Bardoak: finalaurrekoak eta finala
2020/10/02 - 2020/10/17
Goizueta
Nafarroa
Bertso_saioak_asteburuan
AIPAMENAK

Urriaren 2an itzuliko dira Bardoak plazara, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean. Bi finalaurreko eta finala jokatzear zirela eten zen taldekako txapelketa, Covid-19aren pandemiaren eraginez, martxoan. Eta orain berrabiaraziko da, osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatuta; urriaren 2an jokatuko dira bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jaunsaratsen. Finala, berriz, urriaren 17an izango da, Lizarran.

Sei hilabete luze pasa dira Bardoak 2020, Nafarroako taldekako bertsolari txapelketa, eten behar izan zenetik, Covid19aren pandemiaren eraginez. Bi finalaurreko eta finala gelditzen ziren jokatzear txapelketari amaiera emateko. Ordurako, Leitzako Atekaberts komeni taldeak eskuratua zuen finalean parte hartzeko txartela, baina beste bi finalistak zeuden argitzeke.

Bata, Goizuetako finalaurrekoan zehaztekoa zen, Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeen artean jokatzekoa zen saioan (joaneko saioan, Anizen, Bertsonautak taldekoek eskuratua zuten lehen puntua). Bestea, Jaunsaratseko finalaurrekoan zen argitzekoa. Han elkartu behar ziren Berako Lamixene eta Barañaingo Hego haizea taldeak, txartela nork eskuratu (Tafallan zen jokatua aurretik joaneko saioa, eta beratarrek lortua zuten puntua).

Bertan behera gelditu ziren ordea bi saioak; baita martxoaren 28rako aurreikusitako finala ere.

Orain, ia zazpi hilabeteko etenaren ostean, plazara itzuliko dira Bardoak, egitasmoa bukatzeko falta zena jokatzeko asmoz. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, tokiko antolatzaileekin batera, konpromisoa hartu du pandemia egoerak eskatzen dituen segurtasun eta prebentzio neurri guztiak betetzeko. Gauzak horrela, aforoak mugatu eginen dira, segurtasun tarteak mantenduko dira, aretoetara sartzeko eskuak garbitu beharko dira, eta musukoa ezinbestekoa izanen da, saio guztian zehar. Gainera, saioen osterako aurreikusitako otorduak ez dira eginen.

Bardoetako finalean izango dira Malerrekako eta Berako taldeak

KOKAPENA
Udaletxeko ganbara
Goizueta
Nafarroa