Bertsoa eta zirkua eskua emanda Tolosan

Data

21.12.11

Lekua

Gipuzkoa - Tolosa

Ikuskizunaren kartela. (NAIZ)

Bertsoa eta Zirkua uztartuko dituen saio berezia antolatu dute elkarlanean Harituz Bertsozale Elkarguneak, Gure Zirkuak eta Galtzaundi Euskara Taldeak. Publiko zabalari zuzendutako bi emanaldik osatuko dute ikuskizuna, eta ahozko inprobisazioa eta zirkuko diziplina desberdinak uztartuko dituzte zuzenean bertsolariek eta Gure Zirkuko artistek.

Abenduaren 11ean ‘Gure Bertso Zirkua’ ikuskizunaren bi saio iragarri dituzte. 12etan bata, haurrei zuzendua, eta 18.00etan bestea, helduei zuzendua. Biak Tolosako San Esteban auzoan kokatutako Gure Zirkuko karpan egingo dira.

Oihana Iguaran, Unai Mendizabal eta Haritz Mujika bertsolariek parte hartuko dute gaztetxoenei begirako saioan. Helduenean, Maddalen Arzallus, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Julio Soto arituko dira kantuan. Iker Iriarte eta Imanol Artola arduratuko dira bertsolariei nahiz zirkuko artistei gaiak jarri, eta bertsoak eta zirkua uztartzeko bideratze lana egiteaz.

Ikuskizun berezia da Harituzek, Gure Zirkuak eta Galtzaundik antolatu dutena. «Bertsoak eta zirkua elkartzeaz gain, haurrentzat zein helduentzat bideratutako saio banak osatuko dute eguneko egitaraua, bertsolarien inprobisazio eta errimatze gaitasuna, zirkuko arte disziplina desberdinekin nahastuz. Eta nola ez, Gure Zirkuko karpan egingo diren emanaldietan, ez dira faltako umorea, musika, eta beste hainbat sorpresa, publikoaren gozamenerako. Saioaren antolakuntzan lagundu dute Bertsozale elkarteak eta Tolosako Udalak», adierazi dute antolatzaileek.

Bi emanaldietarako sarrerak presentzialki soilik eskuratu ahalko dira. Azaroaren 27an jarriko dira salgai, 10.00etatik 12.00etara, bi lekutan: Galtzaundi Euskara Taldearen Tolosako egoitzan eta Villabonako Subijana Etxean.

Goizeko emanaldiko sarrerek 5 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bost sarrera eskuratu ahal izango ditu. Arratsaldeko saiorako sarrerek, berriz, 13 euroko prezioa dute eta pertsona bakoitzak, gehienez, bi sarrera erosi ahal izango ditu. Galtzaundikideek deskontua izango dute arratsaldeko saiorako sarreretan elkarteko Tolosako egoitzan sarrerak erosiz gero, eta 10 euroan bina sarrera eskuratzeko aukera izango dute azaroaren 27an, bertan. Informazio gehiago Galtzaundiren webgunean.

 

Kokapena

San Esteban auzoa
San Esteban auzoa
Tolosa. Gipuzkoa