53. Durangoko Azoka
2018/12/05 - 2018/12/09
Durango
Bizkaia
Da
AIPAMENAK

53. Durangoko Azoka abenduaren 5etik 9ra egingo da. Aniztasuna eta berrikuntza dira aurtengo ezaugarri nagusiak. Izan ere, euskal kulturgintzaren plaza osatzen duen espazio bakoitza ekarpen eta proposamen berriarekin dator aurten.

Ohi denez, «azken hilabeteetan euskal kulturak utzitako uzta oparoaren isla» izango da, Zifrak dira horren lekuko: 247 stand, 439 nobedade (304 liburu, 3 disko, 18 aldizkari, argitalpen elektroniko bat eta 23 bestelako), 200dik gora kultur ekitaldi eta 17 autoekoizleen bidez (aurreko urteetan baino bat gehiago).

Sortzaile berriei ere leku egingo die aurten Azokak, Sormen Bekaren bidez: urterokoa izateko jaio den beka honek euskarazko kultur produktu baten sorkuntza lagunduko du eta «oso pozik» daude antolatzaleak, 28 proposamen aurkeztu baitira lehen deialdira. Irabazlearen izena Landakon bertan emango da, abenduaren 9an, eta 2019ko Azokara arte itxaron beharko da «Sormen Bekaren lehen emaitzaz gozatzeko».

Indartsu dator Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza. Euskal zinemagintzak azken urteetan izan duen zabalkundea bultzaka dator Azokara eta, Zugaza zineman egongo den espazio honetan, 11.00tatik 21.00etara ikus-entzunezkoen aurkezpenak izango dira: sortzaileak, aktoreak, zuzendariak… pasako dira bertatik, euren azken lanak eta argia 2019an ikusiko dutenak aurkeztera, tartean ‘Gu, Laboa’, ‘Gure oroitzapenak’, ‘Muga deitzen da pausoa’, ‘Soinujolearen semea’ edo ‘Margolaria’. Azken hiru film hauen aurre-estreinaldiak ere hartuko ditu Irudieneak (gonbidapen bidez), baita Koldo Almandozen ‘Oreina’ filmean (Irizar Saria aurtengo Zinemaldian) oinarritutako hiru film labur eta Telmo Esnalen ‘Dantza’ filmean oinarritutako serie dokumentalaren lehen lanaren estreinaldia ere.

Ehun eskaeratik gora izan dira aurten hamaika urte beteko dituen Ahotsenean parte hartzeko eta, horietatik, 70 kontzertu eta 42 solasaldi eskainiko dituzte. Lehen diskoarekin datozen taldeak, ibilbide luzekoak, popa, trapa, elektronikoa, bakarlariak… «aniztasuna» ez dela faltako ziurtatu dute, ezta solasaldietan ere: musika, literatura, komikigintza eta bertsolaritza izango dira mintzagai nagusiak.

Ahotsenea itxita, Plateruenan jarraituko du musika eskaintzak, formatu handiko kontzertuekin. Huntza (5), Esne Beltza (6), Modus Operandi (7), Anestesia (8) eta Olatz Salvador (9, doan) izango dira protagonistak. Berritasun gisa, Azoka TBrekin elkarlanean, ‘Hautsi Bolumena’ musika saioa egingo da bertatik.

Artistekin elkarriketak, zuzenekoak eta bideoklipak izango dira ‘Hautsi Bolumena’ saio berriaren zutoinak, baina ez da Azoka TBren nobedade bakarra: ibiltaria izango da aurten, eta gune ezberdinetan gertatzen dena kontatuko digute. Azokan bertan, webgunean eta tokian tokiko telebistetan emango dira ekoizpen propioko eduki hauek.

Antzerkiak eta dantzak duen oholtza honetan, egunero ikuskizun bat izango da, ikasle egunean ezik: abenduaren 5a antzerkigintza ezagutarazteko baliatuko dute. Hikaren ‘Txarriboda’ (6), Larruaren ‘Baserri’ (7), pieza laburren maratoia (8) eta Benetan Be-ren ‘Inondik inora’ (9) izango dira protagonistak.

Sortzaileek, erakundeek zein gizarte mugimenduek Areto Nagusian izango dute euren proposamenak aurkezteko abagunea eta, Gogoetaren Plazan, abenduaren 6, 7 eta 8an hiru gai landuko dira: 68ko belaunaldia, sormena eta gaurkotasuna eta kultur transmisioa eskolan.
Garraio publikoaren sarea.

Azokaren geografia ez galzeko.

KOKAPENA
Landako Etorbidea, 6, 48200
Landako Gunea
Durango
Bizkaia
LOTURAK