Booktuberboom
2018/09/21 - 2018/11/22
Zenbait herrialde
Booktuberboom
AIPAMENAK

Gernika-Lumon egingo dute irailaren 21ean booktuber kedada. Aurten, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak elkarlanean martxan jarri zuten egitasmoak bidelagun berria topatu du, Gaztea irratia. Iaz egitasmoari babesa eman zion arren aurtengo edizioan antolatzaileen artean dago Gaztea eta Gernikako hitzorduan, Elai Alai aretoan, 11:30etik aurrera, Ainhoa Etxeberria aktore eta irrati eta telebista aurkezleak booktube-ak egiteko urratsak azalduko dizkie 14 eta 18 urte bitarteko gazteei.

Azarora bitartean bederatzi kedada egingo dituzte guztira. Kedada horietako batzuetan gazteek pertsonaia ezagunak izango dituzte bidelagun eta haiek booktube-ak egiten ikusiko dituzte.

Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube-a. Hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa.

Booktuberboom egitasmoak booktube lehiaketa eta booktuber kedadak hartzen ditu. Kedada hauek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaztelekuetan zein liburutegietan egingo dira. Helburua 14 eta 18 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna hauspotzea da, ikus-entzunezko euskarriak baliatuta. Lehiaketara lanak azaroaren 22ra arte aurkez daitezke.

KOKAPENA
Zenbait herrialde