Lehen kanporaketa
2013/09/29
Villabona
Gipuzkoa
Bertsolari_txapelketa
AIPAMENAK

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren XVI. edizioa irailaren 29an hasi eta abenduaren 15ean amaituko da. Bertsozale Elkarteak antolatzen duen zortzigarren aldia da eta 14 saiok osatuko dute, 43 bertsolariren parte hartzearekin. Amasa-Villabonan abiatuko da eta hirugarren aldiz Barakaldoko BECen jokatuko da finala.

Bertsozale Elkarteko arduradunek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, txapelketan parte hartuko duten 43 bertsolariekin batera, 14 lagunek osatuko dute gai jartzaile taldea eta 16 izango dira epaile lanetan arituko direnak.

Parte hartzaile guztietatik bi arabarrak dira, 11 bizkaitarrak, 21 gipuzkoarrak, lau nafarrak eta bost Ipar Euskal Herrikoak. Andoni Egañak uko egin dio parte hartzeari, eta aurrekoan finalean aritu zenez, ez da inor sartu haren ordez; Iñigo Izagirrek ere uko egin dio, eta Iñaki Zelaiak ordezkatu du.

Elkarren osagarriak diren bi webgune ditu aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Alde batetik, www.bertsozale.com dago; 2012ko amaieran berritu zen Bertsozale Elkartearen webgunea eta bertan Txapelketa Nagusiak azpiatal berezia du, informazio osoa eskainiz.

Beste alde batetik, www.bertsoa.com bertsolaritzaren interneteko telebista da, Bertsozale Elkarteak eta Librean kooperatibak elkarlanean egiten duten ataria; Txapelketa Nagusiak bere gunea izango du www.bertsoa.com-en barruan.

Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusia sare sozialen bitartez ere jarraitu ahal izango da, facebook eta twitteren; azken honetan #btn13 traola erabiliko da Txapelketaren berri emateko.

Bestalde, euskaltegietako ikasleak Txapelketa Nagusiko saioak ikustera animatu asmoz, saioak jarraitzeko ikastaro didaktikoak eskainiko zaizkie. Horretarako, Bertsozale Elkartea honako euskalduntze erakunde eta euskaltegiekin ari da elkarlanean, hala nola AEKrekin, Hizkuntza Eskola Ofizialekin, IKA euskaltegiekin, Bilboko Zenbat Gara elkartearekin, Lazkaoko Maizpide euskaltegiarekin eta beste hainbat euskaltegirekin.

Kanporaketak:
Amasa-Villabona (irailak 29, Behar-zana pilotalekua, 17:30):
Iker Zubeldia, Odei Barroso, Alaia Martin, Fredi Paia, Jon Martin, Nerea Elustondo.


Markina-Xemein (urriak 5, Udal pilotalekua, 17:30)
Agin Laburu, Arkaitz Estiballes, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Jone Uria, Onintza Enbeita.


Hendaia (urriak 12, Beltzenia ezker-pareta, 17:30)
Amaia Agirre, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Iñaki Zelaia, Julio Soto.


Altsasu (urriak 13, Burunda pilotalekua, 17:30)
Beñat Gaztelumendi, Erika Lagoma, Jexux Mari Irazu, Oihane Perea, Unai Agirre, Xabier Silveira.


Legazpi (urriak 19, Urbeltz pilotalekua, 17:30)
Ainhoa Agirreazaldegi, Beñat Lizaso, Igor Elortza, Iñigo Mantzizidor ‘Mantxi’, Jokin Uranga, Oihana Bartra.


Oion (urriak 26, Arroyo I pilotalekua, 17:30)
Eneritz Zabaleta, Etxahun Lekue, Iratxe Ibarra, Maddi Sarasua, Manex Agirre, Miren Amuriza.


Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina zuzenean finalaurreko fasean izango dira eta Maialen Lujanbio, finalean.

Amasa-Villabonako lehen kanporaketa:

Amasa-Villabonako saioak emango dio hasiera igandean Txapelketa Nagusiari. Lehen kanporaketa 17:30ean hasiko da, herriko Behar-Zana pilotalekuan. Alaia Martin, Fredi Paia, Iker Zubeldia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Odei Barroso izango dira lehen kanporaketan kantatuko duten bertsolariak. Aurkezle lanetan Ion Zaldua arituko da.

Amasa-Villabonako kanporaketan irabazten duena zuzenean sailkatuko da azaroaren 11n Gernika-Lumon jokatuko den lehen finalaurrekorako. Gainerakoeek kanporaketa guztien puntuazioen zain egon beharko dute.

Lehen kanporaketaren ostean, Markina-Xemeinen jokatuko da hurrengo saioa, urriaren 5ean. Saioa herrian bertan ospatuko den Euskal Herriko Bertso Eskolen Topaketarekin bat egingo da.



KOKAPENA
Gurea zinema
Villabona
Gipuzkoa