Laborantza Ganbara: ‘Aldaketaren bidean’ mintegia
2020/02/25
Ainhize-Monjolose
Nafarroa Beherea
Ehlgprentsaurrekoa_baiona
AIPAMENAK

«Aldaketaren bidean» gogoeta zikloa abiatu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) eta lehen mintegia otsailaren 25ean antolatu du Nafarroa Behereko Ainhize-Monjolose herrian. ‘Laborantza eta elikadura ekonomiak berlokaliza ditzagun’ izenburua izango duen lehen mintegia egun osokoa izango da eta gaiarekin interesatua dagoen edonor parte hartzera deitu dute.

Baionan egin duten aurkezpenean, egungo egoera «zentzugabea» dela nabarmendu dute. Euskal Herriko Laborantza Ganbarako lehendakariak azaldu duenez, «hemen ekoizten diren haragi eta esnekiak urrun esportatzen dira, eta aldi berean, hemen kontsumitzen diren haragi eta esneki gehienak kanpotik ekarriak dira».

Hain zuzen ere, egungo merkataritza liberalaren ondorioetako bat espezializazioa dela jakinarazi du, hau da, «eskualde batzuetan arlo zehatz batzuk indartzen dira, beste batzuen kaltetan». Ipar Euskal Herrian azken hamarkadetan eman den bilakaera ekarri du gogora Molimosek: «Lehen ekoizpena anitzagoa zen, orain ordea, haragi eta esnekien ekoizpena indartsua da, baina aldiz barazki eta fruituen ekoizpena oso ahula da».

Halako egoera baten aurrean, birtokiratzeak arlo desberdinen artean oreka bat bilatzen duela adierazi du Iker Elosegik, EHLGko langileen koordinatzaileak. Bere iritziz, birtokiratzearen helburua «lekuko beharrak asetzea da, lehenik bertako produktuekin, eta ondoren, kanpora zabaltzen».

Ainhize-Monjolose herrian otsailaren 25ean antolatu duten lehen mintegia egun osokoa izango da. Parte hartzeko deia irekia da, baina aurrez izena eman behar da. Nathalie Corade, Bordeleko Unibertsitatean gertuko zirkuituen ikerlaria izango da lehen hizlaria. Jarraian, parte hartzaileek bi tailerren artean hautatu beharko dute, ‘Euskal Herriko desmartxa kolektiboak’ edo ‘Fruitu eta barazkien hornitzea’. Bazkalostean, ostera, lan taldeen bilduma, lan ardatzen proposamena eta eguneko bilana egingo dituzte.

KOKAPENA
Ainhize-Monjolose
Nafarroa Beherea