Ametsa urrundu zaion familia aurkeztuko du eszenan Kulunkak ‘Forever’ obran

Data

23.01.28 - 23.02.11

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Antzezlanaren eszena bat.
Antzezlanaren eszena bat. (KULUNKA TEATRO)

‘Forever’, Kulunka Teatroren muntaia berria ikusteko aukera izango da datozen egunotan. Centro Dramatiko Nacional (CDN), Arriaga Antzokiaren eta Victoria Eugenia Antzokiarekin batera egindako koprodukzioa da labetik atera den obra. Iñaki Rikarteren zuzendaritzapean José Dault, Garbiñe Insausti eta Edu Carcamo ikusiko ditugu eszenan.

Arriaga Antzokian estreinatuko da emanaldi bakarrean, urtarrilaren 28an, larunbatean, 19.00etan. Horren ondotik Gasteizen otsailaren 4an eta Donostian otsailaren 10-11n eskainiko dute. 

Konpainiak ibilbide zabala du, berme handikoa: bere ekoizpenak 30 herrialdetan eskaini dira, 1.000 bat emanalditan, eta ‘Andre y Dorine’ eta ‘Solitudes’ aurreko lanak txalotuak izan dira. Azken honek bi Max sari lortu zituen, Antzerki Ikuskizun Onenarena eta Musika Konposizio Onenarena.

«Kulunka Teatroren ohiko estiloari leial, proiektu berri honek bizitza-antzerkiaren planteamenduari ere erantzuten dio, gaur egungoa, konprometitua eta errealitatearekin konektatuta dagoen horri», nabarmendu dute Arriaga Antzokitik. 

Amestu zutenetik urruntzen ari den familia baten istorioa da ‘Forever’. Maitasunaren kontraesanak umorez eta ironiaz erakutsiz, gurasotasuna, hezkuntza, ezintasuna, gehiegizko babesa, sexualitatea edo indarkeria bezalako gaiak lantzen ditu. «Plataforma birakari baten gainean eta oso hizkuntza zinematografikoari helduz, ‘Forever’ karrusel bat da; bizitzaren noria. Baina bada, baita ere, espiral bat, biratu ahala, bere protagonisten minaren barruan sakontzen duena. Noraino eraman dezake isolamenduak familia bat? Agian aztoratzailea dena, zirraragarria dena, familia honen historia gurea izan daitekeela da», diote.

«Konpainiak muturrera eramaten ditu maskararen aukera adierazkorrak eta dramaturgikoak, egikera handiko ikuskizun bat sortzeko. Istorioaren sakontasunari birtuosismoa gehitu behar zaio, eszenatoki birakari bat eramaten baitute agertokira, zeinak espazio ugari izateko aukera ematen baitie, baina maskarak ezartzen duen frontaltasuna galdu gabe», gaineratu dute.

Testurik gabeko ikuskizuna izan arren, bere dramaturgia landua da, hain zuzen ere, antzezlanaren indarguneetako bat. «Maskara adierazkorraren hizkuntzaren erronka nagusia eguneroko ekintzen partitura oso bat egiteko gai izatea da, modu, erritmo eta testura jakin batean gauzatuz, ikusleari pertsonaien egoera eta psikologia ulertzeko aukera emanez, hitzak faltan bota gabe. Kulunka Teatrok arte horretan maisuak direla erakusten du ‘Forever’ antzezlanarekin».

Eszenografiaren diseinua Javier Ruiz de Alegriarena da, jantzien diseinuaz eta eszenografiaz Ikerne Gimenez arduratu da eta musika konposizioa eta soinu espazioa Luis Miguel Cobo
k egin du. Maskarak diseinatzea eta egitea Garbiñe Insausti
ren lana izan da.

Sarrerak salgai webgunean.

 

Kokapena

Arriaga Antzokia
Arriaga plaza, 1
Bilbo. Bizkaia