Bilbomatiks taldearen agurra
Data
23.05.27 - 23.05.27
Lekua
Bizkaia - Bilbao

Maiatzaren 27an Bilbomatiks taldea Bilboko Kafe Antzokiaren agertoki gainean ariko da zuzenean. Emanaldi berezia izango da, taldeak agur esango baitio bere musika bideari. Hainbat urtez lozorroan izan eta gero, Bilboko banda kontzertu bakan batzuk jotzera itzuli da, eta bide batez, azken emanaldi hau eskaintzera. Gaualdia Steady Rockets taldeak zabalduko du, azken garaian zer esan ugari ematen ari den banda gaztea. Sarrerak aurrez eskuratuz gero, 8 euro ordaindu beharko dira. Egunean bertan, 10 euroko balioa izango dute aretoaren leihatilan.
Bilbomatiks
2013. urte inguruan sortu zen Bilbomatiks taldea Bilboko kaleetan. Ska musikaren maitaleek sortu zuten banda, eta bidean iraupen luzeko disko bakarra argitaratu zuten 2015. urtean. Musikalki, ska, rocksteady, skinhead reggae edo bestelako giro jamaikar bero eta dantzagarriak jorratzen dituzte. Taldearen jarduna 2018. urte inguruan itzali bazen ere, 2023ko maiatzean bi emanaldi eskainiko dituzte taldeari benetako agurra emateko. Duela astebete Gernikan izan ziren, eta bigarren eta azken hitzordua Bilbokoa izango da. Taldeko kideak musika abentura ezberdinetan murgilduta dabiltza egun, eta Bilbomatiks historiarako geratuko da laster.
Diskoa, biniloan
Taldeak disko bakarra kaleratu zuen musika bidean, eta bertan biltzen da taldearen diskografia osoa kasik. 2015ean argitaratu zen lana kartoizko CD formatu ederrean eta eskuz-eskuz zabaldu zen ska-reggae musika eszenan. Orain, 2023. honetan, Pantx Records zigiluak binilo formatuan kaleratuko du lana masterizazio berriarekin. Disko honen salmentatik ateratzen diren etekinak euskal presoen sostengurako bideratuko dira.
Kokapena
Kafe Antzokia
Kafe Antzokia
Bilbao. Bizkaia