1901eko balearen arrantza gogoratuko du Oriok larunbatean

Data

22.05.14

Lekua

Gipuzkoa - Orio

2011. urteko Balea Egunaren irudia.
2011. urteko Balea Egunaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Ez zen edonolako eguna izan oriotarrentzat 1901eko maiatzaren 14a, Bizkaiko golkoko azken balea harrapatu baitzuten. Hala kantatzen dute Benito Lertxundik famatu egin dituen bertsoek. Eta ez daukate ahazteko oriotarrek. Hura gogoan, festa eguna egiten dute herrian. Bost urtetik behin ospatzen da eta berezia da herritarren egutegian. 2001ean egin zen lehen aldiz. Geroztik, beste hiru aldiz ospatu da: 2006an, 2011n eta 2016an. Iaz izurriak atzeratu egin zuen eta larunbat honetan iritsiko da eguna.

Goizeko 10.00etan hasiko da eguna itsas ondareari buruzko bisita gidatuarekin, Begi Bistan elkartearen eskutik. Ordu berean, Kultur Etxetik hasita Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira izango da herriko txistulariak lagun dituztela.

10.45ean herriko plazan eta herrian barrena Harribil dantza taldearen dantza ikuskizuna eta kalejira izango da. 11.30ean Bikamiotatik hasita, herrian barrena Salatxo Abesbatzak kantu kalejira egingo du trikitilarien laguntzarekin. 12.00 herriko plazan sardina-pintxoak eskainiko zaizkie bertaratutakoei.

13.00etan moilara eramango dute balea arrunlariek eta Salatxo abesbatzaren eta Harribil dantza taldearekin batera egingo zaio ongietorria. 14.30ean herriko plazan herri bazkaria izango da. Tiket denak salduta daude eta 250 lagun inguru elkartuko dira bertan.

Arratsalde partean ere jai giroak jarraituko du. 17.30ean plaza-dantzak iragarri dituzte Xoxote Bandarekin eta Talai-mendi dantza eskolak antolatuta. 20.00etan herriko kaleetan Orkestra Elektrotxaranga eta 22.30ean DJ Aros arituko da.

Igandean, berriz, aurtengo egitarauari amaiera emanez 12.00etan herriko plazan Gora Kaletxiki Andoaingo musika bandak kontzertua eskainiko du Martin Peronaren omenez, Danbolin Musika Eskolako bandaren laguntzarekin.

Ekitaldietara sarrera doan da. 

Ilusioa

«Ilusio berezia egiten didan prentsaurrekoa da, alkate gisa aurkezten dudan lehen Balaren Eguna delako, eta, pandemiaren ostean, festa-giroa berreskuratzeko lehen pausoa ere badelako», adierazi zuen Anuska Esnal Orioko alkateak aurkezpen egunean.

Azken urteetan Udalak errioaren eta ondarearen aldeko apustu serioa egin duela gogoratu zuen, eta «balea-arrantzak zerbait adierazten badu, herri osoaren batasuna da: herri oso bat helburu baten alde lanean».

Xabi Ibarguren kultur zinegotziaren esanetan «Orioren harrotasunaren parte da ospatzera goazena. Hizkuntzak ez ezik, bizibideak eta ogibideak ere gure identitatea sortzen dute, eta festa hau gure nortasun kolektiboaren parte da».

Aurtengo programa erlojuaren kontra osatu behar izan du Udalak eta, azken edizioa baino txikiagoa izango den arren –herri antzerkirik ez da prestatu–, ilusio eta gogo berdinarekin prestatu dutela nabarmendu zuen. «Egun berezia izango da, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditugu, Balearen Eguna oriotarrok egiten dugulako berezi».

Larunbateko egitarauaz gain Udalak herriko eragileekin elkarlanean prestatutako dozenatik gora ekitaldi egin dira egunotan «jaiak sortzen duen zirrararen eta giroaren erakusle».

Larunbateko, maiatzak 7, Mende bete arraunean eta bertsotan 2001eko ikuskizunaren bideo-proiekzioarekin ekingo zaio programari eta, egun handiaren aurretik, haurrei zuzendutako jarduerak nabarmenduko dira: familia osoarentzako Azken Balea clown antzezlana, bi eskoletako haurrek herrian barrena egingo duten kantu-bira, eta ontzigintzaren inguruko haurrentzako tailerrak, Mutiozabalen (aurrenekoz zabalduko dute ontziola, eraberritze-lanen ondoren). Balearen Egunaren bezperan, bestalde, Benito Lertxundiren kantaldia izango da kiroldegian; sarrera guztiak ahituta daude jada.

Usoa Zulaikaren kartelak iragarri du egitaraua aurten. Estrainekoz Balearen Egunaren irudia aukeratzeko kartel lehiaketa antolatu du Udalak. Gustura agertu dira udal arduradunak «deialdiak erantzun ederra» baitu. Helduen kategorian hamar lan aurkeztu dituzte eta, Zaragueta IPI Herri Eskolarekin eta Orioko Herri Ikastolarekin elkarlanean, ehunka lan bidali dituzte gaztetxoenera.

«Litografia estiloko itsasoaren, balearen isatsaren eta hori koloreko eguzkiaren bidez, jaiaren eta herriaren iruditeria modu sinple bezain eraginkorrean bildu ditu sortzaileak», adierazi dute antolatzaileek. Mikel Valverdek eskuratu du epaimahaiaren aipamen berezia. Hauek biak eta beste lanak ikusgai daude kultur etxean, Balearen Egunera arte.


 

Kokapena

Herriko Plaza
Herriko Plaza
Orio. Gipuzkoa