Balenciaga eta Alaïa, eskuz esku, Getariako museoan

Data

21.04.30 - 21.11.01

Lekua

Gipuzkoa - Getaria

Erakusketako irudia. (Maialen ANDRES | FOKU)

‘Alaïa eta Balenciaga. Formaren eskultoreak’ erakusketa antolatu du Cristobal Balenciaga Museoak bere hamargarren urteurrenean. Bi sortzaile horien –Azzedine Alaïa (1935-2017) eta Cristobal Balenciaga (1895-1972)– ehun lanetik gora egongo dira ikusgai, Parisko Azzedine Alaïa Fundazioaren bildumakoak denak, ostiral honetatik hasi eta azaroaren 1era arte.

Azzedine Alaïa (1935-2018) Tunisian jaio eta Parisen bizi izandako jostuna moda bildumagile grinatsua izan zen. Bost hamarkada baino gehiagoko lan ibilbidean, parerik ez zuen bilduma ederra osatu zuen. Teknika espezifikoz egindako jantziak zituen interesgune, eta modaren historiako izen eta piezarik gutiziatuenak galbidetik eta ahanzturatik erreskatatzea zuen helburu. Horien artean, Cristobal Balenciaga zuen kutunena, estimatuena.

Olivier Saillard komisario izan duen erakusketa honek lehen aldiz bildu ditu bi sortzaileen ehun pieza baino gehiago, bien lanen arteko elkarrizketan, eta biek partekatzen dituzten ezaugarri ugari jartzen dira agerian, bai sormen prozesuari bai diseinuari dagokienez. Halaber, balioan jartzen du bi ‘couturier’-en denboraz gaindiko ondarea eta modaren historiari egin dioten ekarpena.

Biek konpartitzen zuten neurrien eta bolumenen oreka perfektua. Beren esku eta lan-mahaietan, soinekoak teknika zehaztetik eta menderatzetik sortzen ziren, biek ala biek maisuki menderatzen baitzuten.

Beroki eta jaka zehatzek berresten dute zer maisutasun duten mozketan. Oihalekiko bien maitasun partekatua –trebetasunez eta sotiltasunez landu zituzten– adierazten dute gasa eta parpailezko soineko beltzek. Kolore hori, beltza, da bien topagunea, eta xehetasunekiko arreta zehatza jartzen dute biek. Bestalde, Balenciagaren fuksia distiratsua eta Alaïaren gorri bizia elkarrizketan jarduten dira, gure begiak liluratuz.

Beren sorkuntzak arkitektura-adibide izugarriak dira, eta gogorarazten digute zer bereziak izan ziren bi couturierrak beren garaian, eta zer nolako gaurkotasuna duen haien ondareak beti.

Erakusketak sei areto hartzen ditu, museoko 1.000 metro karratu inguru. Azzedine Alaïa Fundazioak eta Cristobal Balenciaga Museoak antolatu dute elkarlanean, Hubert de Givenchyren oroimenez. Izan ere, hura izan zen ideia horren jatorrizko sustatzailea.

Museoko leihatilan eta online eros daitezke.

Kokapena

Balenciaga Museoa
Aldamar Parkea, 6
Getaria. Gipuzkoa