‘Baginen, bagara’, San Telmoko bildumari begirada betaurreko moreak soinean

Data

21.11.26 - 22.03.13

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa, erakusketan. (Gotzon ARANBURU/FOKU)
Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa, erakusketan. (Gotzon ARANBURU/FOKU)

‘Baginen bagara. Artista emakumeak: ikusgarritasun(ez)aren logikak’ erakusketak ateak zabaldu ditu ostiral honetan Donostiako San Telmo Museoan. 2022ko martxoaren 13ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketa arnas luzeko proiektu baten emaitza da. «Berdintasuna bere lan ildoetako bat izanik, aztertu eta bildu nahi zuen nolako presentzia eta garrantzia zuen emakumeek egindako arteak museoaren beraren bildumetan», azaldu dute San Telmoko arduradunek.

Azken mendeetan Artearen Historiak emakume sortzaileen lana itzalpean zergatik –erabilitako logika– eta nola gorde duen azaltzen dio erakusketak bisitariari. Denera 120 lan jarri dira ikusgai, 50 egile ingururenak, gehienak euskaldunak baina baita Estatukoak zein Europakoak ere.

Erakusketaren helburua San Telmo Museoaren, Gipuzkoako Diputazioaren –Gordailua– eta Kutxa Fundazioaren arte bildumak ikuspegi feminista batetik aztertzea da, bi helbururekin: alde batetik, bertan dauden emakume artisten lanak ezagutzera eman nahi ditu, artearen historiaren diskurtso patriarkalak baztertu dituenez, bestelako narrazio eta protagonistak proposatzeko. «Baina hori egiteko, oinarrizkoa da historiaren eraikuntzaren inguruko gogoeta abiatzea, bestela ezingo baitugu ulertu zeintzuk izan diren emakume horiek baztertu dituzten arrazoiak, zeinen barneratuak ditugun eta zelako pisua izan duten gure iruditegi amankomunaren eraikuntzan. Horregatik, diskurtsoaren eraketa arakatzea da gure bigarren helburua», adierazi dute Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa komisarioek.

Artelanez gain, Barcenillak eta Ansak bi urtez egindako ikerketaren dokumentazio ugari ikus daiteke erakusketan. Espazio neutraltzat hartu izan dira orain arte museoak, bertan adierazitakoa interpretazioa ez, egia dela uste izanez. Hala diote komisarioek. Baina diskurtso hegemoniko eta kanonikoetan eragin behar dutela pentsatzen hasi direla nabarmendu dute.

Zentzu horretan, Susana Soto San Telmo Museoko zuzendariaren esanetan «ezin da gerorako utzi orain arte sortu eta mantendu den arte sisteman emakumeek duten ikusezintasunaren gaineko hausnarketa. Diskurtso berria eta politika berriak eraikitzen laguntzera dator erakusketa, emakumeei euren tokia emanez».

Erakusketan parte hartu duten hain artistaren presentziarekin egin da ostiral honetan aurkezpena. Bertan ziren baita Bingen Zupiria Kultura kontseilaria eta Donostiako alkate Eneko Goia.

Catharina Ykens belgiarraren XVII. mendeko olioa, Hélène Feillet eta Blanche Hennebutten XIX. mendeko pare bat litografia, Cristina Iglesiasen 1998ko grabatuak, Ainize Txopitearen iazko serigrafia, Aran Santamariaren bi lan... margoa, eskultura, grabatua, eta instalazioak eta ikus-entzunezkoak, arte diziplinei dagokienean aniztasuna da erakusketaren ezaugarria.

Rosa Valverde, Marta Cardenas, Esther Ferrer, Menchu Gal, Mari Paz Jimenez, Isabel Vera, Ángeles Marco, Sandra Tucci, Francesca Llopis, Elena Asins eta Itziar Okariz, atzoko eta gaurko artistak, San Telmon presente daudenak.

Bost atal nagusitan banatua dago –alor desberdinak ditu bakoitzak– eta bildumak nola eratzen diren, obra baten autorea nor den, jasotako heziketa artistikoa nolakoa izan zen eta artea lanbide nola bilakatzen den dira, besteak beste, landutako gaiak.

Autoerretratuek eta gorputzak eta 90. hamarkadako eztandak eta Artelekuk esperimentaziorako eskaini zuen aukerak ere badute tokia.

Katalogoa argitaratuko da bi komisarioen, Miren Vadilloren eta Ane Lekuonaren testuekin.

Jarduera ugari antolatu dira erakusketaren harira. Informazioa hemen. Barcenilla eta Ansarekin egindako elkarrizketa jasotzen duen bideoa ikus daiteke erakusketaren sarreran, proiektuaren gako nagusiak biltzen dituena. Gainera, museoaren app-an ‘Baginen bagara’ ibilbidea gehitu da, bisitari bakoitzak bere gailua erabilita audiogidaz bisita egiteko aukera izan dezan.

Erakusketaren ordutegia 10.00etatik 20.00etara da, asteartetik igandera. Sarrera orokorra 6 eurokoa da eta leihatilan eta online eros daiteke.

 

 

 

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa