‘Denbora hatzen artean’, Rafa Elorzak marrazki sorta ikusgai jarri du Donostian

Data

21.11.26 - 22.02.15

Lekua

Gipuzkoa - Donostia

Rafa Elorza erakusketako protagonistetako batzurekin.
Rafa Elorza erakusketako protagonistetako batzurekin erakusketaren inaugurazioan. (NAIZ)

Suso Ayestaran, 84 urte, ibiltaria eta eskalatzailea; Julio Villar, bidaiaria, 77 urte; Antonio Riaño, eskalatzailea, 82 urte; Carlos Soria, mendizalea, 82 urte; Inés Perez Artacho, atleta, 79 urte; Miguel Vidaurreta, txirrindularia, 91 urte; Eugenio Arretxe, artzaina, 68 urte; Mari Jose Turrillas, 93 urte; Juani Michelena, etxekoandrea, 83 urte. Izen ezagunak batzuk, anonimoak besteak. Eta denen eskuak marraztu eta ikusgai jarri ditu Rafa Elorzak Club Vasco de Camping Elkartearen egoitzan, Donostian. 

Guztira 23 marrazki aurkituko ditu bisitariak. Eta esku bakoitzaren atzean, bizi-istorio bat. «Denak dira gogoeta eragiten didan jendea, eta guztietatik jasotzen dut bizitzarako ikasgairen bat, jarraitzeko bideak erakusten dizkidate, edo miresteko paisaiak, edo babesteko aterpeak edo, batzuetan, baita ihes egin beharreko ekaitzak ere. Ez dakit nork hunkitzen edo inspiratzen nauen gehiago: abenturazale bitxiak, ameslari nekaezinak edo ama sakrifikatuak. Emozioen katalogo intimo bat da liburu hau. Zahartzaroaren atarian, enpatia ariketa bat izan nahi du, lurralde berri baterako atea irekiz, baimen eske, bertara sartu eta egokitzeko». Hala aitortu du Elorzak erakusketaren harira argitara eman duen liburuskan. Erakusketan bertan eros daiteke argitalpena.

Amaren (Purita Urbina) eskuek piztu zioten txinparta. Ama pianoaren aurrean eserita eta Rafa semea atzetik hurbildu eta... «Marrazki bilduma txiki honen abiapuntua hauxe izan zen: esku horiek piano gainean. Bene benetan, askoz lehenago hasi zen hau dena, baina abiapuntu berarekin; esku horiek izan baitziren maitatu ninduten lehenak, zaindu ninduten lehenak, bizitzaren lehenengo pausu baldarretan eutsi nindutenak. Eta hori baino lehenago ere laztandu nindutenak, sabel handituan jarrita nire mugimenduak atzeman nahian. Arratsalde batean, hatzak teklatuaren gainean nola mugitzen zituen begira nengoela, nire kokotsa bere sorbaldaren gainean jarrita, liluratu egin ninduen irudi horrek. Eta marraztu egin nuen», irakur daiteke.

Eta 23 lanekin batera, oroitzapen bat, Rafaren aitarena (Agustin Elorza). «Orain urte batzuk hil zen. Marrazkia hutsa dago, ausentzia adierazten du», adierazi dio NAIZi egileak.

Marrazkizalea da txiki-txikitatik Elorza, eta marrazkigintzan eta margolaritzan aritu izan da modu autodidaktan. «Eskuaren keinuak amaigabeak dira eta ezin konta ahala aukera eskaintzen dituzte, marrazki bakoitza errepikaezin bihurtuz. Hala egindako asko galduta dauzkat. Testu-apunteetako blok baten ertzean, inprimagailuko paper birziklatuan edo karpeta baten atzealdean egindako marrazkiak ziren, ez ziren beste batzuei erakusteko eginak. Barne bulkada baten ondorio hutsa ziren, ez hartzaile jakin batentzat marraztuak. Ez dakit artea zer den, ez zait axola; ez dakit artista izatea zer den; ez naiz artista sentitzen, baina badakit gustatu egiten zaidala marraztea, batzuetan marraztu beharra daukadala», idatzi du liburuskan. 

Bere ezkerreko eskua askotan marraztu du Elorzak. Bi adibide ikus daitezke erakusketan bertan. «Kontzentrazio ariketa bat bada, erabat harrapatzen nauen eta buruko korapiloak askatzen laguntzen didan ariketa da» bere esanetan. Eta amaren eskuen lehen marrazki hark erakutsi zion are hipnotikoagoa eta erakargarriagoa izan daitekeela beste pertsona batzuen eskuak marraztea. «Batez ere adineko jendearen eskuak, esku zailduak, denboraren aztarna berekin daramaten eskuak. Esku horien zimur, tolestura eta kozkorretan murgiltzen naizenean, bidaia bat egiten dut, hain zuzen ere, nik baino lehenago marraztu dituen biografian barrena. Haur baten eskuen geografian etorkizunez betetako horizonte bat ikus dezaket; zahar baten eskuetan, aldiz, iraganeko istorio hunkigarriak eta oroiminak, baina baita denboran metatutako altxorrak eta arduraz gordetako esperientzia errepikaezinak ere, oraina aberasten dutenak».

Erakusketan eskuen bidez parte hartu duten adineko pertsonak aktiboak dira. Club Vasco de Camping Elkartearen lehendakaria izanik mendizale ugari ezagutzen ditu, adinean gora egin arren zaletasunarekin jarraitzen dutenak. «Ezagutzen dudan jendeaz eta egiten dituzten gauzez pentsatzen jarrita, konturatu nintzen batzuek gauza harrigarriak egiten dituztela eta beste batzuek,
berriz, egindako gauzak harrigarri bihurtzen dituztela», esan du.

Marrazkietan ere eskuak modu aktiboan daude. Zerbait egiten ari dira. Eta zeregin hori sinbolizatzen duen objekturen bat –pioleta, bizikletaren manilarra, argazki kamera, josteko makina...– bat dute hatz artean. «Garrantzitsua da eskuak bakarrik ez, objektua ere marraztea».

Gustura dago erakusketarekin. Horren bitartez esker ona adierazi nahi izan die guztiei. Protagonista bakoitza arrazoi desberdinagatik aukeratu zuen. «Batzuk lotura afektiboagatik, beste batzuk miresten ditudalako, beste batzuk jakin-minez. Denak dira gogoeta eragiten didan jendea, eta guztietatik jasotzen dut bizitzarako ikasgairen bat, jarraitzeko bideak erakusten dizkidate, edo miresteko paisaiak, edo babesteko aterpeak edo, batzuetan, baita ihes egin beharreko ekaitzak ere. Ez dakit nork hunkitzen edo inspiratzen nauen gehiago: abenturazale bitxiak, ameslari nekaezinak edo ama sakrifikatuak».

Otsailaren 15a bitartean dago ikusgai erakusketa Prim kaleko egoitzan –sarrera Gernikako Arbola kaletik da–. Ordutegia 16.30etik 20.30era da astegunetan, sarrera doan.

Kokapena

Club Vasco de Camping Elkartea
Prim Kalea, 35
Donostia. Gipuzkoa