Assata: doinu beltzak Gaztelupen

Data

21.10.17 - 21.10.17

Lekua

Gipuzkoa - Soraluze

Assata

Urriaren 17an, igande arratsaldez, Assata taldeak zuzeneko emanaldia eskainiko du Soraluzeko Gaztelupeko tabernaren terrazan. 2019an kaleratu zuen taldeak ‘Dantzatu madarikatuok’ diskoa, eta kanta horiek taularatuko dituzte kontzertu honetan, giro dantzagarrietan datorren taldearen estudioko lehen emaitza zuzeneko emanaldian borobilduz. Sarrerak lau euro balio ditu eta egunean bertan eskuratu daitezke Gaztelupe tabernan bertan.

Assata Shakur omenduz, doinu beltz eta dantzagarriak aurkezten dituen taldea da Assata. Aspaldian horrelako doinurik ez genuen entzuten gurean, eta haize freskoa ekarri dute Euskal Herriko musika eszenara. Arrasateko entsegu lokaletan sortu zen Assata taldea, Anger taldean ibilitako musikarien bizkarrezurrarekin. Musikalki, beste koordenada batzuetan daude egun, eta Anger taldearekin jorraturiko zenbait eraginek bertan dirauten arren, bestelako doinuak lantzen dituzte Assata egitasmoan.

Funk doinuak, rock bandako kideekin. Doinu beltzak, euskaraz. Dantza beraien erritmora. Iban Morales (bateria), Jon (baxua), Jokin Zubiria (teklatua), Beñat Unzueta (gitarra) eta Arkaitz Biain (ahots nagusia) musikariek osatzen duten boskoteak duela bi urte plazaratu zuen bere lehen lana: ‘Dantzatu madarikatuok!’. Lana aurkeztearekin batera, ‘Egologista’ bideoklip bikaina sareratu zuten, diskoari giro dantzagarrien adierazle nagusi bezala.

Beraz, igande arrats koloretsuaz gozatzeko aukera izango da Gaztelupe tabernaren terrazan, orain, inoiz baino gehiago, gerriak astintzeko garaia baita.

Kokapena

Gaztelupe taberna
Gaztelupe kalea
Soraluze. Gipuzkoa

Loturak