Barbara Stammel eta Ramon R. Cabestany, margoen eta eskulturen elkarrizketa, Ekainen

Data

22.07.28 - 22.09.24

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Ramon Ruiz Cabestany, Donostiako erakusketan.
Ramon Ruiz Cabestany, Donostiako erakusketan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Barbara Stammelen margoek eta Ramon Ruiz Cabestanyren eskulturek Ekain arte galeriako espazioa partekatuko dute datozen asteotan. Ostegun honetan irekiko ditu ateak udako erakusketak. «Iaz gonbidatu nituen lehen aldiz kontestu desberdineko bi egile. Aurten nire asmoen berri eman nienean biak asko harritu ziren. ‘Nola? Nire lanak ez du zerikusirik berearekin!», esan zidaten, urduri», kontatu du Rita Unzurruzaga arte galeristak. 

Hasierako beldurrak beldur, pozik daude egileak emaitza ikusita. «Ondo ezkontzen dira bien artelanak», nabarmendu du Unzurrunzagak. 

Aurrez aurre baino, elkarren ondoan daude margo zein eskulturak, elkarrizketa atseginean. Kolore paleta bera erabili dute Stammel zein Cabestanyk. Lurraren koloreak ikus daitezke erakusketan, txuri, beige, okreak. «Proposamena luzatu nienean pentsatu nuen elkar ondo osatuko zutela –dio–. Eta orain ikus daiteke elkarrizketan sortu den armonia».

Testura da bi sortzaileen artelanek komunean duten beste ezaugarria. Eta gizakiarengan jartzen dute biek fokua.

Erretratuak

Gertu jartzen du fokua Stammelek. Erretratuak lantzen ditu, emakumeei gertutik begiratzen die. Lehen planoak. Aurreko lanetako kolore ilun –beltza eta marroia ziren nagusi– eta begirada sarkor bezain gogorrak alboratu eta irudi abegikorragoak jarri ditu ikusgai. Helduak zituen lehen protagonista, haurrak eta gaztetxoak orain. Xalotasuna darie. 

Afrikarren aurpegiak ikus daitezke tartean, jaiotzen garen lekuak gure bizitza nola baldintzatzen duenaren gainerako hausnarketara gonbidatuz.

Koloreak berak sortzen ditu olio eta pigmentoen bidez, hasieratik da artisau lana Stammelena. Liho gainean margotzen du. 11 erretratu txiki eskegi ditu denera, tamaina handiko beste bi lanekin batera. Egurrean egindako beste bat –berritasuna da– ere ikus daiteke.

Eskulturak

Aurrez aurre ez, distantziatik begiratzen dio gizakiari Cabestanyk. Hogei eskulturatik gora aukeratu ditu Cabestanyk. Aspaldi ekin zion bideari jarraitzen dio. Gizakia bere bakardadean, bere zirkunstantzien menpe, espazio handi baten aurrean, amildegiaren ertzean zenbaitzutan.

«Izaera monumentala dute, giza figurak txikiak izanik tamaina handia iradokitzen dute», azaldu du artistak.

«Figurak ez ditut eskalari erreferentziarako bakarrik sortu, instant bat islatzen du obrak, eta une horretan zerbait ari zaio gertatzen», argitu du.

Behaketa, oreka... landu berriak dituen lanetan erabilitako metafoak ugariak dira. «Ez dut gai jakinik proposatu, inprosazioari eta burura datozkidan pentsamenduei –bizi edo ikusi ditudanak– egin diet leku, nire sorkuntzan ohiko den zerbait», jarraitu du.

Zeramika funtzionala landu zuen urte luzez eta nabaria da estiloari eta materialak lantzeko moduari dagokienean. Buztina tindatu egiten du, koloreztatu, eta labera sartu ondoren. Bertan erredukzioa izeneko prozesu fisiko-kimikoa landuta –oxigenoa gutxituz– lortzen du bilatzen duen emaitza testurari eta koloreari dagokionean.

Bide berriak jorratu nahiak giza figuraren presentzia gutxitzera darama Cabestany, pixkanaka. Eboluzio artistikoaren lekuko.

Piezen sostenigarritasuna azpimarratu du erabilitako materialari eta energiari dagokienean. «Esku bakarrean sar ditzazkezu, gainera», esan dio NAIZi.

Arte galeriako sarreran bada aipamena merezi duen eskultura. Argi-itzalen jolas erakargarria. «Ez da errelatoa bakarrik, bolumenak, formak, eta argiak, denak hartzen du parte» sorkuntzan Cabestanyren esanetan. 

11.30etik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara asteartetik larunbatera. Larunbatetan eguraldi ona egiten badu itxita. Sarrera doan da.

Kokapena

Ekain Arte Lanak
Iñigo Kalea, 4
Donostia. Gipuzkoa