BBK Live: Hirian zikloa, zenbait aretotan
2020/10/30 - 2020/10/31
Bilbo
Bizkaia
Hirian
AIPAMENAK

Hirian zikloaren barruan, zortzi kontzertu eskainiko ditu BBK Live jaialdiak Bilboko zenbait aretotan, urriaren 30 eta 31n. Rodrigo Cuevas, Fuel Fandango, Ana Tijoux, Mujeres, Cariño, Paula Cendejas, Nögen eta Eñaut Elorrieta artistek hartuko dute parte.

Makrojaialdiaren aurretik egiten den zikloa da Hirian, baina maiatzean bertan behera utzi behar izan zuten pandemiaren eraginez eta orain berreskuratuko dute, urriaren 30 eta 31n, «gaur egungo egoerak eskatzen dituen baldintza berrietara egokituta baina zuzeneko musikarekin gozatzeko espiritu berdinarekin eta gogo handiagoarekin, hainbeste hilabetez zuzenekorik gabe egon ostean».

Hirian «bi aldiz handiagoa» izango da, egun bakarrean egin beharrean bi egun hartuko baititu zikloak eta, guztira, zortzi kontzertu eskainiko dira. Agertokia ere aldatuko da, oraingoan ez da Bilboko kaleetan izango, baizik eta kontzertu-areto enblematikoenetan: La Ribera, Itsasmuseum, San Mames Geuria!, BBK aretoa eta Alondegiko Auditoriuma.

Alondegian Rodrigo Cuevas asturiarra ariko da, «gaur egun Estatuko panoraman aurki daitekeen proposamen iradokitzaileenetako bat», antolatzaileen hitzetan. «Bere buruaz aztoratzaile folklorikoa dela dio, eta bai bere abestiak, bai oholtza gaineko ikuskizuna esperientzia ahaztezinak dira», gaineratu dute. Gune horretan bertan ariko da Fuel Fandango ere, «joeren eta tradizioaren arteko fusio berritzailearen beste adibide bat». Kasu honetan, formatu akustikoan ariko dira.

Itsasmuseum-era Latinoamerikako hip hoparen ordezkari den Ana Tijoux txiletarra igoko da, baita Paula Cendejas madrildarra ere. San Mames Geuria-n Cariñoren «pop freskoa eta lotsagabea» eta Mujeres hirukotea ariko dira, azken hauek ‘Siento muerte’ diskoa aurkezten. Azkenik, BBK aretoan Eñaut Elorrieta eta Nögen gipuzkoarrak ariko dira.

Segurtasun neurriei dagokienez, antolakuntzatik nabarmendu dute edukiera mugatua izango dela, sarrera mailakatua, eta segurtasun tarteak beteko direla. Sarrerak salgai daude BBK Live-ren webgunean.

KOKAPENA
Don Diego López Haroko Kale Nagusia, 19, 21, 48001
BBK aretoa eta besteak
Bilbo
Bizkaia
LOTURAK