ArteDrama Euskal Laborategia 20tik 22ra, Aulestian

Data

21.09.20 - 21.09.25

Lekua

Bizkaia - Aulestia

Aurreko edizioetako irudia. (NAIZ)

Astelehen honetan hasita eta larunbata arte, hilak 25, hamaseigarren urtez jarraian, ArteDrama Euskal Laborategia egingo da Aulestian.

Artedrama Arte Eszenikoen Plataformak eta Aulestiko herriak elkarlanean antolatutako ekimen honek elkarren osagarri diren bi atal hartzen ditu bere gain: formakuntzari dagokiona batetik eta programazioari dagokiona bestetik.

Euskal antzerkirako eta bere ikerketarako antolatzen den laborategian, hamalau ikaslez osatutako taldearekin irakasle lanetan harituko dira: Ander Lipus, Olatz Gorrotxategi, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Ruth Guimerá eta Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra. «Elkarrekin, dramaren hizkuntza unibertsalari euskal antzerkigintzak eman diezaiokeen begirada partikularra aurkitzeko une eta toki bihurtuko dugu Aulestia», adierazi dute.

Aurtengo egitarauari, Axut! konpainiaren ‘Amua’ antzezlanak emango dio hasiera. Asteartean, Horman Poster kolektiboaren ‘Antigone’ eskainiko da; asteazkenean ‘Lurrun Minez’ antzezlanaz gozatu ahal izango da eta ostegunean berriz, Mairu antzerki taldearen ‘Iluntzen’ lanaren txanda izango da. Emanaldi guztiak doan izango dira, Aulestiko frontoian, iluntzeko 21.00etan.

Ostiral eta larunbateko emanaldiak Benetan Be Teatroaren ‘Porno vs Afrodita’ eta Huts Teatroa-Artedramaren ‘Atzerrian Lurra Garratz’ antzezlana, 22.00tan izango dira; herriko frontoian baita, eta 5 euroko sarrera izango dute. Sarreren erreserba, Aulestiko udalera telefonoz deituta egin daiteke.

Kokapena

Pilotalekua
Eleizkale 12
Aulestia. Bizkaia