Diabolo Kiwik disko berria aurkeztuko du Izpuran

Data

21.10.16 - 21.10.16

Lekua

Nafaroa Behera - Izpura

diabolo kiwi

Disko berria eskuartean dutela, Diabolo Kiwi funk taldeak Izpuran emango du ezagutzera ‘Uhin galduak’ lana. Izpurako aretoan entseguak egiten aritu ziren lau egunez eta soinu eta argi ekipo ederrarekin prestatu dute aurkezpena. Sarean sarrerak dagoeneko salgai dira, eta larunbatean dena ematera aterako dira garaztarrak.

Diabolo Kiwi laukotea da. Bigarren lana dute hau, eta aurretik ‘Kokinkeriak fini’ lan laburra karrikaratu zuten. Kontzertu handiak eta ttipiak eman dituzte bide guzti honetan, Berri Txarrak taldearekin Seaskaren urteurrenean, EHZ festibalean aurten, edota duela bi urte udan egin zuten bira bitxia; zazpi egunez, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan kontzertu bana eman zuten. Ez dira gelditu, eta urte hasieran Mungiako estudio batean aritu ziren lan berri hau grabatzen. Irailean aurkeztu zutenetik, sarean ere osorik entzun daiteke.

Leire Iribarne Olagarai teklatuetan eta kantuan, Julen Etxeberri baterian, Amaiur Epher gitarretan eta Allande Etxeberri gitarra apalarekin. Funk eta elektro rock entzungarria egiten dute. Giro itzela sortzen dute taularen gainean eta ‘Beroketa funklimatikoa’ bezalako abestiekin kontzertua dantza bilakatzen da.

Izpurako kontzertua mimo handiz prestatu duten aurkezpena izanen da. Eta aurretik Kuartz taldea arduratuko da giroa sortzeaz. Bastidako bikoteak harreman ona du Diabolo Kiwi taldea eta kuadrilarekin, eta garaztarrek harremanak asko zaintzen dituzte. Garaziko gaztetxean edota beste ekimen batzuetan antolatzaile eta ekoizle ere izaten direnez, ezagutza handia dute Euskal Herrian eta kanpoan ere bai. Izpurakoa harreman eta giro on horren erakusgarri izanen delakoan.

Kokapena

Faustin Bentaberri gela
Faustin Bentaberri gela
Izpura. Nafaroa Behera

Loturak