‘Bizitza happening’ soinu-instalazioa entzungai jarri du Maialen Lujanbiok Tabakaleran

Data

21.10.21 - 22.02.27

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Maialen Lujanbio, gaur, Tabakaleran jarri duen soinu-instalazioan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tabakaleran, eskailera nagusiaren atzealdean, bi zapatila ‘Nike’ baztertuta, galtzerdi bana dariela. Modu horretan hasi zen duela urte batzuk Maialen Lujanbiok, ezustean, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan aurrez aurre bizi izan zuen pasartea. Eta horrelaxe hasten da toki berean paratu duen idatzia.

Berau irakurriz hasten da hernaniar bertsolari eta sortzaileak bisitariari eskaileran gora-behera ibiltzeko luzatu dion gonbita. Lujanbioren ahotsa lagun duela emango ditu eskaileran mailaz maila pausuak bisitariak.

«Kolpatu egin ninduen gertaera hark, ikutu», aitortu du Lujanbiok ostegun honetan hedabideon aurrean egindako agerraldian. «Beste pasarte bat izan zitekeen, bizitza errealeko bese edozein», argitu du segidan, gertakizuna ez baita, izan ere, proiektu artistikoaren muina.

Gertakari zehatz hau gogoetagai orokorragoen txinparta piztu duen abiapuntua baino ez da: errealitatearen, errepresentazio artistikoen eta begiradaren arteko harremana da piezaren ardatza. Horien arteko hurbil-urrunaz, elkar eraginaz edo eraginik ezaz ari da Lujanbio, bozgoran emandako pentsamenduetan.

Zalantza bera da obra. «Zer pentsa eman zidan gertatutakoak. Batetik, ez nuelako inolako erreakzio espliziturik eduki. Nire buru zabaltasun ustezko batetik oso ondo integratu nuelako pasarte hura guztia. Kasik juzkurik egin gabe, begirada aseptiko batekin. Hasiera batean distantzia hori egozten nion zentru kultural artistiko baten markoan ikusi izanari, baina pixka bat areago joanez pentsatu nuen ez dela akaso arte zentruak ematen digun begiradaren moldea, akaso bizitza errealean ere ez ote diegun gure inguruko gauzei molde beretsuan begiratzen. Alegia, ustezko irekitasun nahiko akritiko, distante, hotz batetik ez ote diogun errealitatearei ere begiratzen ‘happening’ edo obra bat balitz bezala», kontatu du Lujanbiok.

«Nola begiratzen diogu errealitateari? Ze distantziarekin? Non kokatzen gara gu? Zenbat ukitzen gaitu inguratzen gaituen errealitateak?», izan zen ondoren sortu zitzaion gogoeta. Eta harago joanez, «errealitateari artelan bati bezala begiratzen diodala esaten ari banaiz nola begiratzen diogu arte adierazpenari? Zer esaten digute forma artistikoek, arteak, kulturak? Eragiten digute?».

Pasarte hura eta haren osteko gogoeta forma sonoro, forma poetikoa bilakatzea izan zen bere gogoa eta inertzia. Eta beste hari-muturrak harilkatuz joan da Lujanbio. «Materia bihurritzen joan nintzen», esan du.

Egile bezala bai, baina hartzaile bezala ere beste arte jardunetan asko pertzibitzen duen kezka partekatu du: «Ze moldaketa artistiko egiten dugu errealitateaz? Nola, ze zilegitasunekin? Ze posiziotan kokatzen gara errealitate horrekiko, batez ere beste norbaiten errealitatea bada? Zenbateko inplikazioa dauka norberak errealitate horrekiko, egile eta artista posizioan jartzen denean?».

Izugarri kezkatzen duen gaia da Lujanbioren esanetan, «oso materia delikatuarekin zerbait sortu nahia eta formen edertze, bihurritze, formen beste zerbait bilakatu nahi hori, artista ororen lana».

Zentzu horretan, obraren autokuestionamendua nabarmendu du hernaniarrak. «Bere buruaz, egiten ari denaz beraz eta baita bere espazioaz ere. Alegia, kasu honetan Tabakalera den izaera jakin bateko espazio kultural honetaz», argitu du.

«Nire azken denboratako pentsamendu eta zalantzen erradiografia sonoroa da obra». Hala adierazi du Lujanbiok gaurko aurkezpenean.

‘Bizitza happening’ letra eta soinuzko instalazioan, geruza desberdinek egiten dute bat. Izan ere, soinuaz gainera Tabakalerako eskaileran bertan irakurri daitezkeen hainbat idatzizko testu zatik osatzen dute instalazioa. Testu horiek soinu lanaren partitura gisa ulertzen dira eta, Scalako gainontzeko proposamen guztietan bezala, espazioan fisikoki aurkezten dira. «Heldulekoa ematen diote balizko entzule, irakurle edo ibiltariari», azaldu du.

Soinu-instalazioak oinarri dituen Scala proiektuaren hirugarren sorkuntza da Lujanbiorena. Xabier Erkizia soinu ekoizle eta artista izan du bidelagun Lujanbiok ‘Bizitza happening’ sortzeko. Berak lagundu dio hernaniarrari bere burutazioei forma ematen, proiektuaren alde teknikoa gauzatzen. Piezaren grabazio eta edizioan parte hartu du Erkiziak, hain zuzen ere. «Berari esker oso modu azertatuan dago islatuta instalazioa», adierazi du Lujanbiok.

Pieza urriaren 21etik 2022ko otsailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Tabakalerako eskailera nagusian, eraikina irekita dagoen ordutegian.

Kokapena

Tabakalera
Andre Zigarrogileen Plaza, 1
Donostia. Gipuzkoa