Blues doinuz jantziko da Soraluze azaroaren 20ra bitartean

Data

22.10.30 - 22.11.20

Lekua

Gipuzkoa - Soraluze

Carlton Jumer Smith & The Harrycane Orquestrak itxiko dute aurtengo edizioa.
Carlton Jumer Smith & The Harrycane Orquestrak itxiko dute aurtengo edizioa. (BLUES HOTSAK)

«Aspaldikoa da Euskal Herriko ingurualde honetan blues, jazz eta horrelako doinu beltzekiko zaletasuna. Urteak dira musika mota horietan oinarritutako jaialdiak eta kontzertuak antolatzen ditugula Deba bailarako herrietan: Debajazz jaialdia, Ibetondoko jazz jaialdia, Jazz-Blues zirkuitua… Musika hau promozionatzen duen diskoetxeak ere 25 urte bete ditu Soraluzen. Aurtengo azaroan laugarren aldia izango da. Aurrekoan bezala, musika eta irudia tartekatuko dira bertan, zuzeneko emanaldi aberatsak eta beste inon ikusten ez diren filmak», esan dute blues jaialdiaren sustatzaileek. 

Steve Krase eta Travelin' Brothersek ireki zuten aurtengo Blues Hotsak jaialdiaren egitaraua urriaren 30ean. ‘Summer of soul’ filma eskainiko da azaroaren 17an. 1969an egin zen Harlem Cultural Festivalen kronika jasotzen du. Herriko Antzokia 19.00etan izango da (sarrera librea).

Hurrengo egunean Itziar Yagüe eta Paul San Martin. Bessie Smith kantariari omen egindo diote biek. «Ezinezkoa da emakumeek interpretatutako bluesean interes apur bat duenak Bessie Smith entzun ez izana. Ez dago musika genero honetan ahotsik handienaren erreferentziarik ez duenik. Billie Holidayk ere, jazzera emanagoa zen arren, badu Bessieren zerbait. Eta Holidayk buru-bihotzez indarkeria arrazista eta kriminalaren salatu bazuen Strange Fruit abestian –Estatu Batuetako Hegoaldean zuhaitzetatik urkatutako neska beltzak dira fruitu arraro horiek–, urratu egiten gaituen bluesa da berez Bessieren ibilia eta Mississippin izandako auto-istripu baten ondoren izan zuen heriotza: azalaren koloreak eragotzi behar bezala artatzea».

«Hamar edo hamabi urtez Madrilgo lokalen zirkuituan ibili naiz, beti musika afroamerikarrari lotua. Niretzat, soula, funka, jazza ez dira konpartimentu itxiak, denek dute bluesa jatorri. Nire musikari laren une batean, konposizio propioak idazteko gogoak aginduta, horixe sortu zen, blues femenino klasikoa. Letrek garrantzi handia dute, une honetan bluesa abesten duen emakume gisa daukadan posizioa islatzen dutelako». Itziar Yagüeren hitzak dira.

Hilaren 19an Niko Etxart & Hapa-Hapa. «Nork ez ditu ‘Eperra’ edo ‘Euskal Rock'n'Roll’ moduko ‘hit’ abestiak inoiz dantzatu edo abestu? Oroimen kolektibora betirako iltzatutako doinuak dira, baita beraien egile edota interpretatzaile den Niko Etxart-en txima luzeak eta rocker bohemio hilezkorraren irudia ere. Euskaraz abestutako rock eta bluesaren aitzindari nabarmenetako bat dugu zalantzarik gabe zuberotarra, baina agian horrexegatik ere garai finko batekin identifikatzen dugu bere lana eta ikuspegi zabalagoa eta aberatsagoa eragozten diogu gure buruari. Nikok, ordea, kolore guzietako altxorrak gordetzen ditu 70ko hamarkadatik gaur arte maitasun eta arreta osoz landu duen bere ibilbide luze eta oparoan. Odol Berri eta Zazpi Gara taldeetan lehen pausoak eman ondoren, 1975an Minxoriak talde mitikoa sortu eta bakarkako bere lehen diskoetan ezarri zituen betirako mugarri izango ditugun obrak, 1983ko ‘Tumatxa’ disko ospetsuak ezin hobeto gauzatu eta borobiltzen duen bezala. Rock Radikal Vasco eta orohar euskal pop-aren loraldia ahalbidetu zuten disko horiek eta era berean Niko bigarren plano batetara bultzatu zuten ere. Baina agian foko mediatikoetatik at burutu ditu bere lan pertsonalenak eta baliotsuenak», diote antolatzaileek.

«1990tik aurrera, bere Kilikas estudioan, kolaboratzaile finez lagunduta beti, Hapa-Hapa taldearekin pop-rock-blues disko liluragarri sorta dotore bat eskaini digu eta era berean bere sustraietan barna sakontzen jarraitu du zenbait Pastoraletan parte hartuz. Urte guztietako jakituria eta errepertorio anitz distiratsu baten jabe, bere beste sustrai nagusiaren ikerkuntza eta gozatze hutsean bermatzen du bere beste fazeta, jaialdi honetan izango dugun ‘bluesman’-a hain zuzen ere. Niko Etxart (ber) aurkitzeko luxuzko aukera», gaineratu dute.

Azaroaren 20an Musika Eskolako konboen txanda izango da eta hegun berean Carlton Jumer Smith & The Harrycane Orquestrarekin esango zaio agur. «Negozio honetan, dena kantu batekin hasten da», egin du hausnarketa Carltonek. «Nire uste sendoa da, abesti handi bat bedeinkazioa dela. Azken finean, nire ekuazio hunkigarrian, Musika + Letra = Zure bizitza».

Egitaraua webgunean kontsulta daiteke. Sarrerak Soraluzeko Iratxo dendan eskura daitezke.

Kokapena

Herriko Antzokia
Toletxe kalea, 7
Soraluze. Gipuzkoa