Azpeitiak hartuko ditu Bertso Egunaren ekitaldiak urtarrilaren 28an

Data

23.01.28

Lekua

Gipuzkoa - Azpeitia

Iaz Getarian egin zen Bertso Egunaren irudia.
Iaz Getarian egin zen Bertso Egunaren irudia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Urtarrilaren 28an Bertso Eguna egingo du Bertsozale Elkarteak Azpeitian. Sei bertso bazkari egingo dira elkarte banatan eta afaria eta afalosteko bertso ekitaldia antolatu dituzte Elikagunean.
 
Sarrerak gaur bertan jarri dira salgai bertsosarrerak atarian.

Egun osoko plana ari dira antolatzen: 11.30ean elkartu eta kalez kaleko poteoa egingo da, libreko bertso saio irekiekin. Ondoren, 14.30ean, bertso bazkariak egingo dira zenbait elkartetan: Oilo Soro, Zulo Zabal, Ziripot, Oilagorra eta Txalintxo elkarteetan.

«Gainera, gustu guztiak asetzeko moduan, mota ezberdineko bertso saioa eskainiko da horietako bakoitzean: libreko saioak, gaiekin osatutakoa edota bertso saio musikatua», iragarri dute. Arratsaldean poteoa izango da, eta 21.00etan afaria eskainiko da Elikagunean. Afalostean izango da bertso ekitaldia Elikagunean bertan.

Azpeitiko Udalaren eta herriko hainbat elkarteren laguntza izango du Bertso Egunak.

Bertso bazkariei dagokionez, sei izango dira aldi berean elkarte banatan. Elkarte bakoitzean mota ezberdineko saioa eskainiko da. Tartean, hiru libreko saio izango dira: batean, Jone Uria eta Sustrai Colina ariko dira; bestean, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza; eta hirugarrenean, Jexux Mari Irazu eta Unai Iturriaga. Bertso saio musikatu bat ere izango da, eta han ariko dira Aitor Etxebarriazarraga, Beñat Gaztelumendi, Maddalen Arzallus eta Nerea Ibarzabal; musikaren ardura izango dute Gari Otamendik eta Ixak Arrutik. Ematen zaizkien gaiei erantzunez ariko dira, berriz, Andoni Egaña eta Nerea Elustondo seigarren bertso bazkarian. Azken bi saiootan ariko dira gai jartzen Imanol Artola Felix eta Ane Ezenarro.

Elikagunean afaldu eta afalostean ere izango da bertso saiorik. Eñaut Martikorena eta Maialen Lujanbio ariko dira librean; gaiak jarrita, Ane Labaka, Maddi Aiestaran, Peru Abarrategi eta Sarai Robles; eta bertso jarriekin, Aissa Intxausti, Ander Fuentes Itturri, Joanes Illarregi, Josune Aramendi eta Xabat Illarregi. Gai jartzen ariko dira Ane Ezenarro eta Imanol Artola Felix.

Kokapena

Elikagunea
Plaza Nagusia Plaza, 11
Azpeitia. Gipuzkoa