6 estreinaldi absolutu eta 20 konpainiaren parte-hartzea izango dira BAD jaialdian

Data

21.10.14 - 21.10.24

Lekua

Bizkaia - Bilbo

BAD jaialdiaren aurkezpen kartela. (BAD Bilbao)

Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen XXIII. edizioa urriaren 14tik 24ra bitartean ospatuko da. Jaialdiaren baitan 20 konpainia desberdinen lanez eta sei estreinaldi absolutuz gozatu ahalko da.

Urriaren 14tik 24ra bitartean luzatuko den Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikidearen jaialdiak euskal presentzia nabaria izango du XXIII. edizio honetan. Izan ere, bertan parte hartuko duten konpainien erdiak Euskal Herrikoak izango dira: Kabia Teatro, Nerea Martinez, Altraste Danza, Lokke-Olatz de Andres, Horman Poster Kolektiboa, Jon Ander Urresti, Isaak Erdoiza eta Nazario Diaz, Colectivo V.A.L.A, Koldo Arostegui eta Cielo Raso.

Euskal konpainiez gain, orotara, 40 euskal artista inguruk parte hartuko dutela kalkulatu du antolakuntzak. Beraiekin batera, espainiar Estatuko 30 kide eta nazioarteko beste 10 egongo dira oholtza gainean.

Horretaz gain, ikuskizunak Bilboko antzoki desberdinetan gauzatuko dira. Hori horrela, Campos Antzokian, Harrobian, La Fundicion-en, Bilborock-en, San Frantziskoko Erreprodukzio museoan eta Bilboko IED Kunsthal-en taularatuko dituzte lanak.

Jaialdiari hasiera emateko arduradunak Kabia Teatro eta Teatro de L'Enjolit konpainiak izango dira. Izan ere, urriaren 14an, ostegunean, iluntzeko 19:30ean La Fundicion antzokian aurkeztuko duten ‘El alimento de las moscas’ izango da egitaraua abiaraziko duen lana. Antzezlanak «birrindutako patu baten pusketak» aurkeztuko ditu. Kondenatu bat telebista-irudi hotzetan azalduko da, kazetari eta poliziaz inguraturik. Antzezlana kondenatu horren muinaren bila abiatuko da, «munstroaren» bakardadean sartzeko.

Jaialdiak hainbat estreinaldi opatuko ditu bere baitan. Batzuk EAE mailako estreinaldiak eta besteak estreinaldi absolutuak. EAEko estreinaldien artean ‘Brilliant corners’, ‘Gizaki’, ‘Massa diva per a un moviment assembleari’, ‘El Ardor’, ‘Antes de que llegue la bestia’, ‘I don’t worry me’ eta ‘Pienso casa, digo silla’ nabarmentzen dira.

Bestalde, beste inon oraindik estreinatu ez diren sei proiekturen bilduma ere jasoko du festibalak: ‘Abrazo’, Nerea Martinezen dantza ikuskizuna; ‘Hacer tiempo’, Lokkek eta Olatz de Andresek aurkeztutako ikerketa eta erakusketa koreografikoa; ​​‘OTURIA: intima peregrinatio’, Miguel Angel Bernaren dantza ikuskizuna; ‘Fuego verde’ Isaak Erdoiza eta Nazario Diazen dantza ikuskizuna; ‘El ritmo que nos precede’, Koldo Arosteguik aurkeztutako arte bizien lana eta ‘You are welcome!’, Colectivo V.A.L.A-ren instalazio zein erakusketa.

Sarrerak

Sarrerei dagokienez jaialdiaren webgunean eskuratu ahalko dira. Harrobia-Bilborock, La Fundicion eta Campos Eliseos antzokietan taularatuko diren kultur lanek 10 euroko prezioa izango dute. Hala ere, doako lanak ere egongo dira.

Doako lanak Colectivo V.A.L.A-ren ‘You are welcome!’, Olatz de Andresen ‘Hacer Tiempo’ eta Miguel Angel Bernaren ‘OUTURIA: Íntima peregrinatio’ izango dira. Erreserbak badbilbao.eus webgunean egin ahal izango dira ikuskizuna hasi baino 2 ordu lehenago arte, edo leihatilan ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenagotik.

Antolatzaileek jakinarazi dute puntualtasuna garrantzitsua izango dela, behin ikuskizunak hasita ez baita posiblea izango aretoetara sartzea.

Kokapena

La Fundición antzokia
Calle de Francisco Maciá, 1-3, 48014 Bilbao, Vizcaya, Biscay
Bilbo. Bizkaia