‘Clamor’, hilerri katolikoek bazter utzitako haiek ditu gogoan Edurne Rubiok Artiumen

Data

22.07.22 - 22.09.18

Lekua

Araba - Gasteiz

‘Clamor’ filma eskainiko da erakusketarekin batera.
‘Clamor’ filma eskainiko da erakusketarekin batera. (Endika PORTILLO | FOKU)

‘Clamor’ erakusketa aurkeztu du Edurne Rubiok (Burgos, 1974) ostiral honetan Artium Museoan. Izen bereko filman agertzen diren zenbait tokirekin loturiko artxiboko irudiek eta testuek –sorta hautatu bat– osatzen dute Gasteizen ateak ireki dituen erakusketa.

Museoak heriotza ardatz duen filma proiektatuko du. Hiri eta herrien trama urbanotik kanpo kokatutako ehorzlekuetara Rubiok egindako bisitak ditu abiapuntu. «Hilerri katolikoetatik aparteko gune horietan hartu zuten atseden pertsona anonimo, ateo, suizida edo errepresaliatuen hilotzek. Erakusketan ikusgai da, halaber, gune horietako batzuei buruzko argazki dokumentalen eta testuan sorta hautatu bat», adierazi dute.

Orain dela ez askora arte, suizidak eta bataiatu aurretik hildako haurrak ez zituzten onartzen hilerri katolikoetan. Senideek, etsipenak jota, haien gorpuentzako ehorzleku duina bila jardun behar izaten zuten. Haien ehorzlekuek mendia eta haizea partekatzen dituzte fusilatuekin, ateoekin, oinezkoekin, protestanteekin… Hilobi inprobisatuak dira, antzinagoko nekropolien tankera dutenak, hiririk ez zegoen garaiko hilobien tankerakoak. Kanpaiek ez zuten sekula jo «besteentzat» eta, hala ere, hilerritik kanpo, erakundetik kanpo, paisaia bihurtzen da heriotza.

Rubiok ehorzleku horietako batzuk bisitatu zituen bere sorterrian. Eremu horietan «aurkitu dute (…) atsedenlekua apostatek, ernegatuak eta ahantziek». Andrea Cinelek Artium Museoko erakusketarako idatzitako testuan dioenez, «baztertuentzat eraikitako leku horiek ohoratzen dituztenen babesleku dira, ez daudenak omentzeko lekuak, haien oroitzapena eta presentzia landuz; hemen jarraitzen dutenek beren burua aurki dezaketen lekuak. (…) Leku horietan harrigarriena arkitektura-keinu txikien grazia da, tokian egindako marka geometriko eta errespetuzkoak, bere kabuz mintzo den eta denbora gainditzen duen edertasuna».

‘Clamor’ proiektuak, filmaren proiekzioaz gainera, Edurne Rubiok bisitatutako tokietako batzuen zazpi argazki biltzen ditu, haietako bakoitzari buruzko kontakizun labur banarekin batera: Mozoncillo de Juarrosko protestante eta oinezkoentzako beste hilerria, 36ko gerraren hasieran Orbaneja del Castillon fusilatutako hiru gazteren hilobia, Rio Ubierna merindadeko Burdin Aroko nekropolia, Esteparreko hobi komuna, Villaespasako ateoen eta bataiatu gabekoen hilerria…

Artista bisuala


Bruselan du bizilekua Rubiok. Artista bisuala da. Haren praktika testuinguru eta formatu desberdinen artean mugitzen da: performanceak, filmak, soinu-proiektuak eta espazio publikoko esku-hartzeak. «Ikusten dugunaren eta entzuten dugunaren artean tentsioa eragiten duten egoerak sortzen ditu, orainaren, memoriaren eta irudimenaren artean etengabe bidaiatuz. Antropologiatik gertu dagoen lan batekin, narratiba kolektiboak eraikitzen ditu istorio indibidualetatik abiatuta, eta afektuen mende dagoen eta etengabe eraldatzen ari den Historiaren irakurketa subjektiboa proposatzen du», kontatu dute Artium Museotik.

Artistaren lanak Europa osoko antzoki ugaritan aurkeztu dira, baita nazioarteko dokumental jaialdietan ere. 2021ean, São Pauloko 34. Biurtekoan erakutsi zuen bere lana, eta, María Jerez artistarekin lankidetzan, proiektu berri bat sortu zuen, Kaaitheaterren (Brusela) estreinatu zena.

Z aretoa

Z aretoa programa ez da zinema ziklo bat areto batean, ezta erakusketa bat ere. Proiektu honek tarteko espazio bat eraikitzen du, zinemaren lurraldera salto egiten duten artisten eta erakusketa-formatua aztertzen duten zinemagileen lanen inguruan hausnartzeko eta haiek ezagutarazteko. Museoan mugimenduan dagoen irudia pentsatzeko sortutako programa da, eta narrazio-forma berriak bilatzen dituzten autoreak ezagutarazten ditu, historikoki hizkuntza zinematografikoa definitu duten konbentzioak, generoak eta kategorizazioak zalantzan jarriz.

Programaren gaur egungo zikloak Garbiñe Ortega du komisario. Gainera, Artium Museoak argitalpen bat plazaratu du, Andrea Cinel arte-komisarioaren testua duena. Egitasmoan parte hartu duten egileen artean Patricia Esquivias, Rosalind Nashashibi, Eric Baudelaire, Maddi Barber eta Marina Lameiro daude, baita Ainara Elgoibar, Aura Satz eta Ephraim Asili ere.

Erakusketa 
Z aretoan ikus daiteke irailaren 18ra bitarte.

Asteartetik ostiralera 11.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara bisita daiteke. Larunbatetan eta igandetan 11.00etatik 20.00etara.

Doako sarrera igande eta asteazken guztietan, eta gainontzeko egunetan arratsaldez.

Kokapena

Artium Museoa
Francia, 24
Gasteiz. Araba