Bost talde ariko dira Andoaingo Rock Jaialdian

Data

21.06.19 - 21.06.19

Lekua

Gipuzkoa - Andoain

andoaingio rock jaialdia 2021

Ekainaren 19an ospatuko da aurtengo Andoaingo Rock Jaialdia. Euskal Herriko lau talde eta Asturiasetik etorritako Angel Kaplan izango dira afitxean, eta urtero legez, rock musika izango da nagusi, bere aldaera guztietan. Andoaingo Bastero kulturgunean eta Ondarreta ikastetxeko patioan izango dira Audience, Belako, Inoren Ero Ni, Rüdiger eta Angel Kaplan. Bi agertokietan burutuko dira emanaldiak, 12.30ean hasiko dira lehen akordeak, eta egun osoan zehar gozatu ahalko da zuzeneko musikaz. Doako sarrerak eskuragarri izango dira ekainaren 4tik aurrera Bastero Kultur gunean.

Diskoa kaleratzear daude Audience taldekoak. Bikoitza izango da eta dagoeneko aurrerapen kanturen bat badago sarean. Gernikakoak gogotsu dabiltza eskenatoki gainean dena emateko, eta ekainek lehen hamabostaldirako iragarri zuten ‘Tolesdurak’ izeneko lan berria.

Belakok pandemiaren erdian plazaratu zuen bere azken lana: ‘Plastic drama’. Atzerrian ziren itxialdian sartu ginenean, eta gero zertxobait atzeratu behar izan zuten diskoaren aurkezpena. Hainbat kontzertu bitxi eman zituzten autoetatik entzuteko, baina Andoaingoa jendaurrean izango da, eta ziurrenik dena ematera joango dira Mungiakoak.

Etxean jokatzen du Inoren Ero Ni taldeak. Andoaingo Rock Jaialdian egoteko izena eta izaera badu. Underground taldea da BAP!en errautsetatik sortutakoa. Nortasun propioa eta dagoeneko ibilbide oparoa egin duena. Etxekoen babesarekin aritu daiteke.

Rüdiger, Willis Drummond taldeko Felix Buff baterijolearen proiektua da. Bakarka ari da, baina taldeak lagunduta. Kitarra hartu du eskuartean, eta denbora erdiko kantu goxoak sortu ditu, ingelesez modu atseginez abestuak. ‘Before it's vanished’ diskoa plazaratu du Usop disketxearekin. Musikari oso onak ditu aldamenean: Joseba Irazoki kitarran eta Karlos Aranzegi baterian, eta berarekin Botibol taldean aritutako Vincent Bestaben baxuarekin besteak beste.

Angel Kaplan Asturiasetik datorren musikaria da. Banda dauka atzean. Aurretik beste musika proiektuetan ibili ostean –Bubblegum, Doctor Explosion edo Peralta–, bere izenarekin jotzeari ekin zion duela zenbai urte.

Egun hauetan gainera, J.A Ureta Goñi, Juxeren Andoaingo Rock Jaialdiko argazkiekin osatutako erakusketa egongo da ikusgai Bastero Kulturgunean bertan.

Kokapena

Andoaingo Bastero Kulturgunea
Ondarreta 1
Andoain. Gipuzkoa

Loturak