Begi Belarri, euskal dokumentalen erakusleihoa

Data

21.01.13 - 21.04.14

Lekua

Araba - Gasteiz

Zinema zikloaren kartela. (NAIZ)

GEU Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloaren programazio berria prestatu dute. Urtarrila eta apirila bitartean hilabetean behin, euskarazko dokumental eta solasaldiak eskainiko dira Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

Lander Garro euskal idazlea eta dokumentalgilearen ‘Bi urte, 4 hilabete eta egun bat’ filmak emango dio hasiera denboraldi berriari urtarrilaren 13an. ‘Erraiak’, ‘Caminho Longe’ eta  ‘Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa’ lanek osatzen dute kartela.

Lau hilabetez luzatuko da denboraldi berria hilean behingo saioekin. «Emanaldi guztiek bi atal izango dituzte: alde batetik, dokumentala proiektatuko da eta bestetik, filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistarekin edota jorratzen den gaiarekin loturiko hizlariekin solasaldia egingo da», adierazi dute antolatzaileek.

Eserlekuak mugatuak dira eta gonbidapenen bitartez lortzen dira, sarrerak hartzeko epea astebete lehenago irekitzen da online.

Urtarrilaren 13an ‘Bi urte, 4 hilabete eta egun bat’ eskainiko da. Lander Garrok 1990 hamarraldiko derrigorrezko zerbitzu militarren aurkako mugimenduari jarri dio fokua lan honetan, alderdi politikoari eta batez ere, emozionalari.

Dokumentala ikusi ondoren solasaldia egingo da Gasteizen talde antimilitaristetan intsumisioaren mugimenduan ibilitako hainbat lagunekin: Luis Zulaika, Susana Correal eta Asis Iriondo.

Otsailaren 10ean, ‘Erraiak’ dokumentalaren txanda izango da. 33 minutuko filmak, irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egin du. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan? Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumental bakarra dugu hau, euskara hutsean grabatutakoa. Solasaldian Ekain Martinez de Lizarduy zuzendaria izango da Gasteizen.

Martxoaren 10erako ‘Caminho Longe’ren emanaldia iragarri da. Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak etxera itzultzeko bideari ekingo dio, hamarkadak eman ondoren Sao Tome eta Principe uharte estatu afrikarrean erbesteratuta, frantziar eta espainiar Estatuek deportatu egin baitzuten 1986an. Kristiane Etxaluze bikotekidearekin egingo du bidaia. Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariekin egingo da solasaldia.

Apirilaren 14an, berriz, ‘Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa’. Dokumentalak asmo bikoitza du: batetik, Gladys del Estal Ferreño, manifestaldi bakezale batean guardia zibil baten tiroak hildako gaztea zein zen eta gertakariok ezagutarazi nahi du. Eta bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri eman nahi du. Solasaldian Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal gidoilaria izango dira.

Kokapena

Oihaneder Etxea
Fray Zacarías Martínez, 2
Gasteiz. Araba