Argi naturala lagun, beste elementu batzuen «kopiak» bildu ditu Julia Spinolak Artiumen

Data

23.06.02 - 23.12.10

Lekua

- Gasteiz

Julia Spinola, ‘Silex Margiela’ obrari begira.
Julia Spinola, ‘Silex Margiela’ obrari begira. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Argia eta honen gabezia dira Julia Spinolak Gasteizko Artiumera ekarri berri duen erakusketaren protagonistak. ‘Persona, foto, copia’ osatzen duten lanak argi naturalak baino ez ditu argiztatzen, beste elementu batzuen kopien bitartez eginda daude eta artista madrildarrak bere buruari pertsona izatea zer den galdetu zionean jaio ziren.

Argiak izenburuko ‘foto’ hitza ordezkatzen du. Spinolak erakusketaren aurkezpenean azaldu duenez, gelara sartzen den argia aprobetxatzeak orduaren arabera eta urtearen garaiaren arabera «erakusketa desberdinak» bisitatu ahal izatea ahalbidetzen du, «denbora guztian aldatzen delako».

‘Persona’, pertsona nor den eta ze izaki izan daitezkeen pertsonaren inguruko hausnarketa delako. Honen adibide ‘Silex Margiela’ pieza da. Fotogrametria izeneko teknika erabiliz silex gezi bat errepikatu du, pertsona baten tamainan. Artistak azaldu duenez, «obra pertsona baten ondoan ikusiz gero, silexa pertsonifika daiteke.

‘Copia’ hitza bere burua eta beste artista batzuk kopiatu dituelako dago erakusketaren izenburuan. Aldi berean, kizkur bat bezalako elementuak hiru dimentsiotan eskaneatu eta errepikatu dituelako eta bilketa bat egin duelako, ‘acopio’, gaztelaniaz.

Catalina Lozano komisarioaren ustez, erakusketa hau bisitatzea «esperientzia oso berezia da». Hamar urte baino gehiagoko lana hartzen duela nabarmendu du, batzuk Artiumerako bereziki egindakoak diren arren. Argiztapen artifizialik ez dagoenez, «begiak ohitura hartu behar duela» azaldu du Lozanok, honek ere lanak hautemateko modua baldintzatzen duelakoan.

Spinolaren lan ezagunen artean daude ‘Un zurdo y un diestro, y un zurdo y un diestro cajas’ (2014) –Reina Sofia Museoaren bildumakoa–, ‘Vis (I)’ eta ‘Vis (II)’ (2020), ‘Frase (objeto)’, ‘BOCA’ (2013-2018) eta ‘Philip’ (2023). Erakusketa honetarako egindakoen artean, ‘Silex 1’, ‘Cantaro’, ‘F’, ‘Watana I’ eta ‘Watana II’ daude. Era berean, ‘Rojamente’ (2020-2023) serigrafia saila ere ikusgai dago.

‘Lotura mekanikoak’

Halaber, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak ekintzak, tailerrak, performanceak eta kontzertu bat ere eskainiko ditu ekaina eta uztailan zehar. Beatriz Herraez museoko zuzendariak azaldu duenez, ‘Lotura mekanikoak’ zikloak «museoaren espazioa eta bertan eraikitzen diren harremanak pentsatu nahi ditu, hainbat praktikaren bidez eraikinaren barrualdearen eta kanpoaldearen arteko porositate uneak sortuz».

Uztailaren 13an eta 14an Yael Davids-ek Feldenkrais metodologiaren tailer bat eskainiko du eta Les Reines Prochainesek kontzertu bat emango dute uztailaren 1ean.

Honetaz gain, Erick Beltranek, Jeremiah Dayk, Jon Mikel Eubak, Garazi Navasek, Naomi Rincon Gallardok, Tripak taldeak, Amaia Urrak eta Sus Zwick & Muda Mathisek parte hartuko dute hilak 10etik uztailaren 30era bitarteko agendan.

Kokapena

Artium museoa
Francia Kalea, 24
Gasteiz.