Bego Antonen artelanak ikusgai Kutxa Kultur Artegunean

Data

21.10.28 - 22.02.13

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Bego Anton erakusketan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Errealitatearen eta fikzioaren erdibidean dauden lurraldeetara zabaldutako leiho baten moduan, ‘Sorginak, txakurrak, elfoak eta beste errealitate fantastiko batzuk’ erakusketak Bego Anton artistaren lau proiektu biltzen ditu. Gure begietara exotikoak, minoritarioak edo ia arauz kanpokoak diren istorioak dira, munduak eta jarduerak ezagutzera ematen dituztenak.

Anton kazetaritzatik iritsi zen argazkigintzara, eta hori, nolabait, haren obraren asmo dokumentalean nabari da, artistak erakusketa honetan aurkezten dituen errealitate harrigarriak bilatzeko, lantzeko eta ikusarazteko duen moduan. Hala ere, darabilen hizkuntza pertsonalari esker, aztergai duen errealitate hori berak nahi bezala islatzeko eta, aldi berean, itxuraz guztiz desberdinak diren esparruetatik –intimotasunetik eta fantastikotasunetik– integratzeko balio zaion begirada bat sortu du. Hori agerikoa da haren ezaugarri nabarmenenetako batean: Antonek bere proiektuaren muinean dauden errealitateak –hau da, kultura herrikotik jasotako historia eta errealitateak, tradizionalak zein garaikideak– biltzeko eta birsortzeko erakusten duen lilura hori bere obrara eramateko duen gaitasunean, hain zuzen.

Errealitate horietara hurbiltzean, argazkilariak lan antropologikotik hurbil dagoen jokabide bat hartzen du, baina ikuspegi etnografikotik edo folkloristatik urrun dagoena hala ere: era batera edo bestera beren erritualen inguruan komunitateak sortzen dituzten praktika eta jardueren inguruko testigantzak eta tradizioak biltzen ditu.

Antonen obran –dokumentalistaren urrutiko begirada horrekin batera, birsorkuntza eta antzezpena ere baliatzen dira–, bitxitzat, gertaezinezkotzat edo irrealtzat har daitezkeen elementuak agertzen dira askotan, gertaera fantastikoak naturaltasun osoz gerta daitezkeela diruditen errealitateetan barneratzen gaituztenak.

Batzuetan, fantastikotasuna elementu miragarriz osatuta egoten da, edo naturaz gaindiko elementuz, hala nola sorginaren irudiaren inguruan egindako ‘Haiek danak sorginak’ lanean, edo Islandiako folkloreko izaki magikoak ezagutarazten dizkigun ’The Earth is Only a Little Dust Under Our Feet’ [Lurra hauts pixka bat besterik ez da gure oinen azpian] lanean.

Beste batzuetan, berriz, fantastikotasuna ez dago hainbeste naturaz gaindiko elementuetan, baizik eta Antonek jarduera bitxi batzuen aurrean –hala nola txakurrekiko dantza-lehiaketak, ‘Everybody Loves to ChaChaCha’ (Mundu guztiak maite du ChaChaCha) dokumentalean jasoa, edo jostailuzko zaldien gainean ibiltzen diren amazona gazteen jauzi lehiaketak, ‘The Gallop’ (Lauhazka) proiektuan jasoa– agertzen duen begiradan.

Bisita komentatuak antolatu dira igandero 17.30ean euskaraz eta 18.30etan gazteleraz. Doan, aldez aurretik izena emanda. Familientzako tailerrak ere egingo dira igandero, 16.00etatik 17.30tara, aldez aurretik izena emanda.

Azaroaren 19an 18.30ean Benjamin Christensenen ‘Häxan’ (1922) pelikula mutuaren proiekzioa ere iragarri da Imanol Larzabal Aretoan, Lugaritz kultur etxean. Sarrera doan, edukiera bete arte.

Azaroak 20an, berriz, 10.30etik 17.30era ‘Técnicas para Fotografiar lo invisible’ (Ikusezinari argazkiak ateratzeko teknikak) masterclass-a eskaniko du Bego Antonek. Medialab, Tabakalerako bigarren solairuan izango da, gaztelaniaz. Tabakalerako web orrian izena emanda.

Kokapena

Kutxa Kultur Artegunea
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa