Broken Brothers Brass Band, Iruñea mugitzen

Data

22.06.24 - 22.06.24

Lekua

Nafarroa - Iruñea

Broken Brass Band.
Broken Brothers Brass Band. (NAIZ)

Iruñea girotzen ari da. Astetik astera, gero eta ordu gutxiago falta dira, duela hiru urtetik ospatu gabeko jaietarako. Eta musika, eta kaleak, eta ostatu zein aretoak bor borka daude dagoeneko. Gutxiago falta da, baina ja giroa aspalditik dago Nafarroako hiriburuan. Eta bertako talde ospetsuenetako bat, Broken Brothers Brass Band taldeak Zentral aretoan dantzan jarriko ditu hurbiltzen diren lagun eta ezagunak. Agertokian bezala, kalean ere ondo moldatzen diren taldeko kideak, bere onena ematen saiatuko dira. Ohi duten gisan. Amama Maria Luisa brass bandeko kideek osatu zuten BBBB 2006. urtean. Haize sekzio ikaragarri prestatu batekin, lehen doinu eta kantak grabatu zituzten. Eta diskoak kaleratu ahala, zuzenekoen kopurua ere haunditu egin da, eta nabarmen.

2012. urtean Arrabal diskoetxearekin ‘The Life We Deserve’ diskoa plazaratu zuten, bi urte beranduago ‘In the mud’ plazaratu zuten, ‘Ildoa landuz’ etorri zen 2016. urtean eta hainbat kolektibo eta jaietarako abestiak etorri ziren gerora: Eskola publikoaren jairako, Euskal Herriko gazte mugimenduaren topaketa batzuetarako, Euskaraldia… eta beste. 2018an kaleratu zuten ‘Txertaketa’, Arrabal disketxearekin argitaratutako azkena, eta berriki autoekoiztu dute ‘Katebegia’. Gainera, Ibil bedi taldearekin ‘Orain bat gara’ abestiaren bertsioa plazaratu dute, bideo ikusgarri baten. Kontzertuetan funk, gospel edota jazz modernoz beteak dira beraien emanaldiak, talde-inprobisazioa oinarrizko ezaugarri daukate bere abestiek, berdin grabazioetan zein emanaldietan.

Kalejira batean ikusi ditzakezu, bigarren lerro bat osatuz, edo talde osoa eszena gainean. Baina oraingoan, eta Sanferminen atarian, Iruñeko Zentral aretoan ikusteko parada izango da. Zuzenean, soinu onarekin eta aretoa berotzeko gogo izugarriarekin. Urteetako musika jakintza guztia, tronpeta eta haize instrumentuetatik jaurtitzeko gogoz. Jendeak dantzatzekoa duen adina. Ikusi eta entzungo dugu, izar guztiak lekuko.

Kokapena

Zentral aretoa
Zentral
Iruñea. Nafarroa

Loturak