Balenciagaren lan prozesua islatzen duten 120 marrazki eta dokumentu ikus daitezke Getarian

Data

23.03.29 - 23.05.21

Lekua

Gipuzkoa - Getaria

Lorenzo Riva italiar diseinatzailea erakusketaren irekieran izan da gaur.
Lorenzo Riva italiar diseinatzailea erakusketaren irekieran izan da gaur. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jantziena ez, marrazkien erakusketa zabaldu du Getariako Balenciaga Museoak. Euskadiko Artxibo Historikoaren Riva dokumentu-funtsaren erakusgarri da, 8.000 erreferentzia baino gehiagorekin. Lakuak 2022an erosi zion funtsa Lorenzo Riva italiar diseinatzaileari. Hark kontserbatzen zituen dokumentuok, 1980ko hamarkadaren hasieran markaren zuzendari sortzaile izan ondoren. 

«Oso pozik nago marrazkiak orain Cristobal Balenciaga Museoan gordetzen direlako. Leku egokia da. Ziur nago merezi duten bezala aztertu eta baloratuko dituztela. Moda ez da soilik negozio bat, historia da, unean uneko gizartearen isla», esan du Rivak. 84 urterekin, Monzatik (Italia) hurbildu da Getariara erakusketaren irekiera ikustera. Gainera, bere zenbait diseinurekin osatuko du erakusketa.

Erakusketaren ondoren, agiriak Balenciaga Museoan gordailutuko dira, han aztertu eta iker ditzaten. «Hori dela eta, erakusketaren bidez, bildumaren garrantzi historikoa zabaldu, haren jatorriaren balioa azpimarratu eta haren edertasuna partekatu nahi da», adierazi dute museoaren arduradunek.

Erakusketak begien bistan jarri du Balenciaga etxean XX. mende erdialdeko hamarkadetan egindako lanaren prozesua. Denera 120 marrazki eta dokumentu. «Diseinua kontzeptualizatzen denetik aurkezten den arteko prozesua azalduko da, eta zati handi bat egikaritzeari buruzkoa da», azaldu dute.

Zenbait eskuk eta askotariko teknikak erabiliz egindako zirriborroez gain, hainbat dokumentu pribatu eta Cristobal Balenciagak eskuz idatzitako ohar ugari bildu dira. «Azken dokumentuok agerian uzten dute jostunak etengabeko inplikazioa izan zuela prozesu osoan, eta multzoari interes gehigarria ematen diote», nabarmendu dute.
 
Funtsaren ia bosten bat aurretiazko zirriborroek osatzen dute. Oharrik gabeko marrazkiok esplorazio-ideiak irudikatzen dituzte, eta ez dira nahitaez bildumako modelo bihurtzen. Horietan, aipatzekoa da 1951ko udako bilduman aurkeztutako modelo erdi-estutu bat, zeina mugarri bat izan zen modaren historian.

Erakusketaren zatirik garrantzitsuena 1956 eta 1962 bitartean egindako tailerreko zirriborroei dagokie. Marrazkion bidez, Balenciaga Etxeak denboraldi bakoitzean aurkezten dituen modeloei buruzko informazio zehatza aurkezten da. Zirriborroetan erregistro-zenbaki bat, gauzatzeaz arduratzen den première d’atelier delakoaren izena eta aurkeztuko duen manikiaren izena jasotzen da. Zirriborro asko materialei eta hornitzaileei buruzko oharrekin eta ehun-laginekin osatzen dira.

Balenciagak eskuz idatzitako oharretan, zenbait modeloren eraketari buruzko aldaketak eta argibideak ere ikus daitezke. Horietan, Etxearen ekoizpen-prozesuaren beste alderdi bat islatzen da. Bilduma aurkeztu arte, modelo bakoitzak aldaketa puntualak izan zitzakeen, hala gauzatzeari dagokionez nola multzoko beste jantzi batzuekiko harremanari dagokionez.

Merkaturatzea eta salmenta

Zirriborro komertzialak ez dira hain ohikoak funtsean, 1950eko hamarkadakoak dira eta bildumen aurkezpenetarako egiten dira.
 Desfile horiek, Parisko etxean ez ezik, Europako eta Amerikako beste 
hiri batzuetan ere egiten ziren. Kategoria honetan sartzen dira, halaber, erosketa-prozesuan hainbat bezerori bidalitako zirriborroak, bai eta publizitate- eta sustapen-xedea izan zezaketen zirriborro landuagoak ere.

