‘Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia’, hizkuntzarekin jolastuz sormena lantzeko gonbita

Data

20.11.13 - 21.03.13

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Erakusketa martxora arte dago zabalik. (NAIZ)

Palindromoen eta hitz jokoen abentura proposatu dute Itziar Aranburuk eta Jon Ander Garciak (Bigara sortzaile bikotea). Martxoaren 13ra bitartean ikus daiteke erakusketa Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Izen bereko liburuan du jatorria, Pamielak argitaratua. Erakusketa Donostia Kulturak ekoitzia da.

Abereen izenekin egindako esperimentazioaren emaitza erakutsi dute Aranburuk eta Garciak. Animalia ugariren izenak, aurkako norantzan, hitz bat ezkutatzen baitute: ‘asto hotsa’, ‘ele bele’, ‘aker oreka’, ‘alegia zopa’, ‘karramarro horra marrak’, ‘zezenez ez’, ‘apo zopa’, ‘afari jirafa’, ‘asto hotsa’, ‘erbi libre’, ‘aker oreka’, ‘ele bele’, ‘oilo olio’, ‘alegia igela’, ‘aran enara’...

Sormena. Mugarik gabe, hizki eta hitzen jolas amaigabea. Deskubrimendua. Zentzugabekeriak zentzua hartzen duenekoa.

‘Abere ba’ proiektuak, era berean, hizkuntzaren arbitrariotasunean sakontzea bilatzen du. Baita esanahiaren hegemonia aztertzea ere. Lengoaiaren hautazkotasunari buruzko gogoeta da. Ausazkoa ez, baina ezustekoa den lotura horretan, esanahi eta koherentzia berriak.

Irudiak ere ikus daitezke erakusketan. Hizkuntzarekin jolastu eta plastikoki sormena lantzeko gonbita da Bigararena. Halaxe aritu dira Aranburu eta Garcia. Palindromoen eta kapikuaren ideiari jarraiki hasi ziren, irudi simetrikoen bila, eta bidean, letretan bertan animalien figurak sortzea otu zitzien. Bapatean, barraskiloa ikusi zuten ‘b’ etzanean, jirafa ‘f’ letran, belea ‘e’ hizkian.

Hitzen artean sortzen den lotura edo harremanari hiztegi forma ematea erabaki zuten, animalia horiek literaturan, mitologian, beraien onomatopeiatan dituzten oihartzunean oinarrituta. Bilduma puntu bat ere badu. Abezeko letra bat edo pare baten nahasketa, errekurtso grafiko gutxirekin osatuta eta estanpatutako testurarekin. 101 abere zerrendatu arte.

Animalien ilustrazioak letraz eratu, eta hiztegia osatu. Esku artean piztegi edo bestiarium gaurkotua zutela ikusita liburuaren proiektuak gorputza hartu zuen. Animalien izen zientifikoa eta sasi definizioa, palindromoko hitz ezberdinen adierekin modu jostarian lotzen hasi ziren. Bestiario klasikoen gisara, testuen, hitzen eta letren arteko elkargunea da erakusketa. Animaliak besterik ez dira, domestikatuak izaterik nahi ez duten abereak, Bigararen begietan.

Erakusketan hainbat inpresio teknika ikus ditzazke bisitariak. Ilustrazioak koadro itxuran aurkeztu dituzte –bakoitza palindromo batez lagundua– eta 40 testutik gora. Egurrezko hainbat pieza, bi testu grafiko eta bideoak ere ikus daitezke, erakusketa osatuz.

Aspaldi hasi ziren Bigarako kideak abereen palindromoak idazten. Izenei buelta emateko aukera ikusi zuten eta horrela hasi ziren, jolasti. Euren unibertso partikularrera sartu eta bisitaria jolastera gonbidatzen dute. Fantasiari dei egin, kortsea kendu eta arnasa hartu, hizkuntza zirikatu eta liluratzen utzi, harritu.


Kokapena

Ernest Lluch kultur etxea
Anoeta Pasalekua, 7
Donostia. Gipuzkoa