halaber, CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketa irekiko dute BBK Salan abenduaren 9tik 14ra, eta ‘Yhabril. Luz, montaña, ¡acción!’ Yhabril argazkilari bilbotarraren tamaina handiko 20 lan onenen erakusketa jarriko dute Bilboko metroaren geltokietan azaroaren 15etik abenduaren 30era.
Gainera, hainbat hitzaldi eskainiko dira zinemaldiaren egunetan: CVCEPHOTO lehiaketaren bederatzigarren edizioko lan sarituen inguruan antolatutakoa (abenduak 9), ‘HARRI, ORRI, ARkatz’ erakusketarekin lotuta argitaratu den ‘Artea eskalada krokisetan’ liburuaren aurkezpena (abenduak 10), Eduardo Martinez de Pison geografo, bidaiari eta mendizalearen ‘Lo que ví en las montañas’ hitzaldia eta Kike Infame komikizaleak gidatutako ‘Gailurra! Komikia eta mendia’.
Era berean, alde batetik, Edurne Pasaban alpinista eta enpresari tolosarrak WOP Mendi Film 2023 Saria jasoko du jaialdiaren hasiera ekitaldian, abenduaren 8an, Euskalduna Bilbao jauregian, eta, bestetik, Eliza Kubarskari aitortza egingo zaio, bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso duena –Mendiko Zinemaren alde diarduen nazioarteko elkargoaren sari gorena–.
Azkenik, mendiko zinemagintzaren industriaren inguruko jardunaldia ere antolatu da, era batera edo bestera sektorean lan egiten duten profesionalei eta bertan murgildu nahi duten zaleei zuzenduta. Eliza Kubarska, Dani Salas eta Heather Mosher zuzendariek hitzaldi bana eskainiko dute, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko Ogasunak zinemagintzan jarduteko dituzten laguntzak eta pizgarri fiskalak aurkeztuko dituzte, eta Mendi Film Bizkaia Ternua bekaren proiektuak estreinatu eta aurkeztuko dira.
Kokapena
BBK Aretoa
Kale Nagusia, 19-21
Bilbo. Bizkaia