Bilboko Euskal Museoak «gure kultura nazioartera irekitzeko» erakusketa ibiltaria atondu du

Data

22.05.12 - 22.09.30

Lekua

Bizkaia - Bilbo

Bilbon ekainaren 9a arte dago ikusgai erakusketa.
Bilbon ekainaren 9a arte dago ikusgai erakusketa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

20 panelez osatutako erakusketa ibiltaria antolau du Bilboko Euskal Museoak. Momentuz Bilboko Arriaga antzokiaren plazan dago ikusgai, ekainaren 9ra arte. Helburua museoaren berrikuntza nolakoa izango den erakustea eta euskal kultura zabaltzea eta jendearengara hurbiltzea da.

Bilboko Euskal Museoak urrian itxi zituen ateak berrikuntza lanak egiteko, eta ez dute irekiko 2024ra arte. Hala ere, Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, erakusketaren aurkezpenean adierazi duenez, museoa «kalera atera eta lanarekin jarraituko du aire zabaleko museo bat sortuz».

‘Euskal Kulturaren Nazioarteko atea’ deitzen da erakusketa, honen zuzendariak Sorkunde Aiartzak adierazi duenez Euskal Herriko beste udalerrietaz gain, piezak nazioartera eramateko asmoa daukate. Museoa orain itxita egon arren, «bizirik» jarrairtzen duela gehitu du Aiartzak.

20 panel, bi zati

Bi zatitan banatuta dago. Alde batetik, museoaren etorkizuneko arkitektura eta museografiaren zatiak ikus daitezke. Infografien bidez jatorrizko bolumetraiak eta estalkiekiko loturen berreskurapena azalduko da. Gainera, Miserikordia eraikineak izango diren erakusketa-lengoaia berriak eta puntako baliabideak ikusi daitezke.

Bigarren zatian Euskal Museoaren piezen argazki-bilduma bat da. Euskal Museoak dituen 50000 piezen arteko aukeraketa bat egin da, «zaila», Aloña Intxaurrandieta erakusketaren komisarioaren hitzetan. Aurkezpenean argitu duenaren arabera, bi irizpide hartu dituzte kontuan. Batetik, erakusketa nagusian egongo dena aukeratu dute. Bestetik, garai eta eremu desberdinetako piezak, ugaritasuna eta ezaugarri desberdinak berma daitezen.

Asier Gomezek egindako argazkiekin eta Euskal Museoaren argazki artxibategiko irudiekin osatu dute. Piezen artean Ricardo Bastida arkitektoaren linterna-magikoa, Alberto Arrueren ‘Euskal Arrantzaleak’ pintura eta Azkonarra nabarmentzen dira.

Bilboko areatzan ekainaren 9ra arte egongo da eta udan zehar Bizkaiko kostaldetik bidaiatuko du. Ekainean Armintzan, uztailean Bakion, abuztuan Mundakan eta irailean Ondarroan egongo da. Hala ere, udazkenean eta neguan Euskal Herriko beste hainbat udalerritan ikusgai egongo dela zehaztu dute.

Kokapena

Arriaga Antzokiko zabaldegia
Arriaga Plaza,1
Bilbo. Bizkaia