‘Basque Way’, AEBn euskaldunen aztarnari segika sortutako irudi sorta

Data

21.07.19 - 21.07.30

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Erakusketaren irudia. (Gorka RUBIO / FOKU)

‘Basque Way, itzulerako txartelik gabe Ameriketara bidaiatu zuten euskaldunen aztarna’ erakusketa Donostiara heldu da. Itzulerako txartelik gabe Ameriketara bidaiatu zuten euskaldunen aztarnak erreskatatzen saiatu den 12 geldialdi historikoko eta argazki sortako 20.000 kilometroko bidaia da.

Ekimena Tejas Rojas elkarteak antolatu du eta Espainiar Kultur Ekintzak, EAEko Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute. Guztira, 1,5x2 metroko 12 kubo dauzka. Erakusketa ikusgai egon da Gasteizen eta Bilbon. Kuboak uztailaren 30era arte egongo dira Koldo Mitxelena Kulturunearen aurrean.

David Quintas argazkilariak eta Martin Ibarrola idazleak, Maria Jose Telleria Gipuzkoako Aldundiaren Kulturako foru zuzendariak eta Denis Itxaso EAEko Gobernuaren Ordezkariak aurkeztu zuten erakusketa Gipuzkoako hiriburuan.

2003 eta 2019 bitartean, David Quintas argazkilariak hainbat argazki espedizio antolatu zituen Latinoamerika, Estatu Batuak eta Kanadako herrialdeetara, 20.000 kilometro asfalto baino gehiago estaliz eta euskal jatorriko lekuak, izenak, ohiturak, pasadizoak eta arkitekturak hilezkortuz.

Quintasek azaldu zuenez, «gizon eta emakume euskaldun haien oroitzapenak leku susmagaitzenetan bizirauten du. Batzuetan, erreferentziak aurkitzen nituen saltoki exotikoetako idazkunetan eta, beste batzuetan, mendien artean galdutako herriak arakatu behar izan nituen toponimo bat aurkitzeko. Pozten nau abentura hori orain partekatzeak eta joan zirenen arrasto galduak aldarrikatzeak».

‘Basque Way’-k ibilbide hori erreplikatzen du eta Martin Ibarrola kazetari eta idazleak idatzitako 12 istorio gehitzen ditu, «Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuten bidaiari ausart haien testigantza harrigarri eta zirraragarrienak berpizten dituztenak».

«Erakusketa aitzakia ezin hobea izan da gure iraganeko pasarterik ezagunenetara bidaiatzeko», azaldu zuen Ibarrolak. «Euskal jatorriko cowboy bat, komantxeekin bakea lortu zuena; Elgoibarko umezurtz bat, Mexikoko zilarrezko meategiak konkistatu zituena; abenturara abiatzeko gizonez jantzi zen Donostiako nobizia bat; Pasaiatik debekatutako liburuak garraiatzen zituzten kortsarioak... Gogoratuak izateak merezi duten pertsonaia historikoak dira.

Erakusketak «euskaldunek mende askotan Amerikako kontinentean izan duten arrastoa errepasatzen du eta geldialdi zehatzak egiten ditu hainbat herrialdetan, non istorioak, elezaharrak, dokumentuak eta, azken batean, argazki ederren itxurako adierazpen grafikoa duten aztarnak biltzen diren. Irudi horiek euskaldunen izate horren berri ematen dute, sen abenturazale, ireki, kosmopolita eta unibertsal horren berri. Itzulerako txartelik gabeko bidaia horrek gure kultura zabaltzeko modu bat ere irudikatu du, munduan ezagun egiteko modu bat. Nik uste, erakusketa honek oso ondo islatzen du hori askotariko istorioen bidez, espioizkoetatik historia antropologiko, arkeologiko, etnografiko eta herrikoizkoetara», adierazi zuen Itxasok.

Maria Jose Telleriak, bere aldetik, azpimarratu zuen nola bizitza hobea bizitzeko gogoak jatorritik lagundu dion gizateriari eta nola erakusketa honek milaka kilometrotara dagoen beren kokalekua aurkitzeko etxea utzi egin zuten gizon eta emakumeek bizi izan zuten abenturaren testigantza ematen duen. «Gaur egun ere asko dira erbeste honetara  bultzatuak eta, zuzenki ordainez, orain guri dagokigu bizi-ibilbideak eraikitzen laguntzea, ziur aski gureak interesgarriagoak eta osoagoak izango direnak. Erakusketa honek abiatu zirenei eta hartu zituztenei egindako omenaldia izan nahi du».

Kuboek Amerika puntatik puntara zeharkatzen duen ibilbide bat markatzen dute, Argentinako barnealdeko errepideetatik Ternuako kostalde izozturaino. Hain zuzen ere, horietako bi Kanadaz, bi AEBez, bi Kubaz, eta bat Mexikoz, Venezuelaz, Brasilez, Peruz, Txilez eta azkena Argentinaz arituko dira.

Erakusketarekin batera hitzaldi ziklo paralelo bat ere badago, gai berean sakondu nahian. Asteazken honetan ‘Jesus Galindez: profesor, político y, ¿espía?’. (Koldo Mitxelena Kulturunea, 19.00) hitzaldia eskainiko du David Motak. Uztailaren 28an, berriz, Oscar Beltran de Otalora ‘Influencers de la cultura vasca en América en los años 50’. (Koldo Mitxelena Kulturunea, 19.00) izenburupean arituko da.

Kokapena

Koldo Mitxelena Kulturunea
Urdaneta, 9
Donostia. Gipuzkoa