‘Ahoa narras’ lelopean dator Feministaldia azaroaren 30etik abenduaren 3ra

Data

22.11.30 - 22.12.03

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Aurtengo egitarauaren aurkezpena astelehen honetan egin da.
Aurtengo egitarauaren aurkezpena astelehen honetan egin da. (Andoni CANELLADA | FOKU)

‘Ahoa narras’ leloa aukeratu dute aurten Feministaldiaren sustatzaileek. Azaroaren 30etik abenduaren 3ra bitartean egingo da kultura feminista jaialdia. Hamazazpigarren aldiz, kultura feministari lotutako ahots, sorkuntza eta diskurtsoen elkargune izango da Feministaldia.

Azken urteetako bideari jarraiki, Tabakalera izango du etxe kultura feminista jaialdiak. Astelehen honetan aurkeztu dituzte aurtengo jaialdiaren nondik norakoak, eta aurkezpenean izan dira: Leire San Martin eta Laura Muelas, Feministaldiako koordinatzaileak; Juana Aranguren, Plazandreok plataformako kidea; Clara Montero, Tabakalerako Kultura zuzendaria eta Nerea Isasi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako zuzendaria.

Aldaketa urtea da Feministaldiarentzat, izan ere, jaialdiaren hazia ezarri zuen kolektiboa, Plazandreok plataforma politikoak, antolakuntzaren ardura utziko du. Leire San Martinek eta Laura Muelasek hartu diete lekukoa. Egindako bidearegatik eskerrona adierazi diete Plazandreok-eko kideei gaurko ekitaldian. Eta gogotsu agertu dira jaialdiaren ibilbidea egiteko modu eta esparru berrietara norabidetzeko.

Izan ere, jaialdia pentsatu eta programatzeko prozesua, oso bestelakoa izan da aurten. Ariketa kolektiboa. Lehenbiziko aldiz, Azala espazioaren Mikorrizak programaren barruan, lagun eta pentsalari feministekin jaialdiari elkarrekin forma ematen hasteko topaketak egin zituzten Arabako espazioan. Feministaldiaren lan taldeaz gainera, Mijo Lizarzaburu, Paloma Chen, Mirari Echavarri eta Idoia Zabaleta izan ziren topaketan.

Hortaz, aldaketak aldaketa, Feministaldiak kultura feministaren erreferente izaten jarraitu nahi du. «Feministaldia, Plazandreok-ek antolatutako Kultura Feministaren Jaialdia, duela 16 urtetik hona, funtsezko erreferentzia bihurtu da feminismoaren barruan, eta halako entitatea lortu du, non esklusiboki horretan arituko den elkarte bat behar duela»,  adierazi du Juana Arangurenek.

Nerea Isasi ere izan da agerraldian, Feministaldiari bere babesa adierazteko. Horrela, kultura feminista sustatzen duten egitasmoen garrantzia aipatu du.

‘Ahoa narras’ leloa oinarri hartuta, feminismoetan bor-bor dauden gaiei erreparatuko die jaialdiak, baina baita orain egindako bideetan ere, bertikaltasuna alde batera utziz, eta gorputza lurrerantz eramanez. «Norabide berri horretan ahoa –normalean gorputzaren goialdean edukitzen duguna– lurrera eramango dugu; herrestan dabiltzanen eta ibili direnei tartea egin nahi diegu, azala bidean eraldatzen dutenei».

«Arrastaka doazenek, kanporatuek, zikinek, urdangek uzten duten arrastoa» ikusarazi nahi dute. Hala diote aurkezpen testuan. Era berean, narrasean dabiltzan horien «potentzia eraldatzailea» ere goraipatuko dute: «Erori eta arrastatu egiten gara, zikindu, detrituekin nahastu eta jolasten gara, materiekin esperimentatu egiten dugu horiek sakonera eramateko, misteriotsua denera, desiragarria denera, irudimenez lepo dagoenera, potentzia eraldatzailez gainezka dagoen horretara eramateko», adierazi dute.

Aurten ere, askotariko jarduerak biltzen dituen egitaraua prestatu dute antolatzaileek, eta arteko diziplinek leku garrantzitsua izango dute. Hitzaldiak, performanceak, mahai-inguruak, ibilaldiak, sung poetry emanaldiak... izango dituzte zain partehartzaileek.

Gonbidatuak

Denera 25 artista, aktibista eta pentsalaritik gora. Eulalia Valldosera, artista eta aktibista mistikoa; Isabel de Naveran, dantza eta performance-an ikerlaria; Paloma Chen kazetaria, poeta eta idazlea, eta Yan Juang aktorea, sortzailea eta poeta; Itziar Reguero eta Mijo Lizarzaburu militante transfeministak; Namorada kolektiboa; Eneka Fernandez liburu-egilea eta editorea, eta Leire Ibarguren, Emagin elkarteko kidea; Personaje, personaje  eta Somadamantina, Elena Aitzkoa eta Eddi Circa artistak, besteak beste.

Zortzigarren urtez hartuko du Tabakalerak Feministaldia. Clara Montero, Tabakalerako kultur zuzendariak azpimarratu duenez, Tabakalerarentzat poz handia da artea eta politika garaikidea ikuspegi feministatik lantzen dituen jaialdia hartzea, beste behin. «Arauak zalantzan jarri eta istorio berriak kontatzen dituzten sortzaile eta ekintzaileen topaleku bilakatu da Feministaldia, eta bertan lantzen diren zenbait ildo kultura garaikidearen nazioarteko zentro honen ardatz eta kezka ere badira», azaldu du.

Aipagarria da Ahuntzaren Eztula diseinatzaile eta tatuatzailea izan dela irudi grafikoaren egilea, eta «aurtengo ideiaren esentzia ezin hobeto jaso du» antolatzaileen esanetan.

Sarrera librea izango da jarduera guztietarako, edukiera bete arte. Era berean, jarduera gehienak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute hara joan ezin dutenek, eta informazio guztia Tabakaleraren webgunean egongo da kontsultagarri.

Kokapena

Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa