‘Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak’
2020/03/06 - 2020/08/23
Donostia
Gipuzkoa
ETIKETAK: Tabakalera
Cybernetics
AIPAMENAK

Artista garaikide eta historikoek artearen eta zibernetikaren arteko harremana aztertuko dute ‘Cybernetics of the poor: tutorialak, ariketak eta partiturak’ erakusketan.

Erakusketak 2019an Viena eta Donostia hirien artean egin zen nazioarteko mintegiaren izen bera dauka. Hain zuzen, lankidetza hartatik sortu zen erakusketa-proiektu hau, eta hemendik Vienako Kunsthallera lekualdatuko da aurtengo abenduan. Lankidetza horri esker, artelan berriak sortzeaz gain, aukera izango da zenbait euskal artistaren obrak Vienan ikusgai jartzeko.

‘Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak’ erakusketak abiapuntu duen ideia da zibernetikak ekonomiaren eta politikaren gainean duen nagusitasuna. Zibernetika, grezierako kybernêtikê (gobernatzearen artea) hitzetik eratorria, kontrolatzeko eta gobernatzeko teknika bat izan zen hasieran, eta mugimenduan zeuden objektuen aurrerapena egiaztatzeko erabiltzen zen. Norbert Wiener matematikari estatubatuarrak asmatu zuen 40. hamarkadan, trafikoa kontrolatzeko eta jende multzo handiak gobernatzeko asmoz, baina zapalkuntza eta kontrol teknika gisa erabiltzen hasi zen berehala.

Erakusketak, besteak beste, lau obra berri ditu, egungo zibernetikari erantzuten diotenak, baita azken berrogeita hamar urteetako artisten obrak ere, zibernetikaren jatorrizko ideiari erantzun eta horri aurkaratzen zaizkionak.

Artistek «pobreen zibernetika» gisa uler daitezkeen estrategiak erabiltzen dituzte beren obretan. Ikusleak askotariko obrak ikusiko ditu, hainbat arlori erreferentzia egiten diotenak: musika, herri-kultura, zinea, eskultura eta aktibismoa, besteak beste.

Kasu batzuetan, jolasaren ideiaren bidez islatuta daude plangintzaren eta artearen artean sortzen diren tentsioak, edo sistema baten eta horren subertsioaren artean sortzen direnak. Hain zuzen, jolasaren ideia hori erakusketaz harago joango da eta hurrengo erakusketarekiko lotura gisa balioko du: ‘Bideo-jokoak. Playing Without End’. Erakusketa hori apirilaren 2an zabalduko da.

Azkenik, beste proiektu garrantzitsu bat ere aurkeztuko da urteko lehen hilabete hauetan, zehazki, martxoaren 17an: Julio Le Parc artista argentinarrak Tabakalerarentzat sortutako pieza berri bat. Le Parc aitzindaria izan zen arte «planifikatu» batean mugimendua eta, bere hitzetan, «ezegonkortasunaren printzipioa» txertatzen. Bere ibilbidean, tradizio konstruktibista formala aldatzen duten proposamenak egin ditu nagusiki, jolasari eta esperientzia estetiko berri bati leku eginez.

KOKAPENA
Andre zigarrogileak plaza, 1
Tabakalera
Donostia
Gipuzkoa