60 kontzertu eskainiko ditu gaur abian jarriko den Jazzaldiak

Data

21.07.21 - 21.07.25

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Chucho Valdés, 2017an, Getxon kontzertua eskaini zueneko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

56. Jazzaldia gaurtik igandea bitartean egingo da Donostian. Guztira 60 kontzertu eskainiko dira, doan eta ordaintzekoak, hiriko zortzi agertokitan.

Sarituei dagokienez, Chucho Valdés eta La Locomotora Negra dira aurten aukeratutakoak. La Locomotora Negra taldeak gaur jaso du saria. Kataluniako jazz talde beteranoenetako bat da. «Aurten, bere 50. urteurrenarekin batera, big band honek agertokietara azken aldiz igotzea erabaki du, eta Jazzaldiak taldeak egindako ibilbidea aitortu eta eskertuko dio Donostiako Jazzaldia Saria emanez», nabarmendu dute jaialdiaren arduradunek.

«Guk ematen genion bukaera edo beranduago bukatu egingo gintuzten», esan du Tòfol Trepat pianojotzaileak saria jasotzerakoan. «Pena eman» aurretik nahiago dute joan. Boskote bezala sortu zen taldea 17 kide izateraino joan da handitzen.

«Hemen, Donostian, jasoko dugu gure azken saria, gure espektatibak gainditzen ditu», adierazi du Carles Gilik (tronpetak eta ahotsa) astearte honetan egindako ekitaldian. Jordi Cananovas (kontrabaxua) ere sariematean egon da. 

Dionisio Jesus Valdes Rodriguezek, Chucho Valdes bezala ezagunagoa denak, Donostiako Jazzaldia Saria jasoko du bihar Trinitate Plazan 22.00etan. Bere aitak, Bebok, jaso eta ia hogei urtera. «Edizio hartan, aitak eta semeak kontzertu gogoangarri bat eman zuten, 38. Jazzaldian», gogoratu dute antolatzaileek.

Duela egun batzuk, aurkezpen ofizialean, jakinarazi zuten Arlo Parks eta Mulatu Astatke-k, biak ere Britainia Handikoak, haien herrialdeko covid-19a dela eta, azkenean, Jazzaldiko beren kontzertuak bertan behera utzi dituztela. José Jamesek ordezkatuko du Arlo Parks eta Mulatu Astatke ordezkatuko duen artista Chucho Valdés izango da.

Ordaindutako emanaldiei dagokienean goizeko 11.00etan, San Telmo Museoko Klaustroan, bost piano solo saioak. Lau aditu izango dira espezialitate konplexu eta moldakor honetako protagonistak: asteazkenean, 21ean, Franco D’Andrea; 22an eta 23an, bi programa desberdinekin, Marcin Masecki musikari poloniarrak omenaldia egingo dio Thelonious Monk-i lehenengo kontzertuan, eta ragtime gogora ekarriko du bigarrenean; Marco Mezquidak uztailaren 24an joko du; eta, azkenik, Iñaki Salvadorrek, Donostiako Jazzaldia saria jaso zuenak 2020an, igandean, 25ean, emango du bere kontzertua.

Victoria Eugenia Antzokian egunero, eguerdiko 12.30ean, estatuko jazz doinuak entzungo dira. Uztailaren 21ean, Kataluniako Jazz talde zaharrak, La Locomotora Negra-k kontzertu bat emango du bere agurreko biran. Ondorengo egunetarako, 22tik 25era, ordutegi berean, SGAE Fundazioaren eskutik JazzEñeren zazpigarren edizioa egingo da. Bertan lau saio bikoitz izango dira: 22an Ariel Brínguez Quintet eta Caminero Quintet; 23an Daniel García eta Chano Domínguez pianisten hirukoteak; 24an Smack Dab boskote katalana eta Sumrrá hirukote galiziarra; eta, azkenik, 25ean Alba Careta tronpeta jotzailea eta Manolo eta Curra bikote andaluziarra.

Kontzertu bat emango da, arratsaldero, Kursaal Auditorioan. Arlo Parks abeslari gazteak, uztailaren 21ean emango du bere kontzertua, 18.45ean; Buikak 22an emango du kontzertua, ordu berean. Chick Coreari omenaldi bat egingo diote Jorge Pardok eta Niño Joselek uztailaren 23an, laukote formatuan; beste omenaldi bat ere izango da, 24an, Giovanni Guidi gazte italiar eta pianista bikainak eskainiko diona Gato Barbieri saxofonista argentinarrari musikari amerikar eta transalpinoek osatutako Ojos de Gato seikotearekin; azkenik, uztailaren 25ean, 17.30ean, Sílvia Pérez Cruzen Farsa Circus Band-ek, abesti berrienak aurkeztuko ditu.

Trinitate plazan gaueko 21.00etan saio bikoitzak hasiko dira eguneroko programazioari bukaera emanez. Uztailaren 21ean, Dave Douglas tronpetistaren eta Franco D’Andrea pianistaren koartetoarekin hasiko dira; ondoren, Cécile McLorin Salvant frankoamerikarra, gogokoen duen pianista, Sullivan Fortner, ondoan duela.

