Eako Poesia Egunak
2018/07/13 - 2018/07/15
EA
Bizkaia
Ea
AIPAMENAK

Lurra gai nagusitzat hartuta, Eako Poesia Egunek aurten ere egitarau oparoa eskainiko diote literaturazaleari uda bete-betean uztailaren 13tik 15era. Itsasoarekin bat eginda, hitzaldiak, errezitalak, kontzertuak, antzerki eta bestelako arte adierazpenak uztartuko dira Bizkaiko herri txiki honetan. 15 urte igaro dira Gabriel Arestiren azken urteek eman zutenekoa gogoratzen hasi zirenetik eta, egun, Euskal Herriko kultur panoraman zita garrantzitsua betetzen dute Poesia Egunek.

Jon Miranderen ‘Haur besoetakoa’ aztertuz abiatuko ditu Amaia Elizalde kultur ikasketetan adituak aurtengo Poesia Egunetako saioak. Amaia Elizaldek «Miranderen irakurketa berri bat proposatzea» du helburu ostiral arratsaldeko saioan. Ostean, Mizel Theret dantzariak Mikel Laboaren lan esperimentalenekin bat egin eta “Lekeitioak” dantzarekin uztartuko ditu.
Larunbat goizean New Yorkeko egonalditik itzuli berri den Ibai Atutxa literatur ikertzailearen hitzaldiarekin ekingo diote jardunari Eako Eskolondon.

Lurraldeak eta bestelako intimitateak aztertuko ditu Atutxak, eta horretarako, azken labealdian argitaratu ziren hiru liburu hartuko ditu ikergai: Eider Rodriguezen ‘Bihotz handiegia’, Uxue Alberdiren ‘Jenisjoplin‘ eta Danele Sarriugarteren ‘Azala erre’. Lurraldetasunari buruzko aztergaiak eta intimitate ez-normatiboak aztertzea izango du xede Ibai Atutxak.

Hitzaldiaren ostean, poesia errezitala izango da moilan. Itsasoaren aurrean beren liburuetako poemak jendaurrean irakurtzen arituko dira Martin Bidaur eta Juanjo Olasagarre. ‘Itzulera’ eta ‘Ia hemen’ liburuetako poemak aditzeko, Trizak jazz taldearen doinuak lagungarri izango dira eguerdiko saioan.

Bazkalostean, Metrokoadroka sormen laborategiak, bere hamargarren urteurrenaren karietara ‘Zanbuia!’ saio berezi eta bakarra prestatuko du herrian zehar. 15 sortzaile ezberdin arituko dira kalez kale umorea, performancea, arte plastikoak, zirkua eta kale antzerkia eskainiz. Aste osoa Ean bizitzen emango dute, eta hortik ateratzen denaren emaitza izango da larunbat arratsaldeko saioa. Iluntzean beste poesia errezital bat entzuteko parada izango da. ‘Parrapean’ saioan, Violeta Parra eta Nicanor Parra neba-arreben kantu eta poemak eskainiko dituzte Josu Landa, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Gotzon Barandiaranek. Gaueko azken ekitaldia Miceren kontzertua izango da.

Mari Luz Esteban Antropologia irakasle eta poetak hitzaldi batean errealitatean, fikzioan eta utopian murgilduz, lurra, animaliak eta emakumeak aztertuko ditu. Helburua bizitzaren irakurketa egin eta aukera alternatiboak arakatzea izango da. Haren hitzaldia izango da igande goizeko lehen ekitaldia. Azterketa sakonen eta poema batzuen irakurketaren ostean, moilan beste kontzertu bat izango da. Protagonista Joxean Artzeren poemak musikatu dituen eMe taldea izango da, eta ondoan Oier Guillan poeta izango dute, testuekin kolaboratzen. Urteroko bazkariaren ostean, Eako erreka ondoko frontoian La Basuren rap doinuek itxiko dituzte aurtengo poesia egunak. La Basuk ‘Ni naiz izotz erregina’ diskoko kantuekin kaleko musika kostaldera ekarri eta bertaratutakoak dantzan jartzen ahaleginduko da.

KOKAPENA
Zenbait tokitan
EA
Bizkaia