Bigarren urtez, badator EZK Fest
Data
23.10.21
Lekua
Bizkaia - Sestao
Aurten ere EZK Fest antolatu dute Bizkaiko Ezkerraldean NAIZen babesarekin, «iazko arrakastaren ostean». Aurtengoan Sestaon izango da egun osoko kontzertu eskaintza, urriaren 21ean, labe garai zaharraren parean.
Ezkerraldeko herri mugimenduetako kideek antolatutako jaialdiak «indarrez ekin zion bideari 2022an, gogoz eta ilusioz, baina baita berritasunak sortzen dituen zalantza eta beldurrez ere bai» adierazi dute EZK Festetik. «Zoragarria eta beharrezkoa den zeozer sortu zen iaz EZK Festekin, auzolanean eta komunitatean oinarrituta. Gure eskualdeak eskaintza kultural oparoa du, tokian toki, kultur areto txiki, gaztetxe eta bestelako oinarri sendoekin, baina, paradoxikoki, jaialdi masiboagoetara beti irten behar izaten gara inguruko herrietara. Hutsune hori betetzeko asmoz, EZK Festek Ezkerraldeko gazteen -eta ez hain gazteen- topagune izan nahi du, eskaintza lokalez gain ekimen orokorragoa proposatuz. Ezkerraldean inoiz burutu den jaialdi autogestionatu handienetakoa da, elkarlanaren filosofiaz eraikia. Aurten, indarrak berrituta eta erronkari neurria hartuta, berriro ere antolatu dugu EZK Fest. Anbizioz, pixka bat handiagoa, pixka bat hobea», aipatu dute antolatzaileek.
Aurten, hilabete lehenago eta Sestaon izango da jaialdia, Portugaleteri lekukoa hartuz. Hala, kontzertu eskaintza zabala izango da EZK Festen aurtengoan ere. Los Chikos Del Maiz, Merina Gris, Hofe x 4:40, Biznaga, Brigade Loco, Sua, Las Sexpeares eta Quaaluders taldeak arituko dira. Kartel benetan interesgarria osatu dute ‘Bihotzak sutan’ leloa eramango duen bigarren edizio honetarako. DJak ere izango dira eta Asier Hormaetxea eta Party&Tiza arduratuko dira musika hautaketaz. 12etatik 02.00etara luzatuko da jaialdia.
Sarrerak eskuragarri
Sarrerak dagoeneko eskuratzeko moduan daude 22 euroren truke Ezkerraldeko eta inguruko herrietako hainbat tokitan: Taxka (Santurtzi), Kuttun Art Denda (Sestao), Casa Vicente (Portugalete), Union Sport (Barakaldo), La Plaza (Algorta) eta Errondabiden (Bilbo). Interneten bidez ere eros daitezke Ticketic webgunean eta egunean bertan ere salgai egongo dira guneko sarreran, kasu honetan 25 euro ordainduta.
Nola ez, txandalariek kudeatutako barrak izango dira eta bertan jateko eta edateko aukera izango da. Jai eremuan ez da inolako erasorik onartuko, eta, gertatzen bada, nola jokatu badakiten kideak egongo dira esku hartzeko prest. Une oro mugimendu feministako kideek osatutako puntu morea izango da martxan EZK Festen.
Kontzertuak estalpean izango diren arren, jaialdiak gune irekia ere izango du eta sarrera duten pertsonak modu librean sartu eta irten ahal izango dira jaialdiaren ingurunetik. Bertara iristeko, trenez joatekotan La Iberia geltokia izango da gertuen geratzen dena, metroz ere eroso hel daiteke eta inguruan aparkalekua arazorik ez da izango kotxez joan nahi duenarentzat.
Gainerako informazioa EZK Festen sare sozialetan kontsulta daiteke, eta, zalantzarik izatekotan, haien bitartez zuzenean galdera egin eta erantzungo dute.
12.00etatik 02.00etara luzatuko da egitaraua. Sarrerak hemen eskura daitezke.
Kokapena
Iberia Kalea, 37
Iberia Kalea, 37
Sestao. Bizkaia