Arrakastaren bidean heldu da Ziburuko Euskal Liburu eta Disko azokaren 3. edizioa

Data

22.06.04 - 22.06.04

Lekua

Lapurdi - Ziburu

Astearte honetan aurkeztu da azoka.
Astearte honetan aurkeztu da azoka. (Guillaume FAUVEAU )

Argitaletxeen presentzia Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokaren arrakastaren erakusle argia da. 2019ko 1. edizioan 16 izan baziren, iaz 22, eta ekainaren 4an ospatuko den 3. honetan 33 izanen dira. Garapena beste eremuetan ere nabari da, espazioa handitu baita, eta programazioa ugaritu.

Izaera nazionala duen euskara hutsezko azokak Bidasoaren bi aldeetako bisitariak, antolatzaileak, artistak eta argitaletxeak elkartzen ditu, eta joan den urtean mahaien alde batean zein bestean egon ziren partehartzaileek hautu hori «azkarki babestu eta eskertu» zietela nabarmendu dute ekitaldiaren antolakuntzaren ardura duten Baltsan elkarteko eta ‘Argia’ aldizkariko ordezkariek, astearte honetan eman duten prentsaurrekoan.

Espazio zabalagoarekin bat eginez, literatur argitaletxeekin batera bederatzi diskoetxe edo musika ekoizle ere izanen dira presente. Sei obren aurkezpenak ere eginen dira, eta dena urririk izanen da.

Programazio aberatsa

«Gure programak aukera ematen du eguna Ziburun euskarazko sorkuntzaz gozatuz pasatzeko, izan liburu, kantu, antzerki, musika... Nahi dugu jendea hurbil dadila ez bakarrik oren erdi baten itzulia egitera, baina egun erdia edo egun osoa hor pasatzera, eta bistan da euskaraz pasatzeko» hitzekin luzatu du gomita Ladix Arrosagaraik, Baltsan elkarteko antolatzaileak.

Euskararen eta literaturaren zubi lanari erreferentzia eginez Zubiburu mahai-ingurua antolatu dute, non Amaiur Epher idazle gazteak Janbattitt Dirassar ziburutarrarekin partekatuko dituen esperientziak. Antolatzaileek Dirassar omentzeko ere baliatuko dute hitzordua.

Programazioa ugariagoa izango da aurten, hiru ekitaldi gehiago izanen dira. Antzerkiari tokia eman nahi izan diote, eta umorezko bakarkako saio bat eskainiko du Pantzo Irigaraik arratsalde hastapenean, eta ni Banna folk taldeak kontzertuak eskainiko ditu eguerdian. Jendeak eta euskarak herriko plaza hartzearen garrantzia nabarmendu dute antolatzaileek, horregatik inguruko lau ostatuak babesle bilakatu dira, eta Boga eta Atala ostatuen aitzinean ospatuko dira kontzertuak.

Berriz ere eginen da zirriborroka bertso-marrazki saioa eguerditan, haurrentzako ekitaldia goizean, eta kontzertua arratsean. Azken hau Adar taldeak eskainiko du.

Iaz jende andana bildu zuen eskoletako haurrekin goizean egindako kantu hitzordua aurtengo ere programatuta dago, nahiz eta oraindik ez den parte-hartzaile guztien zerrenda ezagutzen.

«Ikasek duela bizpahiru urte argitaratu zuen Maddi Zubeldiaren ipuin didaktiko batean oinarrituta ikusgarria dute Maddik berak eta Bernadette Lurok. Gure helburua da eskola guztiek parte hartzea eta aukera ematea eskola guztietako haurrei euskaraz aritzeko, edo bederen aditzeko eta kantatzeko, eskolatik kanpo, arrotza baitzaie anitzi».

Euskara

«Argitaletxeak Euskal Herri osotik heldu dira, bisitariak ere ikusi zen joan den edizioan probintzia guztietatik etorri zirela, eta euskara hutsez partekatzeko mementoak ez dira hainbeste, eta behar ditugu arnasa egin dezagun, eta naturalki euskaraz bizi gaitezen» gaineratu du Baltsan elkarteko kideak.

Euskara zubi izan daitekeela ere nabarmendu dute antolatzaileak, Bidasoarena bezala, euskaldun berri eta euskaldun zaharren artekoa, kostaldekoena eta barnealdekoena: «Euskarak batzen baitu mugek bereizten dutena».

Ziburuko XVII. mendeko idazlea

Joanes Etxeberri Ziburukoa idazlea XVII. mendean bizi izan zen eta Lapurdiko kostaldeko herrian, Sarako Eskola izenarekin ezaguna den taldeko ordezkari garrantzitsuenetakoa da Axularrekin batera, baina bere izena ez da ezaguna. Hori dela eta, antolatzaileek idazlea ezagutarazteko mintzaldia antolatu zuten, maiatz hastapenean Maiatz argitaletxearekin batera: «Pentsa ez dauka bere herrian berean ez karrika, ez plaza izenik ere!».

Céline Mounole Hiriart Urruty Paueko eta Aturriko Herrietako Unibertsitateko irakasleak eta ikerlariak eskaini zuen mintzaldian lapurtera klasikoari buruzko testuinguru politiko, literario eta linguistikoari buruzko zehaztapenak entzun ziren, gela betean.

Kokapena

Ziburuko plaza
Herriko plaza
Ziburu. Lapurdi