‘Asfaltoaren azpian, euria’, gure inguruari begi berriez erreparatzeko gonbita

Data

23.06.10 - 23.09.12

Lekua

Araba - Gasteiz

Kalez kale bizitako esperientzia ibiltaria da ‘Asfaltoaren azpian, euria’.
Kalez kale bizitako esperientzia ibiltaria da ‘Asfaltoaren azpian, euria’. (Asier CAMACHO)

2033. urtea da. Covid-aren Omega aldaera basatiaren eraginez hamar urte eman dute hiritarrek etxealdian. Berriz kalera irteteko unea iritsi da.

Zenbat aldatu dira gure auzoak? Eta gu? Zerua laino dago. Ekaitza dator. Euri tanta bat gehiago jasateko gai izango al gara? Hauexek ‘Asfaltoaren azpian, euria’ lanean Piszifaktoria Ideien Laborategiak airean utziko dituen galderak.

Kalez kale doan obra ibiltaria da. «Ibilaldi dramatiko bat da gure auzoko kaleetan barrena, murgiltze-esperientzia bat, gure beldurren hondorainoko bidaia bat, teknologiaren, adimen artifizialaren eta zuzeneko musikaren laguntzarekin. Finean, espazio publikoko bizitzaren inguruko hausnarketa komunitario bat egiten ahalbidetuko digun ukronia espekulatibo bat», adierazi dute konpainiatik.

Antzerkiaren eta ekintza performatiboaren artean kokatzen da Piszifaktoria Ideien Laborategiaren jarduera eta ildo horri jarraiki ondu dute euren azken lana. Bilbo, Gasteiz, Hendaia eta Antsoaingo hiritarrekin batera landu duten proiektua du oinarri.

Mikel Ayllon-ek idatzi eta zuzendu du. Protagonistetako bat ere bada Irati Agirreazkuenaga eta Igor Arzuagarekin batera. Azken honek sortu du musika.

Jantzien ardura Betitxe Saituarena izan da, karakterizazioa Maite Gutierrezena eta atrezzoa Iñaki Ziarrustarena (ATX Teatroa).

Abangoardiako ikuskizun hau sortzeko, hainbat hiritako biztanleekin osatutako ikerketa artistiko bat izan dute oinarri. Joan den neguan, Errealitatearen Agertokian izeneko ekimena jarri zuten martxan. «Arkitektura eta hirigintza arloko adituekin solasean aritzeaz gain, Bilbo, Gasteiz eta Hendaiako bizilagunekin elkartu ginen, haien hirien gaineko hausnarketa kolektiboak egiteko. Han jasotako materialarekin ere osatuta dago ‘Asfaltoaren azpian, euria’ ikuskizuna».

Leioako Umore Azokan estreinatu ondoren, beste hainbat jaialditan ere ikusi ahal izango da. Sarrera librea da. Hauek dira datozen emanaldiak:

Ekainak 10 Gasteizko KaldeArten, Aihotz plazan hasita (13.00etan eta 22.15etan)

Ekainak 22 Bilboko Kalealdian Plaza Barritik abiatuta (20.00etan)

Ekainak 23 Bilboko Kalealdian Plaza Barritik irtenda (19.30ean)

Ekainak 24 Bilboko Kalealdian Plaza Barrian hasita (22.30)

Uztailak 8 Zarauzko Kalerkin Munoa Plazatik abiatuta (20.00)

Irailak 12 Antsoain Rafael Alberti plazatik (20.30)

 

Kokapena

Aihotz plaza
Aihotz plaza
Gasteiz. Araba