Hurrengo egunean, 22an, Aymée Nuviola eta Gonzalo Rubalcaba kubatarrek boleroen eta Karibeko musikaren programa eskainiko dute; haien ondoren, Mulatu Astatke bibrafonista eta perkusionista etiopiarraren taldea, aurreneko aldiz emango duena kontzertu bat Jazzaldian.

Ostiralean, 23an, bi pianista bikain, Marco Mezquida, bere azken proiektuarekin –‘Talismán’– eta Kenny Barron handia, All Star Quartet batekin, Steve Nelson bibrafonista kide duenarekin. Uztailaren 24koa saio anitza izango da; Naïssam Jalal flautista frankosiriarra igoko da aurrena eszenara bere boskotearekin. Bere atzetik, Noa israeldarrak, Gil D’Or gitarristarekin eta Iñaki Salvador pianista donostiarrarekin, argitaratu berri duen ‘Afterallogy’ eskainiko digu.

Amaitzeko, uztailaren 25ean, 20.00etan, jazzaren bi irudi gailen-gailenak beren hirukoteekin: Brad Mehldau pianista, lirikoa eta bikaina, eta Bill Frisell gitarrista, magistrala eta bakana bere sonoritatean.

Berritasun gisa, aurten, 56. Jazzaldiak bi kontzertu eskainiko ditu Chillida Lekun. Biak 19.00etan hasiko dira. Igandean, uztailaren 18an, jaialdi aurreko saio batean, Cécile McLorin Salvant abeslaria eta, larunbatean, uztailaren 24an, Ceramic Dog hirukotea, Marc Ribot gitarrista harrigarriarekin, bere azken lana, Hope aurkezten.

Ordaintzekoak diren saio guztietarako sarrerak eta abonamenduak asteazken honetan jarri dira salgai. Abonamenduek –kontzertuak emango diren lekuen eta ordutegiaren arabera– % 20ko deskontua izango dute sarreren prezioan. Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eskuratu ahal izango dira, baita Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kulturarenen atarian eta jarduerak garatuko diren gainerako lekuen webguneetan ere.

Doaneko saioak

Doan eskaintzen diren emanaldiak «publikoari irekiak, aforo kontrolatuekin eta iriste-ordenaren arabera sartzeko moduan» egingo dira. Emanaldi horiek arratsaldeetan eskainiko dira, Kursaal, Frigo Gunea eta Guuk Gunea terrazetan, eta bost saio emango dira egunero, uztailaren 21etik 25era.

Guztira 25 kontzertu, non Jean Toussaint eta Éric Séva artista eta Benkadi talde atzerritarrak ez ezik, tokiko gure taldeak ere izango ditugun: Jazzaldiak aurten hautatutako Tokiko 10 Taldeak, tokiko bost talde —disko bat kaleratuak dutenak 2019an edo 2020an— eta 4 talde hautatu Katapulta Tour-ekoak.

JazzEñe zikloak ere –Estatu espainoleko musikariak biltzen ditu- Jazzaldian ospatuko du bere hogeigarren edizioa. Chano Domínguez Trío, Ariel Brínguez Quintet, Caminero Quintet, Daniel García Trío, Smack Dab boskotea, Sumrá hirukotea, Alba Careta Group y Manolo y Curra bikotea ariko dira Victoria Eugenia antzokian.

Lehen aldiz birtualki hedatuko dira kontzertuak, publiko orokorrari eta Europako sustatzaileengana iritsi nahian. Izan ere,  nazioarteko jaialdien programatzaile eta antolatzaileekin bilerak egin ahal izango dituzte artistek, online.

Azkenik, familientzako Jazz sailean, Txikijazzen, lau saio eskainiko dira, doan ere, Guuk Gunea terrazan eta Kutxa Kultur Tabakaleran, uztailaren 22tik 25era, eguerdiko 12.00etan.

Gainera, Jazzaldiarekin batera, aurten Euskadiko Filmategiak antolatzen duen Jazzinema zikloaren bosgarren edizioa egingo da. Zikloak zazpi film eskainiko ditu, zinemaren eta jazzaren arteko harremanaz gozatu ahal izateko.

Bada besterik. Kontzertuetara hurbildu ezin duten Jazz-zale guztiei eskuragarritasuna eta gozamena errazteko, Donostiako Jazzaldiak 18 artistaren kontzertuak streaming bidez emango ditu doan. Hala iragarri dute gaur.

Trinitate Plaza Keler-en emango diren 9 kontzertu eta FCC Victoria Eugenia Antzokian –aurten bertan egingo da JazzEñe-ren VII. edizioa– emango diren kontzertu guztiak jarraitu ahal izango dira. Streaming-erako sarbidea gure webgunearen, gure app-aren eta Youtubeko gure kanalaren bidez egongo da eskuragarri.

Kokapena

Trinitate Plaza
Trinitate Plaza, 4
Donostia. Gipuzkoa