‘Total look’ delakoaren garrantzia hauteman daiteke funtsean, osagarriei buruzko zirriborro-multzo txiki baten bidez. Cristobal Balenciagak eskuz idatzita jaso zituen materialei eta koloreei buruzko oharrak, baita kapelak eta burukoak jartzeko posizioak ere; hala, argi dago jostunak siluetaren sorkuntza-prozesu osoan parte hartu zuela. 

Euskadiko Artxibo Historikoa Funtsak antzerki-emanaldietarako zirriborro ugari ditu, 1940ko hamarkadan eginak. Janzkera historikoaren ezagutza zabal eta zehatza agerian
 geratzen da zirriborro horietan; besteak beste, Alice Cocéa aktoreak
Echec à Don Juan (1941) antzezlanean erabiltzeko egindako modelo batzuk aurki daitezke.

Artxibo publikoa

Halako tamaina eta garrantzia duen artxibo ezagun bakarra da hau. Munduko beste ezein museok ez du gordetzen Balenciagari buruzko halako beste dokumentu-funts espezifikorik, eta gaur egungo Balenciaga etxeak soilik du funts handiago bat, baina ez dago sarbide publikorik haren artxiboetara jotzeko.

Balenciaga Museoko zuzendari Miren Vivesen ustez, zirriborroen bilduma horrek «bultzada handia ematen die Museoko dokumentu-funtsei. Erosketa horren bidez, Museoarekin lotutako dokumentu-ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartu egin da».

«Funtsari esker, ikerketa-ildo garrantzitsuak zabalduko dira eta, ondorioz, Cristobal Balenciagaren sormen-prozesuari buruzko ezagutza berria sortuko da» museoko arduradunetan esanetan.

Gasteizko Gobernuko Kultura sailburu Bingen Zupiriak adierazi duenez, «Balenciagaren mota horretako lehen bilduma da, eta arlo publikoaren esku dago; beraz, ondarearen ikuspegitik oso aberasgarria da euskal kultura-ondarea eratzeko».

Bildumaren jatorria

Balenciaga Fundazioak moda diseinatzailearen tailerrean sortua izan zitekeen artxibo dokumental baten digitalizazioa, antolaketa eta zabalkundea hauteman zuen, eta 
hura topatzeko lanari ekin zion. 2021eko abenduan jarri ziren lehen aldiz harremanetan Lorenzo Rivarekin, bildumaren jabearekin.

Rivak Balenciagako zuzendari artistiko gisa lan egin zuen 1980 eta 1982 artean, eta enpresaren salmenta negoziatzen ari zirenean, handik irteteko kalte-ordain ekonomiko bat eta jenerotan ordaindutako beste bat adostu zituen; azken hori da, hain zuzen, gaur aurkezten den artxiboa. Marrazkiak kutxa batzuetan gordeta egon ziren 2021era arte. «Ez nuen inoren eraginik izan nahi, marrazki ederrak ziren, eta poztu egin nintzen salbatu nituelako, besterik ez nuen behar. Nahasmeneko urte haietan, zeinetan Balenciaga Etxean sozietate-aldaketa etengabeak egon ziren, galdu egingo ziren», italiar diseinatzailearen hitzetan.

Euskadiko Artxibo Historikoan gordetako funtsari prebentziozko kontserbazioa egin zaio eta inbentariatu egin da. Material guztia digitalizatzen ari dira –etorkizunean zuzenean manipulatu gabe ikertu ahal izateko–, eta papera kontserbatzeko euskarri egokietan jarri dute. Gainera, erakusketaren ondoren, funtsa behin-behinean siglatuko da eta hura aztertu eta katalogatzeko lanei ekingo zaie.

Martxoaren 31 bitarte asteartetik igandera 11.00etatik 15.00etara; apiriletik aurrera 11.00etatik 19.00etara. Sarrerak leihatilan bertan eta webgunean.

Kokapena

Balenciaga Museoa
Aldamar Parkea Parkea, 6
Getaria. Gipuzkoa