Badator Bertsoaroa sei emanaldiz osatutako egitarauarekin
Data
23.02.09 - 23.03.02
Lekua
Nafarroa - Iruñea

Badator Bertsoaroa. Otsailaren 9tik martxoaren 2ra arte egingo da 32. edizioa Iruñean. Tartean, sei emanaldi izango dira guztira, Iruñeko hainbat tokitan zabalduta.
Egitarauaren baitan hiru bertso jaialdi izango dira, ‘Anonyme Popular’ emanaldi berezia, ‘Bertso jasa,bat-bateko jolasa’ haurrentzako tailerra, eta, lehen aldiz bertso afari bat, kasu honetan zentzumenekin lotua.
Urteroko apustuari helduz, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa eman nahi izan diete antolatzaileek. Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute –14 urte artekoen kasuan, doan–, eta hiruentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 eurotan (sarrerak salgai antzokiaren webgunean).
‘Bertso jasa’ tailerrerako izena eman beharko da aurrez, eta bertso afari sentsorialaren kasuan, Geltokiren webgunean erosi beharko dira sarrerak, 21 euroan. Gazteen bertso saioak sarrera librea izango du, aforoa bete arte.
Egitaraua
Bertsoaroa bertso jaialdi batekin hasiko da, aurreko edizioetan bezala. Ainhoa Larretxeak hartu gaiak prestatu eta jartzearen ardura eta sei bertsolari, tartean, herrialdeetako txapelketetako lau txapeldun arituko dira kantari: Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Etxahun Lekue, Julio Soto, Miren Artetxe eta Saioa Alkaiza.
Otsailaren 9an izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19.00etan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18.30ean, Iruñeko III. Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa egingo da.
Otsailaren 15ean, LABAn, bertsolari gazteen saioa izango da Beñat Astiz, Bittori Elizalde, Eki Mateorena, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao eta Maddi Agirrerekin.Urteak badira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez.
Biharamunean, otsailaren 16an, Anonyme Popular emanaldiak lur hartuko du Iruñean. Igor Elortzaren gidaritzapean, ikus-entzunezko bertsoak taularatuko ditu obrak; bertso berriak, garaiari eta giroari jarriak. Igor Elortzaren hitzak eta ahotsak, Rafa Ruedaren doinuek eta soinuek, eta Kulturaz-eko dapatisten irudiek eta dirudiek osatzen dute emanaldia. Oier Zuñiga aritu da aholkularitza eszenikoan, eta Gotzon Garaizabal eta Malen Amenabarrena da irudia.
Urtarrilaren 29an estreinatuko da lana Azpeitian, eta Iruñekoa izango da lehen emanaldietako bat. Antzerki Eskolan izango da, 19.00etan. Txikienek ere izango dute haien tokia Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezala, ‘Bertso jasa, bat-bateko jolasa’ tailerra eskainiko da, otsailaren 18an, larunbatarekin, Arrosadiko Civivoxean. ‘Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa’ haur eta gaztetxoei zuzendutako bertso saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskaini zaie tailerra, eta izen ematea ezinbestekoa da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta, otsailaren 16a baino lehen.
Otsailaren 23an bigarren bertso jaialdi bat izango da, Antzerki Eskolan. Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Maddi Ane Txoperena eta Sarai Robles bertsolariek hartuko dute parte. 19.00etan hasiko da jaialdia.
Modu berezian bukatuko da aurtengo Bertsoaroa; izan ere, lehen aldiz, bertso afari bat izango da egitarauaren baitan. Ez da bertso afari arrunta izango, dena dela; zentzumenak jolasean jarriko dituzte bertsolariek, afalaurretik zein ostean. Geltokin egingo da, eta tokia izango dute produkzio ekologikoan dabiltzan gertuko hainbat ekoizlek ere. Geltokiko webgunean bertan erosi daitezke sarrerak, 21 euroan, eta bertan kontsultatu daiteke menua ere.
Leire Urbeltz ilustratzaile iruindarrak egin du aurtengo Bertsoaroaren irudia, eta Elizondoko Malmö estudioaren laguntza izan du diseinu grafikoan. «2023ko Bertsoaroaren irudian, zehar-mintzo eta ibilbide landuen bidez, bertsoak botatzeko neurriz gaineko diskurtso-gailu sofistikatua aurkezten dugu. Bitxikeri honek normalean kate-erreakzio bat sortzen du: metrika, errima eta patroiekin jolastuz zentzu sakona duen bat-bateko hartu emanak eragiten baititu» egilearen esanetan.
Kokapena
Geltoki
Oliveto Kontea, 6
Iruñea. Nafarroa